Proiektuaren sustatzaileek ingurumen inpaktu ebaluazio sinplifikatua aurkeztu zuten, eta hori ez dela nahikoa ebatzi du Ingurumen Zuzendaritzak egin duen txostenean, eta ingurumen inpaktu ebaluazio arrunta aurkeztu behar dela ondorioztatu du.
Batetik, Ingurumen Zuzendaritzaren txostenak dio pista horren proiektuak «ez duela harreman zuzen, beharrezko eta ezinbestekorik Aralarko GKL/KBEaren kudeaketarekin», eta aurkeztutako dokumentazioak ez duela frogatu, «araudiak eskatzen duen ziurtasunaz, proiektuak ez duela sortuko (...) inpaktu negatibo esanguratsurik edo nabaririk Natura 2000 sareko espazio horren kontserbazio helburuetan».
Hori horrela, Ingurumen Zuzendaritzak bi aukera eman ditu aurrera begira. Lehenengoa, proiektuari ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedura aplikatzea, eta beraz, «dokumentu tekniko xehatu bat eta inpaktuen ikerketa bat aurkeztea». Eduki horiek «doitu egin beharko ditu», Ingurumen Zuzendaritzak egin duen txostenean «modu orokorrean jasotako zehaztapenetara eta neurrietara».
Beste aukera «Enirio-Aralar Mankomunitatearen jarduketa esparruari dagokion bide azpiegituren plan bat egitea, hura onartzeko izapideak egitea, eta dagokion ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura aplikatzea» da.
PROIEKTUA
Ingurumen Zuzendaritzaren txostenak, Enirio-Aralar Mankomunitateak aurkeztutako proiektuaren inguruko hainbat xehetasun ere jasotzen ditu. Enirioko eta Igaratzako saroien arteko bidea egokitzea planteatu du, atoidun 4x4 ibilgailuek erabili ahal izateko; horrekin, ganadua erretiratzea eta material nahiz lanerako tresnen garraioa erraztu nahi dute.
Bideak hiru metroko zabalera izango du, eta bataz besteko malda %12koa baino txikiagoa izango da. Lehen zatiak, Enirio eta Doniturrieta artekoak, 1.892 metro ditu. Hortik aurrera, zenbait ibilbide planteatu dira; egokien bezala jotzen denak 2.701 metroko luzera izango du.