Prozesu berriaren abiapuntua

Ataria 2018ko maiatzaren 24a

Emakumeen Etxea definitzeko parte-hartze prozesuaren lehen bilera egin zuten, atzo arratsaldean, Tolosako udaletxeko pleno aretoan. Bertan, eskualdeko 70 herritar inguru bildu ziren, euren zalantzak eta ideiak adierazteko asmoz.

Atzo, Emakumeen Etxea definitzeko herritarrei zabaldutako lehen bilera egin zuten Tolosan, eta bertan, Elhuyar fundazioko Aizaga Zeberiok eta Aizpea Otaegik emandako azalpenak, atentzio handiz entzun zituzten udaletxeko pleno aretora gerturatu ziren 70 emakume inguruk. Gainera, motz geratu zitzaizkien aurreikuspenak antolatzaileei. 20 bat pertsona espero zituzten, eta eskualdeko emakumeek atzo emandako erantzuna "benetan pozgarria" izan zela adierazi zuten.

Bileran, datozen 8 hilabeteetan, Emakumeen etxea definitzeko proiektu honek garatuko duen prozesuaren berri eman zuten. Prozesu horren inguruko azalpenak Aizaga Zeberiok eman zituen, eta amaieran, herritarrek entzundakoaren inguruan zituzten zalantzak entzun, eta horiek argitzen ahalegindu zen. Olatz Peon Tolosako alkateak eta Onintza Lasa oposizioko kideak ere lagundu zuten azalpenak ahalik eta argienak izan zitezen.

Prozesu honen barruan hiru talde edo multzo ezberdin bereizten dira. Batetik, 2016an sortutako lan-talde tekniko-politikoa, bestetik, talde motorra edo eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanakoek eta berdintasun teknikariak osatutakoa), eta azkenik, Emakumeen Gune Irekia (interesa duten emakume orok osatua).

Atzo, herritarrek zenbait zalantza izan zituzten proiektu honen inguruan: Lan -talde tekniko-politikoaren aldetik, proiektuak izango duen bermea zenbaterainokoa izango den, Emakumeen Gune Irekiak zenbaterainoko esku-hartzea izango duen talde motorrak hartutako erabakietan edota talde eragile horren lana zenbateraino egongo den baldintzatuta, talde hori osatzen duten kide kopuruak kontuan hartuta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!