Tolosak aurrera egin du Herriartekoan; Anoeta eta Villabona, kalera

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 22a, 15:40

Gomazko paletako Herriarteko Txapelketako final laurdenetara pasa da Tolosa, Anoeta gaindituta. Amasa-Villabonak ezin izan du Azkoitiaren aurka.

Joaneko jardunaldian anoetarrak 2-1 nagusitu baziren ere, tolosarrek markagailua irauli eta tanteoagatik aurrea egitea lortu dute. Zortzi tantoko aldea lortu zuen Anoetak joanekoan; itzuleran, ordea, Tolosak 17 tantoko aldea atera zion Anoetari.

Banakako neurketa izan zen erabakigarriena. Odei Arregik 5-20 irabazi zion Jokin Tolosa anoetarrari.

Binakakoan, Tolosako Iraola eta Mendigain izan ziren garaile, Luixa eta Luluagaren aurka: 15-20. 7ko banakakoan, Luixak eta Agirrek jokatu zuten, eta Luixak lortu zuen garaipena: 20-17.

Amasa-Villabonak, aldiz, neurketa guztiak galduta esan dio agur Herriartekoari. Azkoitiak bi jardunaldiak 3-0 irabazi ditu. Banakakoan Otañok 8-20 galdu zuen Epelderen aurka. Binakakoan, Ayerzak eta Otaegik osatutako bikoteak 4-20 galdu zuen Azpiroz eta Juaristiren aurka. 7 barruan, berriz, Maizek 8-20 galdu zuen Aizpururen aurka.

Horrenbestez, eskualdeko talde bakarra izango da Herriarteko txapelketako final laurdenetan, gomazko paleta modalitatean: Tolosa. Tolosarrek Astigarraga garaitzetik datorren Zumarragaren aurka jokatu beharko dute hurrengo kanporaketa. Joanekoa asteburu honetan jokatuko da Zumarragan, eta itzulera, ekaineko lehen asteburuan, Beotibarren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!