Babesa jaso dute berme-emaileek

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko apirilaren 29a

Etxebizitza bat erosi nahi duenak berme-emaile bat aurkeztu behar du, ez beti, baina bai askotan. Berme-emaile horiek hipoteka jaso duen pertsonaren zorra hartuko lukete, honek hipoteka ordaintzeari utziko balio.

Berme-emaile horiek nahi dutelako sinatzen dute hitzarmena, baina euren babes maila urria dela salatu izan dute behin baino gehiagotan Stop Kaleratzeak plataformako kideek. «Drama areagotu egiten da. Kaltetuak ezin du etxebizitzaren hipotekaren kuota ordaindu eta kaleratu egiten dute eta gainera, berme-emailea izan badu, horrek ere etxebizitza galtzen du. Kasu gehienetan gurasoak izaten dira, bizitza guztia etxebizitza ordaintzen emana dutenak eta egun batetik bestera galdu egiten dutenak», esan du Tolosaldeko Stop Plataformako Mikelek.

Egoera irauli daiteke, ordea. Ez da hilabete Bilboko epaile batek semearen hipotekaren berme-emaileak, gurasoak, zorra ordaintzetik libratu dituela.

Epailearen ustez, banketxea ez zen nahikoa gardena izan azalpenak ematerakoan eta ondorioz, klausula hori bertan behera uztea erabaki du. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan lehen aldiz eman da erabakia, eta aurrekaria sortu dezake.

Gazteak BBVA banketxeko Blue Joven hipoteka eskatu zuen 2005ean. Ez zuen diru iturri handirik, ezta egonkorrik ere. Banketxeak berme-emaileak eskatu zizkion, eta guraso zein anai-arrebak egin ziren berme-emaile. Gaztea kuotak ordaintzeko arazoak izaten hasi zenean BBVAk gurasoei eskutitza bidali zien euren etxebizitza enbargatu ahal zuela esanez, eta beldurrez, gurasoak hasi ziren kuotak ordaintzen.

Bilboko epaitegiak orain, familiaren alde egin du, bere ustez bermea gehiegizkoa zelako eta banketxeak ez zielako nahikoa informazio eman guraso zein anai-arrebei. BBVAk aurrerantzean ezingo du berme-emaileei zorra eskatu. Banketxeak, hala ere, erabakia errekurritu ahal du dezake.

Erlazionatuak

Etxebizitza eskubidea unibertsala delako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 api 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!