Tolosaldean ere euskarari beste aire ufada bat emateko gogoz

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 22a, 19:06

Euskaraldiaren aurkezpena gaur, Zizurkilen.

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldia ospatuko da Euskal Herri osoan; eskualdeko 28 herrietatik 25ek eman dute izena «ariketa sozial honen antolaketan parte hartzeko».

Euskal Herri osoko 300 herri baino gehiagok eman dute izena jada, azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den Euskaraldiaren antolaketan, eta horietako 25 Tolosaldekoak dira. Udal ordezkari horiek guztiak elkartu dira gaur, Zizurkilen, herritarrekin batera, Euskaraldiarekin bat egiten dutela adierazteko.
Euskaraldia euskararen erabilera hauspotzeko antolatutako egitasmoa da eta iraungo duen 11 egunetan «euskaldunak direnen eta euskara ulertzen dutenen hizkuntza ohiturei eragitea» izango da helburua.

«Argi dugu oraingo honetan jauzi bat eman behar dugula. Euskaraldia ariketa sozial erraldoi bat da, ez euskararen aldekotasuna adierazteko kanpaina bat», zehaztu du Jokin Azkue Tolosako zinegotziak.
Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarte hizkuntza ohiturak aldatzeko eta euskararen erabilera hazteko ariketa egingo dute parte hartzaileek. «Horretarako, herritarrek Ahobizi eta Belarriprest gisa eman ahalko dute izena udazkenean», gaineratu du Azkuek. Euskaraldian parte hartzen duten herritarrek, hortaz, «ariketa» egin beharko dute euskara praktikatuz edo erabiliz. «11 egun horietan euskara ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko duen pertsona izango da Ahobizia. Era berean, ezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo die», azaldu zuen Nora Iñurrita Irurako Euskaraldia antolatzen ari den taldeko kideetako batek. Belarriprest figura aukeratzen dutenek, aldiz, «euskara dakienari euskaraz aritzeko gonbita egingo diete». «Euskara ulertzea da gutxieneko baldintza, baina hitz egiteko gaitasunari dagokionez, hitz egiteko gaitasun txikia duten pertsonak eta oso ondo moldatzen direnak izan daitezke. Hainbat arrazoi tarteko, 11 egunetan aho bizi izateko prest ez daudela uste dutenak ere Belarriprest izan daitezke», azaldu du.

Zizurkilen bildutako udal ordezkari zein herritarrek hortaz, Euskaraldian parte hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei, eta euren esku utzi «kolkoan zein txapa jantzi nahi duten». «Baina hori guztia aurrera eramateko lanean hasi dira eskualdeko hainbat herri. Beste batzuk ere buruan dute lanketarekin hastea, herri bakoitza bere erritmoan. Guztiek batera modu koordinatuan lan egiteko erabakia ere hartu dugu, gure eskualdean euskaraz bizitzea posible dela bistarazi nahi baitugu, 11 egun horietan aukera praktikan jarriz», esan du Iñurritak.

Errealitate desberdinak
Tolosaldeko herri gehienek hartu dute Euskaraldian parte hartzeko eta euren artean koordinatzeko konpromisoa. Gaurko agerraldian argi utzi dute errealitate desberdinak dituztela, baina horri aurre egin eta euskararen erabilera hauspotzeko aukera ere izango dutela nabarmendu dute. «Gure eskualdeko herriek errealitate desberdina bizi dute. Baina kontuan izan behar dugu gutariko ia denek herritik kanpora ere oso maiz jo behar izaten dugula. Euskal Herri osoan batera horrelako ariketa bat garatzeak are eta zentzu gehiago ematen dio gure eskualdean Euskaraldia bultzatzeari». Horiek horrela, «lanean, etxean, kalean edota lagunartean euskara zabaldu eta mihia astintzeko aukera ederra dugu parean».
Euskaraldia badatorrela esanaz eta martxan daudela esanaz animatu nahi izan dituzte euskaldunak eta euskaraz ulertzen dutenak ekimenean parte hartzera. «Gu martxan gaude eta 11 egun horiek baliatu nahi ditugu euskarari beste aire ufada bat emateko Tolosaldean ere», azaldu du Iñurritak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!