Tolosaldeak trainerua izango du berriro ere. Ez da makala aurretik duzuena.
Jose Luis Perez. Gogoa genuen, bai. Arraunlari mordoa dugu Tolosaldean eta traineruetan ibili ahal izateko beste klub batzuetara joan behar izaten dute. Beti izan dugu etxeko arraunlariekin trainerua osatzearen ideia, eta aurten erronkari heldu diogu. Bere garaian urtebetez izan zen, baina oraingoan luzera begirako proiektu bat izatea nahi dugu, hiruzpalau urte iraungo dituena, gutxienez.
Erronka bat dela diozue. Nola egingo diozue aurre erronka horri?
Miguel Fresneda. Erronka potoloa, gainera. Arraunlariak oso gazteak dira, gehienek 17-18 urte dituzte, eta hori talde gutxitan ikusten da. Arraunean ikasten ari dira, eta oraindik itsasoan aritzeko indarra falta zaie. Horregatik pixkanaka-pixkanaka joan behar dugu, gogor lan eginez, eta bereziki, ikasiz. Aurten, ez dago besterik: ikasi, ikasi eta ikasi.
J.L.P. Garrantzitsua da azpimarratzea etorkizunera begirako proiektua dela. Harrobi gaztea dugu. Segur aski datorren urtean jubenil mailako beste 6-7 arraunlari gehiago izango ditugu. Lan egitea dagokigu orain, eta bide horretatik, etorkizuna sendotuko dugu. Beraiek dira arraunaren etorkizuna Tolosaldean.
Zeintzuk dira taldearen ezaugarriak?
J.L.P. Ezaugarri nagusiena, esan bezala, gaztetasuna da. Hasiberriak dira asko. Bestalde, guztiak eskualdekoak dira, txikitatik batera aritu izan direnak. Infantil mailan hasitakoak dira. Lagun taldea osatua dute, elkar ezagutzen dute, eta giroa mundiala da. Gainera, oso lehiakorrak dira, betidanik. Gehiago eskatzen diezu, eta gehiago ematen dute. Azpimarratu behar da baita ere hartu duten konpromisoa. Beraientzat ere erronka gogorra izango da. Gauza asko sakrifikatuko dituzte, baina kontziente dira zenbateko laguntza jaso duen TAK-ek proiektu hau aurrera ateratzeko: 28 udalak, babesleak, herritarrak, klubeko jendea, Zarauzko Arraun Kluba... Zentzu horretan, txalotzekoa da beraien jarrera, lan egiteko konpromisoa hartu baitute. Ondo landuz gero, etorkizun oparoa izango dugu, ziur.
Eta zein da etorkizun hori bermatzeko gakoa?
M.F. Zalantzarik gabe pazientzia, pazientzia handia.
J.L.P. Eskuzabal jokatu behar da, gehiegizkoa izan gabe. Hartu duten konpromisoa handia da, eta ez da erraza. Kontuan izan behar da irailean hasi zirela batel denboraldiari begira lanean, eta irailean amaituko dutela traineru denboraldia. Ia urte osoa emango dute. Eta ia amaitzerako, berriro hasi beharko dute. Oso gogorra da.
Arraunlari askok ez dute esperientziarik traineruarekin, ezta itsasoarekin ere. Nolakoa izaten ari da lanketa prozesua?
M.F. 22 arraunlari ditugu, eta gutxi gora behera horietatik 15 ez dira behin ere ibili traineruan.
J.L.P. Orduak eta orduak eman behar ditugu. Itsasoa berezia da, ontzia asko mugitzen da, ez da ur lasaietan arraun egitea bezala. Eskuetatik eta abdominaletatik gehiago sufritzen da. Itsasoan gehiago altxa behar izaten da arrauna, eskuak ere azkarrago mugitu behar dira, urak ez harrapatzeko. Lana, lana eta lana. Hori da bide bakarra.
M.F. Denbora gutxi daramagu itsasoan entrenatzen. Behar denerako ez dugu ezer egin. Orain arte 2.000 metroko estropadak izan dituzte baletan; orain, berriz, 3.500 metrokoak izatera pasako dira. Ia bikoitza da. Ohitu egin behar dute. Baina denbora pasa ahala hobekuntza nabarituko da. Orain arte, egia esan, izan garenerako nahiko txukun ikusi ditugu. Ongi moldatzen ari dira.
J.L.P. Aurten, gure maila zein den ikusi behar dugu. Arraunlariak motibatuta daude, baina hau oso gogorra da eta motibazioa mantendu behar diegu.
Erronkaren gogortasuna nabarmentzen duzue behin eta berriz.
J.L.P. Noski, horrela da. Ikasketak alboratu gabe, ia egunero Oriora joan behar dugu entrenatzera; ia bi orduz entrenatu eta gero, Tolosara itzuli eta hurrengo egunean lanera edo klasera. Udan ez da ikasi behar, baina denbora osoa entrenatzen eta lehiatzen pasako dute; ezingo dute herrietako festetara nahi adina joan. Luze egiten da urtea. Eskatzen duen lana begiratuta, sari gutxi dituen kirola da arrauna.
Eta nola mantentzen da motibazioa taldean, gogortasun horren barruan?
J.L.P. Arraunlari batentzat Kontxan sartzea da helburu nagusia. Bertan egoteko zortea izan dutenek gainerakoei kontatzen diete nolako esperientzia den. Eta horrek bete egiten ditu, indarra ematen die. Noski, bertan izate hutsa guretzat garaipen handi bat litzateke. Eta pasatako guztia ahazten duzu. Sari horrek gogortasunak baino gehiago balio du. Hori, ordea, urruti dago oraindik.
Eta ligari begira non kokatzen duzue zeuen burua?
J.L.P. Euskotren ligako sailkapen estropadak jokatuko ditugu denboraldi hasieran, eta hor erabakiko da zein mailatan arituko garen. Baina, begira, kasik hobe da ez sailkatzea. San Juan, Orio, Hibaika... talde oso onak dira, eta urte osoa haiengandik urrun pasako genuke, minutu batera edo. Hori oso gogorra da, eta motibazio aldetik pisutsua. Bigarren mailan ariko bagina, aukera gehiago dago besteengandik gertuago ibiltzeko. Noski, lehen urtean Euskotren ligara sailkatzea sekulako lorpena litzateke. Baina, hotzean pentsatuta, uste dut hobe dela behetik hastea, ikasiz eta hobetuz joatea, eta gero gerokoak.
Ilusiorik ere ez da falta kalean.
M.F. Bai, nabari da. Baina aurkezpenaren ondoren uste dut gehiago nabarituko dela.
J.L.P. «Bazela garaia» ere esaten digute zenbaitek. Duela urte batzuk bizi genuen denboraldi bat Tolosa izenarekin, eta jende asko urdinez joaten zen jantzita, gugatik. Horrek asko betetzen zaitu. Eta uste dut aurten jendea animatuko dela, azken finean etxeko arraunlariak direlako guztiak.
M.F. Hori bai, jendeak ere pazientzia izan behar du.
J.L.P. Noski. Arraunaz dakien jendeak badaki zer nolako erronka dugun eskuartean, eta meritua dugula esaten digute, etxeko arraunlari gazteekin aritzeko erabakia hartu dugulako. Eta beste batzuk, aldiz, esaten dizute Kontxa irabazi beharra dagoela. Bai, zera! Pazientzia da behar duguna.
Taldean ere hasteko gogoz dira.
J.L.P. Sekulakoa. Batzuk izan dute esperientzia Hernanirekin. Baina orain ezberdina da, etxean gaude, eta ilusio gehiago nabari da. Gertatu izan zait jai ematea eta entrenatzera joan nahi izatea! Baina ez, hori ez da posible. Atsedena ere behar dute, hori ere entrenamenduaren parte da. Orain, gainera, Zarauzkoek traineru berria utzi digute eta poz-pozik dabiltza.
M.F. Gogoa badute, ni horrekin konforme geldituko naiz. Jakitun gara aurtengo urtea hasiera urtea izango dela. Baina guztiek jarraitzen badute, lanean gogor, hiru bat urte barru goian ibiliko dira. Eta hori esan diezazuket begiak itxita.