Elkarrekin aritu zineten lehengo traineru hartan. Nola gogoratzen duzue garai hura?
Maialen Azaldegi. Nik oso oroitzapen politak ditut. Aurreko urteetan batelen denboraldiarekin amaitzen genuen, baina, trainerua osatzeko aukera eman zigutenean, gizonen parean jartzeko aukera ikusi genuen. Horren aurretik pentsatu ere ez zen egiten hori eta, gutxiago, Tolosakoak izanda.
Ainhoa Lopetegi. 2008a zen, eta Expoa izan zen Zaragozan. Euskadiren eguna baliatuz, TKE liga bertan hasi zen. Emakumeok, berriz, Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioak osatu eta han jokatu genuen lehen traineru estropada. Gero Gipuzkoako txapelketa jokatu genuen Donostian, eta Euskadikoa Lekeition, eta haien ondoren iritsi zen Kontxa. TAK-ek bere trainerua sortu nahi zuen, baina ez zen erraza: Tolosak ez dauka itsasorik eta TAK-ek ez zeukan ontzirik. Oriorekin harremanetan jarri ziren, eta ontzia utzi ziguten.
M.A. Gainera, gaur egun traineruari begira prestatzen dute urtea, baina guk batel denboraldia prestatzen genuen, eta jendeak sekulako esfortzua egin zuen.
Naroa Urkola. Lehen urtea zaila izan zen, baina ilusio handia genuen. Barrualdeko herri bat izanda, gainera, egunero-egunero kostaldera joan-etorria egin behar izaten genuen entrenatzeko. Gure arteko harremana izugarri estutu zuen horrek, baina, aldi berean, nekagarria zen oso.
M.A. Nik uste dut talde-giro hori horregatik lortu genuela: autoan egindako bidaiek asko laguntzen dute. Kuadrillako lagunekin baino askoz ere denbora gehiago pasatzen genuen taldekoekin; nahiz eta urteak pasatu, beti izango dugu lotura berezi bat.
Lehen aldiz traineruan, eta lehen aldiz Kontxan, zuek eta emakumeak, oro har.
A.L. Gogoan dut ahoa betetzen zitzaigula Kontxarekin; Kontxa, Kontxa eta Kontxa. Pentsa, halako historia daukan estropada batean, bat-batean, emakumeok lehen aldiz parte hartzea, izugarria zen. Gainera, oihartzun handia izan zuen. Era berean, bazirudien mesede moduko bat egiten ari zitzaizkigula, parte hartzen uztearekin. Eta ez, guk demostratu egin nahi genuen ahal genula.
N.U. Oso itsaso txarra izan genuen. Joan den irailean haizea handiagoa zen, eta olatuak gehiago puskatzen zuen; arriskutsuago zegoen. Gaur egun, ordea, emakumeok prestatuago gaude itsaso horri aurre egiteko; gu, duela hamar urte, ez geunden prest. Baina estropada hura jokatu beharra zegoen.
M.A. Ezin zen bertan behera utzi, lehen aldia zelako. Urte hartan bertan behera utzi izan balitz, batek daki hurrengo urteetan zer gerta zitekeen.
A. L. Nik izugarri ondo pasatu nuen. Sekulako grina nuen, eta olatu haiek ikusi ere ez nituen egiten: «Eman, eman eta eman, Kontxan nago-eta».
M.A. Sekulakoa izan zen. Gainera, sailkapena iraileko bigarren larunbatean jokatu genuen, eta jendea guregatik bakarrik joan zen ikustera; arrapalako une haiek izugarriak izan ziren.
Tolosaldeak trainerua izango du aurten. Nola hartu zenuten berria?
A. L. Harriduraz eta ilusio handiz hartu nuen berria eta, aldi berean, pentsatu nuen ez dudala nahi anekdota hutsean geratzerik.
M.A. Niri TAK-eko batzuek eman zidaten albistea, eta ilusio handiz hartu nuen, horrek taldeko jende gaztearengan gogoa eta motibazioa ere pizten baititu, arraunean jarraitzeko. TAK-ek berriro erronka horri heltzea oso aberasgarria iruditzen zait, batez ere, proiektua bertako arraunlariekin garatu nahi dutelako, harrobiari begira. Epe luzeko ikuspegia oso interesgarria da.
N.U. Arraunlariak eta entrenatzaileak pozik daude. Ni asko poztu nintzen traineruarena jakin nuenean, baina, aldi berean, nire artean pentsatu nuen: «Ze gogorra!». TAK bateletan hasten dela kontuan izanda eta, lehen urtea izanda, gogorra egingo zaie. Baina oso aberasgarria, aldi berean.
Inbidia pixka bat sentitu zenuten?
A. L. Niri harra aspaldi joan zitzaidan [Barreak].
N.U. Nik arraunean jarraitzen dut Donostiarran.
M.A. Nik beti sentituko dut inbidia pixka bat. Urteekin norbere bizitza ere aldatu egiten da, eta ezinezkoa da arraunean jarraitzea, baina, nik errekan norbait ikusten dudanean, beti sentitzen dut inbidia. Eta Kontxara joaten banaiz, zer esanik ez. Arraunarekiko lotura hori betiko izango da.
Tolosaren eta Getaria-Tolosaren ibilbidea amaitu zenez geroztik, nola ikusi duzue emakumezkoen arraunak izan duen garapena?
M.A. Eliteko kirol bilakatu da.
A.L. Nik esango nuke, batez ere prestakuntza aldatu dela, eta afizioak ere barneratu duela emakumezkoen arrauna.
N.U. Aurrerapauso nabarmenak eman ditugula uste dut; pentsa, bi liga sortzera goaz aurten. Borroka egin behar izan dugu, bai, baina lorpenak ere iritsi dira. Emakumeon arraunak oso historia laburra dauka, baina urratsak eman ditugu gure lanari eta prestakuntzari ikusgarritasuna emateko.
M.A. Hamar urte pasatu dira, baina hamarkada bat ez zait hain epe luzea iruditzen; saltoa oso handia da.
A.L. Gizartean ere nabari da emakume arraunlariarekiko errespetua.
M.A. Bai, eta errespetu hori hasieratik erakutsi izan dutenak gizonezko arraunlariak izan dira. Badakite zein den horra iristeko egin behar den esfortzua.
Talde harekin dena irabazi zenuten, Kontxako bandera izan ezik. Zuen ibilbidean, arantza bat izan al da Kontxako estropada?
M.A. Ez dakit arantza ote den, baina, bai, pena ematen dit, badakidalako ez naizela berriro horretara itzuliko. Tolosar batek Kontxa bat irabazten duenean sentitzen dudan poza ikusita, norberak irabazteak sekulakoa izan behar du.
Nola jarraitu zenuten, adibidez, zuekin tostetan aritutakoek irabazitako lehen Kontxa?
N.U. Oso urduri.
M.A. Batzuk elkartu egiten gara estropadak ikusteko, eta oso urduri geunden egun hartan. Beraiek une horretan gaizki pasatzen ari baldin badira, beren lekuan jartzen zara. Eta, Kontxa zurea ez izan arren, beraiengatik sekulako poza sentitzen duzu.
Harrobia aipatu duzue. Tolosaldean sortuko al da beste trainerurik datozen urteetan?
M.A. Harrobia badago, baina zaila izango da urte askotan traineru bat mantentzea, emakumeena zein gizonena izanda ere.
N.U. Oztopo nagusia lekua da, ibai bat bakarrik dugulako. Baina jendea badago, eta jendeak nahi du.
A.L. Hemen, harrobia izateaz gain, klubak berak ere hazi egin behar du aurrekontuz eta babesez, eta baita instalakuntzei eta azpiegiturei dagokienez ere.
M.A. Eta talde indartsu bat lortzeko, taldeko jendearekin batera, kanpoko jendea ere behar da. Uste dut ez dela posible, harrobiarekin bakarrik, maila gorenean egotea. Baina maila baxuago batean lan txukuna egin dezakete, noski.
A.L. Akaso Tolosaldekoa izango da, bertako arraunlariz osatutako ontzi bakarra, eta horrek ere asko esaten du.
Goi mailaren eta elitearen seinale bat ere bada, ezta?
M.A. Bai, bai.
N.U. Ziur aski bai.
Zein gomendio emango zeniekete Tolosaldeko traineruan denboraldiari ekingo dioten arraunlariei?
N.U. Nahi bada egiten dela, eta pazientzia izateko: luze jotzen du, baina merezi du. Ilusioz eta indarrez lortuko dute, guk egin genuen bezala.
M.A. Bai, ilusioz har dezatela eta goza dezatela. Horrelako esperientzien oroitzapenak beti onak izaten dira, zailak izan arren. Ikaragarria da traineruan aritzea edo Kontxa bizitzea.
A.L. Goza dezatela denaz: entrenamenduez, talde giroaz, estropaden aurreko grinaz, estropadez, ondorengo sentsazioez,... Uda oso berezia pasatuko dute, baina, guztiaren gainetik, sekula ahaztuko ez dituzten bizipenak izango dira trainerukoak.