Enirio-Aralar

Enirio-Doniturrieta proiektuari alegazioak aurkezteko aukera

Ataria 2018ko maiatzaren 10a

Aldundiaren Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamenduak iragarkia publikatu du maiatzaren 8ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eta horren bidez informazio publikoan jarri ditu Eniriotik Igaratzako txaboletara doan bidea motordun ibilgailuentzat egokitzeko proiektua eta horren ingurumen inpaktuaren azterketa. Pista hori Enirio-Doniturrieta artekoa bezala ezagutzen da.

Informazio publikoan hogeita hamar lanegunez jarri da, iragarkia argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Alegazioak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritzan aurkeztu ahal izango dira.

Proiektua zein ingurumen inpaktuaren azterketa informazio publikoan jartzearen arrazoia Ingurumeneko zuzendariak hartutako erabakitik dator. Apirilaren 30ean argitaratutako erabaki horren arabera, ingurumen inpaktu ebaluazio arrunta aplikatu behar zaio proiektuari, eta ez sinplifikatua, hasiera batean egin zen moduan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!