Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Jexux Murua eta Mikel Artolaren analisiak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 28a, 10:42

Jexux Murua altzotarrari eta Mikel Artola alegiarrari eskatu zaie atzoko buruz buruko finalaren gaineko hausnarketa.

Pilotari liluragarria

Jexux Murua

Pilotazaleon artean beste konturik ez dugu ibili azken bi asteotan: Jokin Altuna eta Aimar Olaizolaren arteko finala. Ze pasa behar du? denon galdera, eta auskalo! denen erantzuna. Eta hiru-lau gauzetan etorri dira bat iritzia eman duten ia guztiak: sakean asmatzen duenak asko izango du irabazia; partida motza komeni zaio Altuna III.ari, eta partida luzatzea Olaizaola II.ari; berdintasun handiko finala da, ez dute elkar hautsiko kolpearekin; eta final hau, beste asko bezala, detaile txikiek erabakiko dute eta hutsik gutxiena egiten duenak irabaziko du.

Sakea beti izan da garrantzitsua, bai orain denak airera jartzen direnean, eta bai lehen botera jartzen zirenean: orain eta lehen premiazkoa izan da sakean asmatzea irabaztekotan. Final honetan halere, ez da hain erabakigarria gertatu, bi sake zuzen eta sake-erremate bakarra egin du Jokinek, eta sake-erremate bakarra Aimarrek saketik tantoa zuzenean egitera lortu gabe. Aimarrek ez dio beste batzuetan adinako errentarik atera bere sake loratuari, sei-kuadro parean horman irristan erortzera jartzera jartzen duen horri; ez zaizkio halako asko atera ere, dena esate aldera, baina halako apurretan errestatzaile bikaina eduki du atzean. Jokinek hobeto sakatu du, ez agian Ezkurdiaren aurkakoan bezainbeste, eta zuzenean atera dion errenta handiegia izan ez bada ere, Aimarrek ere izan du bere meritua horretan, tantoa mugitzen hasteko bidea askotan egin du lehen pilotakada horren bidez.

Berdintasun handiko finala izango zena ez zegoen dudarik eta hala izan da. Partida luzatzea eta gogortzea Aimarri komeni zitzaionaren ustea, ustela gertatu da ordea. Altuna ez da dagonerako 2015ean Jaunarenak eta Aimarrek berak aisa menderatu zuten mutilkoxkorra: zimeldua eta gogortua dago, gorputzez eta buruz; bere aldera erori dira tanto ito gehienak, bereziki, erabakigarria izan den bere hamabosgarrena, sei tantoko aldea ia jan dionean Aimarrek. Txakalaldirik izan badu, ederki disimulatu ez ezik, buelta eman ere egin dio.

Lehen tantotik ikusi da Jokinen intentzioa pilota bizi ibiltzea, Aimarri ezker aiderako pilotarik ez uztea, eta, batik bat, Aimar mugiaraztea zela. Alegia, ez ziola goizuetarrari kantxan bere tokia har zezan utzi nahi, gero, handik, ia hanka geldian bere jokoa egiteko: ezker horman jarritako pilota loratuekin kargatu eta, okasioa etorritakoan, ezker airez, zazta! Berarentzat nahi zuen toki hori Jokinek, handik Aimar batera eta bestera mugiarazteko. Baina hori egin egin behar da, eta askotan lortu du. Horregatik irabazi dio. Tantoak luzatzeko beldurrik gabe, ezker airez, eskuin boleaz edo sotamanoz, eskuinera, ezkerrera... batera eta bestera ibili arazi du aurkaria; eta nobedade berri bat, bere gelako ikasle finena dela erakutsi dio maisu handiari: eskuinez botera Aimarrek aurkariei jarri izan dien penitentzia bera ezarri dio Jokinek berari, pilota ezker-horman txintxilika jarriz behin eta berriz, entregatu arte eta, gero, ezker gantxoz, zazta!  Eta sufritzea tokatu zaionean, sufritzen jakin du, nola gainera. Ezkurdiaren aurka erakutsi zuen, eta baita gaur ere.

Pentsatua zutena bete-betean egin duela esango nuke. Liluratu gaitu erasoan eta liluratu gaitu eusteko garaian. Ez du apenas oparirik egin, ausart jokatu du hala zegokionena, ia erabaki guztietan asmatu du, eta horrelaxe egin beharra zaukan txapeldun izateko, are, Aimar Olaizola bezain txapeldun handi bati irabaztekotan. Eta merezimendu osoz irabazi dio.

Amezketan txapelduna dute berriro. Txapeldun liluragarria. Zorionak guztioi, batik bat, hiri, Jokin!

Hamabosgarrena

Mikel Artola

Hogeita bi egitean irabazten omen dira partidak, baina batzuetan izaten dira azkenaren kutsua izaten duten lehenagoko tantoak ere. Horietako bat izan zen Jokin Altunak egin zuen hamabosgarrena: batera eta bestera ibili eta gero, Aimar Olaizolak gurutzatzen asmatu ez, eta bi pareta boleaz; erraza ematen du horrela ikusita. Bolada ona harrapatua zuen Aimarrek, eta bazirudien Jokin mottelaldia pasatzen ari zela.

Baina horrelakoetan egin litekeen gauzarik onena egin zuen, tanto gogorra jokatu eta modu dotorean amaitu, aurkaria oinak lurrean itsatsita utzita.

Partidako tanto garrantzitsuena lortzeaz gain, ia dena bikain egin zuen Jokinek atzo, txapelketa osoan bezala. Hasieratik ikusi zen bakoitza zertara etorri zen. Handia da Bilboko frontisa, baina hauentzat gehiena soberan dago: ertzetatik bi metrora arrasto bat markatuko bagenu lauki bat eginez, erdian geratzen den guztia balekoa ez balitz bezala jokatzen dute. Olaizola batez ere goiko txaparen bila, ona etortzean behekoa aurkitzeko asmoz. Eta Altuna berriz ezker eta eskubi pilota bizi mugituz, korri egitekotan hobea baita besteak egitea. Nahiz eta biek egin bietatik, taktika horrekin aritu zirela esango nuke partida osoan zehar, eta Jokinen hamaikagarren eta hamabigarren tantoetan nabarmendu zen Aimar pilota atzeratzeko nahiko lanekin zebilela. Horretan zeukan, ziur asko, partida ateratzeko modu bakarra, baina ez zuen pilota nahi bezala gozatu. Jokinek, aldiz, hasieratik bukaerara asmatu zuen pilota nahi zuen lekuan jartzen, eta Aimarrek berak askotan egiten duena egin zuen erditik aurrera, ezker paretan, juxtu eskua sartu behar den lekuan jarri. Ez dago hobeto egiterik.

Dena den, hobeto egin daitekeena eta egiten dakiena sakea da. Batez ere erdira arte Ezkurdiaren aurka baino gutxiago sakatu zuela esango nuke. Ezker pareta gehitxo batzuetan, eta batere jo ez zuen bakarren bat edo beste ere bai. Ez zuen ordea gehiagoren beharrik izan, besteak beste Aimarrek berak ere ez zuelako asmatu horretan. Hantxe joango zela uste genuen askok partida, baina ikusleen gozamenerako, ez zen hala gertatu. Tanto borrokatuak eta ederrak jokatu zituzten.

Eta ez nituzke aipatu gabe utzi nahi askotan suerteari egozten zaizkion Altunaren hiru tanto. Aimarrek bukatzeko izan zitzakeen hiru ezkerkada erraz harrapatu zizkion Jokinek, bat txokoan eta bi zabalean.

Batera edo bestera abiatu behar izaten du horrelakoetan defentsan ari denak, eta ehuneko berrogeita hamarreko aukera izaten dela esan ohi da. Ez nuke leporik jokatuko horrela dela esanez. Hirutik hiru asmatu zizkion atzo Olaizolari, eta hori ez da ehuneko berrogeita hamarra… Zorionak, Jokin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!