Arrauna etengabe ureztatu behar den kirola da. Arraunlarien egutegian apenas dago jai egunik eta egunean, kasik ez dago aisirako tarterik. Arraunlariak tostan tokia izan nahi badu, denbora asko eskaini behar dio. Orduak eta orduak. Arraunak ez daki udako oporrez. Eta arraunlariak aski ongi daki zer den gainontzekoak eguzkia hartzen dauden bitartean haiek eguzkipean arraunean aritzea zer den. Arraunak ikasturtea hasterako bukatzen du sasoia, opor ostean hartzen ditu oporrak.
Arraunak eskatzen du denbora, arraunak eskatzen du sakrifizioa: tantoz tanto giharra ez den guztia izerditan isurtzea, gularen aitzakian ezer ez dastatzea, gautxoria ez izatea, sasoian sakoiko egotea. Arraunak sortzen ditu ubeldurak ipurdian, babak eskuetan. Arraunlariak izaten ditu zauriak azalean, baina gogorra barrua, burua.
Arraunak jaten du gosea eta arraunak jaten du denbora; baina, era berean, arraunak sortzen du kirolerako egarria. Arraunak badu zerbait, eskatzen duen denbora eskaintzea lortzen duena. Sakrifizioak betebehar bihurtzen dituena. Ureztatzeko gogoa pizten duena. Eta, arraunlariarengan etengabeko ubera sortzen duena.
Lehen pertsonan bizi dute hori Tolosaldeko arraunlariek eta Tolosaldeko Arraun Klubaren bueltan dabiltzanek. Arraun egarriz, aurtengoan, ez dira batelekin asetu. Tolosaldeak trainerua izango du, eskualdekoa, bere-berea. Eskualdeko trainerua denboraldi honetan uretaratuko da lehen aldiz, estreinakoz.
2008an lehen trainerua
Ez da lehen aldia Tolosaldeko Arraun Klubak ibaitik itsasorako bidea egingo duela. 2008an, sortu eta hiru urtera, TAK-eko emakumeen trainerua itsaso zabalean zebilen Tolosa izenaren aterpean.
Historia idatzi zen urte hartan, Tolosaren izenean lehen trainerua sortzez gain, lehendabizikoz Emakumezkoen Kontxako Bandera jokatu baitzen. Tolosako ontziak tokia izan zuen Kontxa historiko horretan. Trapu preziatuenaren aldeko lehian aritu ziren Izaro Zubiria Ibarguren, Maitane Garmendia Goitia, Edurne Mendia Rezola, Ioana Alijostes Zabala, Ainhoa Lopetegi Arandia, Maialen Azaldegi Ganboa, Itziar Saizar Ibarzabal, Amaia Doyague Loiti, Naiara Gorostiaga Alkain, Amaia Artola Etxeberria, Myrian Elorza Lizarraga, Izaskun Peñagarikano Iraola, Lide Mendikute Erauskin, Naroa Urkola Agirreurreta, Olatz Ortiz Diez de Ure, Itziar Olasagasti San Sebastian, Eneritz Garmendia Iturria, Aitziber Lizarralde Otegi. Lehorretik trainerua gidatzen zuen Anjel Mari Larrañaga Artola zen.
Baturaren indarra
Istorioak, ordea, ez zuen segidarik izan. Trainerua uretaratzeak zeharkako lan ugari zekarrela ikusi zuten eta Tolosaldeko klubak ametsa ez hondoratzeko kostaldeko herri batekin elkartu behar zuen, Getariarekin. Horren fruitu izan zen 2009ko Getaria-Tolosa trainerua. Tostan lekua izan zuten eskualdeko hainbat arraunlarik: Amaia Doyague, Maitane Zubeldia, Ioana Alijostes, Olatz Ortiz, Irati Larrañaga, Irati Ozaita, Olatz Aldalur, Maite Amondarain eta Naroa Urkola.
Zortzi bandera irabazi zituzten lehen urte hartan, tartean bigarrengoz lehian zegoen Kontxako Bandera.
Urtetik urtera lehia estuagoa izanagatik, poparean jarraitu zuten eskualdeko neskek. Bandera mordoa pilatu zituzten. Baina, lau urteko zikloak amaiera izan zuen. Tolosaldeko arraunlariak kostaldeko hainbat taldetara joan ziren: Zumaiara, Oriora… Bateletan nagusi izan arren eta proiektua eskualdean sustraituta egon arren, traineruaren ametsak ez zuen lur hartzen.
Berriz ere uretara
2008an ibili zen uretan lehen aldiz Tolosaldeko emakumeen trainerua. Gerora trainerua lehorreratzeko garaia heldu zen. Baina, hamar urte eta gero, zergatik ez eutsi berriz ametsari?
Esna ere amesten omen da eta begiak zabal-zabalik dituztela amesten zuten TAK-eko kideek trainerua uretaratzearekin. Ate ugari jo ostean eta 28 udalen eta babesleen laguntza jaso eta gero, ametsa egi bihurtuko da. Tolosaldeak trainerua izango du.
25 arraunlari elkartu dira TAKen koloreak itsaso zabalean defendatzeko. Taldearen ipar-orratza Jose Luis Plazas Koteli izango da, Miguel Fresneda laguntzaile duela. Neguko entrenamenduak etxean, Zerkausiaren magalean, egin dituzte; baina behin batel denboraldia amaituta, Zarauzko Arraun Taldearekin egindako hitzarmen bati esker, beren instalazioetan hartuko dute habia. Tolosako Oria ibaian ez dago aukerarik traineruarekin aritzeko, beraz, Aian kokatuta dagoen Zarauzko klubera joan-etorriak egiten dabiltza trainerua itsasoratu ahal izateko.
TAK-en sorburu den Oria ibaia itsasoratzen den tokira joaten dira, hain zuzen, trainerua itsasoratzera. Hasiera guztiak itxaropentsuak bezain gogorrak badira, are zailagoak dira tartean distantzia luzeak badaude. Tolosatik Aiara 32 kilometro daude, beraz, egunean 64 kilometro egin beharko dituzte arraunlariek entrenatzera joateko. Denboraldian 180 bidaia inguru egin beharko dituzte, hau da, 12.000 kilometro inguru. Errepidean ordu mordoa igaroko dituzte itsasoan beste hainbeste egiteko.
Emakumezkoetan ere, bi liga
Aldaketen urtea da aurtengoa, erronka berriei eustekoa. Eta ez soilik Tolosaldeko Arraun Klubarentzat. Izan ere, denboraldi honi begira, Emakumeen Traineruen Elkartea sortu dute 14 arraun klubek, tartean TAK-ek. San Juan, Orio, Hibaika, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra, Hernani, Hondarribia, Kaiku, Deusto, Lea-Artibai, Lapurdiko Arraun Taldea, Colindres eta Astillero dira gainontzeko klubak.
Euskotren liga gorenari eustea eta, aldi berean, bigarren mailako liga bat sortzea zen erakundeen xedeetako bat. Lortu dute helburua. Bi liga izango dira aurten. Liga bakoitzean zein talde ariko den adosteko, ekainaren 30ean eta uztailaren 1ean sailkapen estropadak jokatuko dira, kanporaketak. Lehen lau sailkatuak Euskotren Ligara sailkatuko dira eta gainontzekoek bigarren mailako ligan hartuko dute parte.
Euskotren Liga gizonezkoen TKE ligako egutegiari lotuta joango da eta bigarren mailako ligak KAE 1eko egutegia izango du oinarrian. Hau da, lehen aldiz, mutilek adina estropada jokatuko dituzte neskek; eta, horrez gain, jaitsieretan eta igoeretan ere hartuko dute parte.
Bost urtera begirako proiektua
Tolosaldeko traineruaren asmoa ez da estatxari heldu orduko punta-puntako taldea izatea. Etorkizunera begirako proiektua da, bost urtera begirako ikuspegiarekin ereindakoa. Fruituak gerora jaso nahi dituzte, eta, bitartean, urrats irmoak eman. Proiektua ondo ureztatu, mimatu; gerora loratzeko. Asmoa, beraz, ez da Euskotren ligarako sailkapen txartela lortzea, baizik eta talde sendoa osatzea eta muin hori urte luzez eustea.
Harrobiko kluba da Tolosaldekoa. Kimuak sortzen ditu eta ondoren lehen mailako traineruen tostetan ariko diren arraulariak osatzen ditu. Orain kanpora begira baino, barrura begira ariko da. Eta etxeko arraunlariei etxean hazteko eta trainerurako saltoa etxean bertan emateko aukera emango die. Oinarri horren barruan egingo du lan traineruak, etxetik eta etxekoentzat.
URTEZ URTE
2008
TOLOSA: Emakumezkoen lehen Kontxako bandera, Euskadiko txapelketa, eta Gipuzkoako Txapelketa. Ez zen banderarik lortu
2009
TOLOSA GETARIA: Banderak: Gipuzkoako Txapelketa, Euskadiko Txapelketa, Hondarribia (Euskotren), Zarautz (Euskotren), O´Grove (Euskotren), Orio (ARC 1), Zumaia (ARC 1), Kontxa.
2010
TOLOSA GETARIA: Banderak: Liga Euskotren, Gipuzkoako Liga, Hondarribia (Gipuzkoako Liga), Getaria (Gipuzkoako Liga), Getxo (Euskotren), Orio (Gipuzkoako Liga), Portugalete (Euskotren), Pedreña (Euskotren), Deba, Kontxa (Gipuzkoako Liga).
2011
TOLOSA GETARIA: Banderak: Euskadiko Txapelketa, Guipuzkoako Txapelketa, Liga Euskotren, Hondarribia (Gipuzkoako Liga), Deba, Zarautz (Euskotren), Pasai San Pedro (Gipuzkoako Liga), Pedreña (Euskotren), Zumaia (Gipuzkoako Liga), Bilbo (Euskotren), Pasai Donibane (Gipuzkoako Liga), Lekeitio.
2012
TOLOSA GETARIA: Banderak: Euskadiko Txapelketa, Zarautz (Gipuzkoako Liga).
ESFORTZUA
JOAN-ETORRIAK: 12.000 km inguru denboraldiko, asteburuetako estropadak eta traineruaren joan-etorriez gain
ELIKADURA: Estropada ostean, errekuperatzeko: fruta, ura eta yogurrak. Askotan, ordutegiak medio, etxetik kanpo egin behar izaten dira otorduak
MEDIKU ZERBITZUAK: Kirolariaren entrenamendu eta elikaduraren jarraipena eta kontrol estua: analisiak, esfortzu probak
AZPIEGITURAK: Neguko entrenamenduak TAK-en klubean. Gainontzekoak Zarauzko Arraun Klubaren instalazioetan