Azalak ez du ezer ahazten

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko mai. 7a, 07:53

Azalak pairatzen dituen kalteak ez dira sendatzen. Eguraldi eguzkitsua eta beroa iristen denean arropa gutxiago jartzea eta eguzkitan belztea izaten da ohikoena, baina horrek arazoak sortzen ditu azalean, eta ez bakarrik minbizia sortu dezakeelako, bestelako arazoak ere sortu ahal dituelako baizik. Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteko Maider Sierra Aranak begietan ere arreta jartzeko eskatu du.

«Eguzki izpiek gure azalaren zelulen ADNan mutazioak sortuko dituzte eta minbizia sortu dezakete. Baina horretaz gain, begietan ere sortu ahal ditu arazoak. Azken urteetan ikusten ari gara ikusmeneko arazo asko eguzkiaren eraginez sortu direla. Ez gara konturatzen eta ez ditugu behar bezala babesten. Eguzkiak ez digu goitik bakarrik jotzen, itsasoaren inguruan paseoan ari garenean, esaterako, aldamenetik eta behetik ere joko digu eguzkiak, baita elurretan gaudenean ere, eta erreflexu horrek ere ikusmeneko arazoak sortu ahal ditu», esan du.

Azala babestu egin behar da hortaz, eta udaberria erabili daiteke gorputzaren nolabaiteko errepasoa egiteko. «Gure gorputzaren eta azalaren inguruko ezagutza bultzatu nahi dugu. Garai egokia da. Udaran jartzen gara batik bat, eguzkitan eta ordurako gure azalean ditugun orinen errepasoa egina izatea komeni da. Horrela jakingo dugu orin horiek handiagotu diren, itxuraz aldatu diren... garrantzitsua da norberak bere gorputza eta azala ezagutzea», esan du Sierrak.

Orinak kontrolatzeko ABCDE bezala sailkatzen den araudia dago, eta horren arabera jakin ahal da orin horiek melanomak diren ala ez, eta medikuarengana jo behar dugun. «Araudiaren barruan dagoen ezaugarrietako bat tamaina da. Pertsona batek 6 milimetro baino handiagoa den orin bat badu, eta orin hori bi urte besterik ez zituenetik badu, eta aldatu ez bada, ez dago arazorik. Baina bat-batean orin handia atera bazait edo orin hori itxuraz edo tamainaz aldatu bada, kontsultatu beharko da», esan du.

Horregatik gomendatzen dute Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartean eguzkia ateratzen den honetan, azalari begirada bat ematea. «Aurpegian, sudur inguruan batez ere, azaltzen diren zauri txiki modukoak ere zaindu behar dira. Erabat ixten ez diren zauritxoak dira eta horiek begiratzea komeni da. Ohikoak dira, baina adi egotea komeni da».

Udaberria eta udara dira «txipa pizteko» urtaroak, baina eguzkiak urte guztian zehar jotzen du, eta hori kontuan hartzea eskatzen du Sierrak. «Tamalez Euskal Herrian ez dugu eguzki gehiegi ikusten, baina eguzkia hor dago egunero. Neguan arropa gehiago ematen dugunez babestuago gaude fisikoki eguzki izpien aurrean. Baina udaran arropa kendu eta agerian uzten dugu azala. Eguzkiak bidaltzen dizkigun izpiek mina emateko aukera gehiago dugu. Hori esaten dugunean, izpiek mina ematen digutela, alegia, erre gaitezkeela etortzen zaigu burura, egia da, baina ez da gerta daitekeen gauzarik okerrena».

Azala belztea, melanina sortzea, alegia, eraso baten aurrean sortzen den prozesua da. Norberak baloratu behar du azala zenbateraino erasotu nahi duen, baina kaltegarria da, zalantzarik gabe. «Azala eraso baten aurrean belzten da, erreakzio bat da. Gure melanina sukaldearekin konparatzen dut askotan. Tipula zartagin batean jarri eta pixkanaka-pixkanaka su txikian jar dezakegu edo denbora gutxian egin, su bizian jarriz. Tipula egingo da bi kasuetan, baina ez da gauza bera izango», azaldu du adituak.

Azaleko minbiziaren mamua hor dago, eguzkiak egunero jotzen du azalean eta babesteko mezua geroz eta gehiago zabaldu bada ere, oraindik ere bada eguzkitan batere babesik gabe jartzen denik, batez ere, nerabeen artean. «Proportzioan heriotza gutxien sortzen duen minbizia da, baina gehien ematen dena ere bada. Kontua da kasu asko dermatologoaren kontsultan geratzen direla. Horregatik da garrantzitsua gure azala ezagutzea eta zalantzarik izanez gero medikuarengana jotzea». «Beltzaranek uste dute ez dutela babestu behar, baina ez da horrela. Arriskuaren perzepzioa sartzen da hor. Zuriak garenok segituan gorritzen gara, eta segituan konturatzen gara arazoren bat dagoela eta babestu behar garela. Azkar babesten gara. Baina beltzaranak direnak ez dute ikusten arrisku hori, baina koloreak ez du arriskua adierazten. Eguzki izpien erradiazioak berdin-berdin eragiten die, zelulen eraldaketak sortzen ditu, nahiz eta ez erre. Hain zuzen horregatik dituzte zimur gehiago ere; eguzki asko hartu duten pertsonek azalaren zeluletan eraldaketa gehiago jasan dituzte, eguzkiak zelulen ADNan mutazioak sortzen dituelako».

Urteko urtaro guztietan babestu behar da hortaz, eguzki izpien erradiaziotik. Batetik, arropak erabili behar dira; gorputza estali behar da, baita burua ere. Betaurrekoak ere erabili behar dira begiak babesteko, eta agerian geratzen den azala babes maila altuko kremekin estali behar da. Hidratatzea ere oso garrantzitsua da. «Hidratazioa oso garrantzitsua da eta ez gara konturatzen. Ondo hidratatuz gero azala askoz indartsuago egongo da erasoei aurre egiteko».

 

Azaleko minbizia antzemateko ABCDE araudia

Orin guztiak ez dira minbizia baten seinale. Hauei erreparatzea komeni da eta orinetan odola, hantura, gorritzea, azkura edo gogortzea antzemanez gero, dermatologoarengana joatea komeni da.

Orinak melanomak ote diren jakiteko ABDCE araudia erabiltzen dute medikuek.

A hizkia asimetriari dagokio. Hau da, orinak borobilak eta simetrikoak izaten dira. Melanomak aldiz, asimetrikoak izaten dira, hau da orinaren erdia eta beste erdia desberdinak dira.

B hizkia ertzari dagokio, gaztelerazko borde. Orinek ertz erregularrak dituzte eta hasierako fasean dauden melanomak ertz irregularrekoak izaten dira.

C hizkiak koloreari egiten dio lotura. Orinak marroiak izaten dira, bai marroi argiak eta baita ilunagoak ere, baina beti dute kolore homogeneoa. Hasierako fasean dauden melanomek, aldiz, ez dute tonu bereko kolorerik, bi tonu edo gehiago dituzte: marroia, gorrizta eta belzkara.

D hizkia diametroari dagokio. Orinak 6 milimetro baino txikiagoak izaten dira. Diametroa 6 milimetro baino handiagoa badute melanomak izan daitezke, nahiz eta batzuetan 6 milimetro baino txikiagoak ere izaten diren.

E hizkia garapenari dagokio, gaztelerazko evolución. Melanomak tamainaz, itxuraz eta kolorez aldatu ohi dira. Era berean, odola izan dezakete, puztu daitezke, gorritu, gogortu...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!