Imanol Garaizabal eta Argider Isasti trebeenak, Ibarraldeko II. raidean

Tolosaldeko Ataria 2018ko maiatzaren 5a

10:00etan puntuan hasi da, gaur, Berastegiko plazan, Ibarraldeko II. raida. Bi urtez behin antolatzen dute proba, eta gaur ia 100 parte hartzaile elkartu dira, ligako lehen proba lehiatzeko.

49 bikote zazpi orduz aritu dira, mendian, antolakuntzak ezarritako gako eta probak gaindituz; zenbait bikotek baliza guztiak biltzea lortu du, denbora mugaren barruan. Bukaeran, Imanol Garaizabal eta Argider Isasti elgoibartarrak izan dira trebeenak: baliza guztiak bildu dituzten azkarrenak izan dira.

Parte hartzaileek 7 orduko muga zuten eginbeharrak amaitzeko eta, Beñat Doiartzabal antolatzaileak azaldu duenez, "baliza guztiak bildu nahi izan dituztenentzat proba gogorra diseinatu" dute. Halaxe berretsi dute, helmugan, parte hartzaileek, eta gehienak oso nekatuta iritsi dira Ibarrako plazara.

Hasieran, 3 kilometro egin behar izan dituzte, bizikletan eta korrika. Ondoren, 20 kilometroko trekkinga egin dute, eta beste hainbeste metro osatu behar izan dituzte, mendi bizikletan. Amaieran, Zumardi Handian orientazioa eta memoria landu behar izan dituzte parte hartzaileek, eta tokarekin loturiko azken probaren bat ere izan dute, puntuak osatu nahi izan dituztenek.

Halako proba bat antolatzeak 7 hilabete inguruko lana eman die arduradunei: "Raid batek lan handia du atzetik, probak pentsatu, prestatu, mapak egin eta ibilbidean bertan probatu behar direlako".

Ligako lehen hitzordua izan da gaurkoa, eta aurretik beste bost proba dituzte raid zaleek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!