Adin txikiko bati sexu erasoa egitea leporatuta 27 urteko gazte bat atxilotu dute, Tolosan

Ataria 2018ko maiatzaren 28a

Duela hilabete beste eraso bat gaitzetsi zuten Tolosan

Apirilaren 8an gertatu zen erasoa Ibarrako etxebizitza batean, Ertzaintzak azaldutakoaren arabera. Biktima adin txikikoa da, tolosarra, eta ostiralean jarri zuen salaketa.

Adin txikiko neska bati sexu erasoa egitea leporatuta 27 urtezko gizonezko bat atxilotu zuen Ertzaintzak larunbat goizean Tolosan, eta epailearen aurretik pasa ostean, espetxeratu egin dute.

Tolosako eta Ibarrako udalek adierazpen bateratua argitaratu dute, eta "irmoki gaitzetsi" dute "gertatutako sexu erasoa". Bide batez, "sexu erasoa jasan duen emakumeari zuzeneko elkartasuna eta babesa" adierazi diote bi udalek, eta "indarkeria mota honi aurre egiteko" dituzten zerbitzuak eta tresnak bere eskura jarri dituzte.

Bi udalek, herrietako mugimendu feministekin eta emakumeen elkarteekin bat eginda, 15 minutuko elkarretaratzea deitu dute bihar arratsalderako. Elkarretaratzea 19:00etan izango da, Tolosako Plaza Zaharrean, Indarkeria sexistarik gabeko herri baten alde lelopean, eta herritarrei bertaratzeko gonbita egin diete.

Duela hilabete antzeko kasu bat izan zen Tolosan. Apirilaren 19an 76 urteko gizonezko bat espetxeratu zuten, Tolosako etxebizitza batean emakume bat bortxatu zuela leporatuta. Salaketa egun batzuk pasa eta gero jarri zuen biktimak, eta kasua ezagutu eta ordu gutxira ehunka herritar batu ziren Plaza Zaharrean sexu erasoa gaitzesteko, Tolosako Udalak, Tolosako Emakume Taldeak eta Mugimendu Feministak egindako deiari erantzunez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!