Emakumeen Etxea definitzeko parte hartze prozesu irekia jarri du abian Tolosako Udalak

Imanol Garcia Landa 2018ko mai. 21a, 14:08

Tolosako Udaletik zein emakumeen taldeetatik parte hartze prozesuan parte hartzeko deia egin dute.

Emakumeen Etxearen partaidetza prozesua martxan jarriko dela aurkeztea "pozgarria" dela esan du Olatz Peon alkateak. "Ez zen atzo hasi zen proiektu bat. Aurten partaidetza prozesu hori martxan jarriko dugu, errealitatea izan dadin eta gauzatzeko", gaineratu du Peonek.

Maria Luisa Agirre Doktorearen kalean aurkeztu dute asteazkenean hasiko den parte hartze prozesua Peonek eta emakume taldeen ordezkaritzak. Prozesuak hiru talde eta bi epealdi barneratuko ditu: 2016an sortutako lan-talde tekniko-politikoa, talde eragilea (mugimendu feministaren ordezkariek, emakumeen taldekoek, norbanakoek eta berdintasun teknikariak osatutakoa) eta Emakumeen Gune Irekia (interesa duten emakume orok osatua). Peonek animatu ditu Tolosako eta Tolosaldeko emakume guztiek parte hartzera gune ireki horretan. Alkateak azpimarratu du asteazkenekoa dela Emakumeen Etxearen inguruan udalak egingo duen “lehen bilera irekia, eta hortaz prozesuaren abiapuntua”.

Hiru talde horiek, bi epealditan banatutako prozesuaren kide izango dira. Maiatza eta ekaina bitarte, gutxi gorabehera, 5 saio egingo dira: etxearen printzipioak, filosofia, erabilera, helburuak, lan-ildoak... definitzeko. Iraila eta azaroa artean, berriz, 3 edo 4 saio egingo dira: antolamendua, zerbitzuak, baliabideak, kudeaketa, izena bera eta abar zehazteko.

Bi blokeetako lehenari asteazken honetan bertan, beraz, emango zaio hasiera. Honakoa izango da egutegia: asteazkenean, maiatzak 23, Emakumeen Gune Irekiaren bilera, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. Ostegunean, maiatzak 24, Talde Eragilearen bilera, 19:00etan, Tolosako udaletxean. Maiatzaren 30ean, Talde Eragilearen bigarren bilera, 19:00etan, Tolosako udaletxean. Ekainaren 6an, Talde Eragilearen hirugarren bilera, 19:00etan, Tolosako udaletxean. Eta azkenik, ekainaren 13an, Emakumeen Gune Irekiaren bigarren bilera, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian.

Emakumeen Etxearen bidez, Peonek nabarmendu du helburu dutela emakumeen arteko "topaketarako, eztabaidarako eta hausnarketarako" gunea sortzea Tolosan: “Gune horren bitartez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, benetakoa eta eraginkorra, bizitzako edozer arlotan lortzeko politika, programa eta proiektuetan eragin nahi da. Gunea erreferente izatea nahi dugu, bai udalerriko emakume guztientzat, bai eskualdeko emakumeentzat ere”.

Parte hartze prozesuaren aurkezpenean hitza hartu du Tarana Karim Tolosaldeko Asanblada Feministako kideak, eta "emakume guztiontzat topaleku izango den Emakumeen Etxea" izatea lortu dutela ospatu du. "Urtetan eskualdeko feministok egindako aldarrikapenak argia ikusiko du", gaineratu du, eta argi utzi nahi izan du "azken urte eta hilabeteetan hainbat feministek egin dugun lanaren emaitza dela hori: berdintasun batzordeetan gure eskaera eginez, emakume batzarrak antolatuz, Emakumeen Etxeak zer diren azalduz, sinadura bilketak eginez...". Eta, bide batez, parte hartu duten emakume guztiak zoriondu ditu.

Bestalde, "ilusio handiz" ekingo diotela azaldu du Karimek abian jarriko den parte hartze prozesuari. "Hain zuzen, emakumeoi dagokigu nolako etxea nahi dugun erabakitzea", zehaztu du, eta deia egin du eskualdeko emakumeei asteazkenean abiatuko den prozesuan parte hartzera. "Gu bertan izango gara, eta elkarrekin aniztasunean erabaki nahi dugu guretzat mugarri izango den Emakumeen Etxea".

Tolosaldean feministak "indartsu" daudela esan du Karimek. Martxoaren 8ko greba feministan argi utzi zutela esan du, eta horren harira sortu zutela eta martxan dutela Tolosaldeko Asanblada Feminista. "Emakume asko ari gara bertan parte hartzen eta eta irekia dago emakume guztiei. Asanbladatik eremu askotan lan egin beharko dugu egungo jendartea aldatzeko, baina momentu honetan Emakumeen Etxea izango da gure erronka nagusia". Karimek gaineratu duenez, "oso beharrezkoa iruditzen zaigu eskualdeko emakume guztiontzat erreferente izango den gune hau eraikitzea, horrela, elkar ezagutzen eta saretzen jarraitzeko". Prozesua "ederra " izaten ari dela eta emaitza ere "ziur ederra" izango dela esan du. Azkenik, Tolosaldeko Asanblada Feministatik eskertu diete Tolosaldeko udalei "kolaboratzeko agertu duten jarreragatik", eta "bereziki Tolosakoari eta bertako Berdintasun sailari, bitartekoak jartzeagatik".

20.500 euroko aurrekontua

Tolosako Udalaren Berdintasun Sailaren 2018ko aurrekontuan, 20.500 euroko diru kopurua aurreikusi da, proiektu horren inguruan prozesu parte hartzailea gauzatzeko, hain justu, Tolosatzen proiektuaren barruan. Behin, proiektua emakumeen artean definitua eta adostua dagoenean, herriari eta eskualdeari zabalduko zaio, urtearen amaieran. Helburu du herriko eta eskualdeko eragile sozialak, kulturalak, alderdi politikoak eta abarren ekarpenak eta hausnarketak jasotzea.

Emakumeen Etxea gauzatzeko proiektua Berdintasun sailean zein udal mailan gauzatu diren ikerketa eta planetan barneratu da, alkateak agerraldian azaldu duen eran: "Proiektu hau aldarrikatu zen 'Tolosako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako II, Planaren (2009-2011)' ebaluazioan, eta horri jarraituz, 2015ean, 'Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Diagnostikoa eta III. Planean, 2015-2020' jasotzen da emakumeentzako espazio fisiko bat sortzeko beharra". 2016an, Tolosatzen proiektuaren barruan gauzatutako '2017-2017 Tolosako Plangintza Partekatuan', orain arte aldarrikapen bat izan zena, neurri zehatz bihurtzen da: "Tolosan emakumeentzako etxe/gune bat antolatzearen egokitasuna eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko partaidetza-prozesuak erraztu eta estrukturak eta mekanismoak sortzeko pausoak emateko konpromisoa hartuz".

Udalean lanketa aurretiaz hasia dela esan du Peonek. 2016an, udaleko ordezkariek eta emakumeen taldeko kide batzuk Basauriko eta Donostiako emakume etxeetara joan ziren, gune horietan emandako esperientziak aztertzeko eta Tolosako proiektuaren abiapuntu bat izateko. Urte horretan, era berean, Emakumeen Etxearen lan-talde politiko-teknikoa sortu zen: talde horretan, udal gobernua, oposizioko zinegotziak eta emakumeen ordezkariak batzen dira hilabetean behin, gutxi gorabehera. Peonek zehaztu duenez, talde horren helburua da, besteak beste, "elkarlanean proiektua kokatzea eta gutxieneko batzuk mahai horretan definitzea eta adostea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!