«Azala bakarra da eta zaindu egin behar dugu, erasoak hor daude»

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 7a, 07:52
Argazkia: Goiena.

Ekaina erdialdean hasten da Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea herriz herriko bisitetan. Prebentzio arloko arduraduna da Maider Sierra Arana (Amasa-Villabona, 1978).

Zer egiten duzue ekaina erdialdetik aurrera herriz herri jartzen dituzuen prebentzio mahaietan?

Eguzkia hor dago egunero. Udaran, tenperaturak igotzearekin eta abar, gehiago larritzen gara, baina urte guztian zehar babestu behar dugu azala. Horren inguruan hitz egiten diegu gerturatzen direnei. Lainotua egon arren eguzki izpiak udaran oso bortitzak dira eta hori ere nabarmentzen dugu. Azala bakarra dugula eta memoria duela gogorarazten diegu.

Zer esan nahi du azalak memoria duela?

Azalak jasaten duen kaltea ez dela sendatzen. Nire bizitzan ohitura asko badaukat kalean egoteko eta nire azalak eguzki izpi asko jasotzen baditu, melanina arazoak sortuko dira. Jende askok esaten du eguzkia hartzen duela baina badirela zenbait toki edo puntu non azalak ez duen kolorerik hartzen. Horrek esan nahi du melaninak, gure azalak duen babes naturalak, mindu egin direla. 18 urteak baino lehen gutxienez hiru aldiz erre banaiz, erredurak babarekin esan nahi dut, aukera gehiago izango dut melanomaren bat edukitzeko. Duela 20 urteko ondorioak hor daude. Azala bakarra da eta zaindu egin behar dugu. Egia da azala eraldatzen dela, zelulak hil egiten direla eta berriak sortu, baina gure historia hor dago.

Arropekin babesteaz gain, babes osoko kremak ematea ere garrantzitsua izango da.

Noski, arropa eta bestelakoekin babesten ez dugun azal hori babes osoko kremekin babestu behar dugu. Eta baita hidratazioa zaindu ere. Oso garrantzitsua da eta ez gara konturatzen.

Badago oraindik ere azala belzteko nolabaiteko obsesioa.

Oso kontuz ibili behar gara horrekin; noiz hasten garen eguzkia hartzen eta nola. Ordutegia zaindu behar da, 10:00etako eguzki izpiak ez dira eguerdikoak bezalakoak, hemengo eguzkia ez da hegoaldeko herrialdeetakoak bezalakoa, ez da berdina mendian egon ala hondartzan... dena hartu behar da kontuan.

Informazio asko dugu, beltz-beltza jartzeko moda lasaitu da... sumatzen duzue hori?

Sumatzen duguna da aldaketa mantsoa dela. Informazioa badugu, baina hausnartzea eta hori aurrera eramatea gehiago kostatzen zaigu. Bai nabaritu dugula gurasoen aldetik kontzientzia handia dagoela haurrekiko, baina haurrekin hartzen diren neurriak ez dituzte hartzen. Kuriosoa da teoria badakigula baina hondartzara edo igerilekura eguerdian joaten garenean postua jartzeko, 09:30ean ez da inor egoten. Eguerdian betetzen dira, eguzki izpiek gehien kaltetzen duten momentuan.

Erlazionatuak

Azalak ez du ezer ahazten

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 mai 07 Amasa-Villabona

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!