Hernio inguratuz, mendi ibilaldia igandean

Asier Imaz 2018ko mai. 9a, 11:03

Igandean, Erniopeko Zortzi Herrien Arteko XI. Mendi Ibilaldiaren barruan, ibilbide luzea eta laburra egongo dira.

Bi urtez behin, Hernioren magalean dauden zortzi herrien artean, mendi ibilaldia antolatzen dute. 2016. urtean izan zen X. edizioa, beraz, XI.a aurten tokatzen da, eta hain justu, maiatzaren 13an, igande honetan, izango da.

Erniopeko XI. Mendi Ibilaldiaren irteera Albizturren izango da. Ibilbide luzeko mendizaleak 06:00etan aterako dira frontoitik. 48 kilometroko itzulia izango dute aurretik, 2.750 metroko bataz besteko malda positiboarekin. Antolatzaileen esanetan, martxaren iraupena 11 ordukoa da.

Ibilbide laburra egitekotan direnek irteera ordua 08:00etan dute. Hauek ere Albiztur izango dute abiapuntu eta helmuga. 25 kilometroko itzulia 5 ordu t'erdian egiteko modukoa omen da, 1.500 metroko malda positiboarekin.

06:00etan ateratzen diren mendizaleek Albiztur, Bidania-Goiatz, Errezil, Aia, Asteasu, Larraul, Alkiza eta Hernialde gurutzatuko dituzte, berriro ere Albizturrera joan aurretik.

08:00etan irtengo direnek Bidania-Goiatzetik Zelatunerako bidea hartuko dute, Errezil pasa gabe, ibilbide luzea moztuz. Herniotik barrena Alkizara joango dira, Hernialde gurutzatu ondoren Albizturko irteera puntura itzultzeko. Errezilekin batera, beraz, Aia, Asteasu eta Larraul zeharkatu gabe utziko dituzte ibilbide laburrekoek.

IZEN EMATEA

Erniopeko mendi martxa Erniozaleak Elkarteak antolatzen du. Elkarte hau 1997ko hasieran sortu zen Hernio inguratzen duten zortzi herrietako biztanleen ekimenez. Bitan banatzen dituen hesia izan arren, Hernio eurentzat zaindu eta indartu beharreko gune bat da; benetako erreferentzia kulturala.

Elkartearen lehen ekintza Hernioko gurutze handiaren 50. urteurrenaren inguruko ospakizunen antolaketa izan zen. Ondoren etorri zen Erniopeko Zortzi Herrien Arteko Mendi Ibilaldia. Igandean honetan XI. edizioa izango duena.

Bertan parte hartu nahi dutenek bi aukera izango dituzte. Bata, www.erniozaleak.org webgunean izena emanda, eta bestea, egunean bertan Albizturko frontoian irteera orduen aurretik apuntatuta.

Ibilbideak egiteko kontrol puntu bakoitzean aurkeztu beharreko txartela izatea beharrezkoa izango da. Txartel hori irteera puntuan banatuko dute Erniozaleak Elkarteko kideek. Parte hartzaileek orduan ordaindu beharko dituzte 10 euroak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!