Etxebizitza eskubidea unibertsala delako

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko api. 29a, 10:57

Kaleratzeen aurkako herri mugimendua da Stop Kaleratzeak plataforma. Alderdi eta politikariek arazoari heltzen ez ziotela eta, hitzez harago, benetako irtenbide bat bilatzeko prest ez zeudela ikusita sortu ziren. 2011n eratu zituzten lehenak, M15 mugimenduaren ondotik, eta herriz herri zabaldu ziren. Tolosaldean ere badago Stop Kaleratzeak plataforma.

2011n hasi ziren hitz egiten, baina 2013an borobildu zuten proposamena, eta ordutik ari dira lanean. Bost urte dira beraz, kaleratzeen eta etxebizitzen inguruan ematen diren injustiziei aurre egiten dietela. Ez dira asko, «tamalez», diote, baina guztia ematen dute. Mikel, Marijo, Ruben, Aran, Iñaki eta Cayetano dira taldeko kideetako batzuk, ez bakarrak, eta azkenaldian 15 egunez behin biltzen dira, astelehenetan. 19:30ean elkartzen dira Abastos eraikinean duten lokalean eta ateak zabalik dituztela nabarmendu dute elkarrizketan behin eta berriz. «Jendea etorri dadila, ez bakarrik informazio bila edo laguntza bila, baita lanera ere. Gaiak indarra galdu badu ere kaleratzeak egon badaude eta laguntza behar dugu», esan du Mikelek.

Urte hauetan bederatzi bat kasu eraman dituzte. «Informazio asko eman dugu, batez ere, IRPHaren garaian, orduan deiak etengabeak ziren, baina benetan gure negoziaketa eta esku hartze zuzena behar izan duten kasuak zazpi bat izan dira», azaldu du Rubenek.

Tolosa, Ibarra, Anoeta, Belauntza... uste baino herri gehiagotan eman dira arazoak. Tolosaldeko Stop Kaleratzeak plataformako kideek behin baino gehiagotan joan behar izan dute banketxe batera hipoteka edo alokairua ordaindu ezin dezaketen horiei lagundu eta banketxearekin negoziatzera. «Azken kasuetako batean banketxean ia lau orduz egon ginen. Hara joan eta arazoari irtenbide bat eman arte handik ez ginela mugituko esan genien. Gutariko hiru eta kaltetua bera izan ginen han. Tentsioa egon zen, baina azkenean lortu genuen», gogoratu du Mikelek. «Pertsona horren kasua ez zen ordukoa, denbora asko zihoan arazoarekin bueltaka. Urteak ziren kuota ez ordaintzeagatik zorra zuela banketxearekin eta abar. Ezin zuen hipoteka ordaindu eta bankuak ez zion irtenbiderik eman nahi, adin txikiko bat ere tartean zegoen... Banketxea akordio bat sinatzera behartu genuen, negoziatu eta irtenbide bat bilatuko zutela adostu zuten. Luze jo zuen, baina lortu genuen», esan du Cayetanok. Une honetan ere kasu bat dute mahai gainean eta banketxearekin negoziatzen ari direla esan dute. Kaltetuetako asko emakumeak direla ere nabarmendu dute. «Banaketa kasuetan adibidez emakume asko hipoteka ordaindu ezinik geratzen dira. Gizartean lanbide prekarioenak dituztenak ere emakumeak dira, eta horrek badu eragina», esan du Marijok.

Banketxera gerturatu eta Stop Kaleratzeak-en txapa ikusten dietenean langileen artean ezinegona sortzen dela diote eta hori ez da kasualitatea, negoziatzera behartzen dituztenaren seinalea dela esan daiteke. «Banketxeek orain Stop Kaleratzeak edo mota honetako plataformak ekidin nahi dituzte, eta hara ez joateko kaltetuekin hitz egiten dute, ez dute zaratarik nahi», esan du Cayetanok.

Herriz herri sortutako plataformen lanari esker hainbat neurri aldatu direla ere esan dute. «Egia da banketxeek nahi duten guztia egiteko aukera izan dutela, baina azken urteetan baldintzak pixka bat leundu dira eta hori, Stop Kaleratzeak plataformek egindako lanari esker da, hein batean. Lehen baldintzak erabat basatiak ziren, esate baterako, berandutze-interesak basatiak ziren, ilegalak, %18koak, baita %25ekoak ere... horiek leuntzen joan dira», esan du Rubenek. «Lehen hipotekaren kuota hirugarren aldiz ordaintzen ez zenean, kalera bota ahal zituzten, baina orain negoziatzeko aukera gehiago daude. Baldintzak gehiegizkoak dira hala ere, eta banketxeen aldekoak oraindik ere. Kaleratzeak daude oraindik, alokairuen burbuila dago orain... arazoa ez da konpondu», gehitu du Rubenek. «Neurriak leundu dira, baina arazoa hor dago. Esan behar da gainera, zorrak etengabe eta neurrigabe handitzen direla. Zorra astez aste handitzen doa, milagroz zor duzuna ordaintzen baduzu ere, interesak bakarrik ordainduko dituzu, zorra hor dago... zurrunbilo batean sartzen zara. Ez duguna ulertzen da banketxeek zergatik ez dituzten alokairu sozialak onartzen. Zorra duen bezeroari etxea zorraren ordainetan ematea da aproposena, hau da, bankuak etxebizitza bereganatuko luke, hutsik, bezeroak zorra kenduko luke, eta etxebizitza eskubidea bermatzeko banketxeek etxebizitza horretan alokairu sozial baten truke geratzeko aukera eman beharko lukete. Justuena hori da. Zergatik ez dute egiten? Eta beraiek nahi ez badute ere, zergatik ez die legeak behartzen?», galdetu du Mikelek.

Kaltetuak jartzen ditu mugak

Stop Kaleratzeaken lana batik bat aholkularitza eta babesa ematea dela esan du Rubenek: «Kasua eraman behar duena kaltetua bera da, berak jartzen ditu mugak. Aholkularitza lan asko egiten dugu eta laguntzen dugu». Ez dute modu isolatuan lan egiten, beste herri plataformekin daude harremanetan eta horietan dauden abokatuekin hitz egiteko eta ikasteko aukera dutela diote. «Aurkeztu beharreko idatziak idazten laguntzen digute, ereduak pasa, informazioa partekatu...».

Kaltetu baten deia edo bisita jasotzen dutenean, lehen gauza, euren kasuaren berri jasotzea da. «Informazioa jasotzen dugu eta horrekin gure artean eta beste plataformetako kideekin hitz egiten dugu, nondik jo erabakitzeko», azaldu du Aranek. «Bankura joan eta normalean karentzia bat eskaintzen dute. Hau da, hainbat urtetan hipotekaren kuota txikitzen dute, horrek lasaitasuna ematen die kaltetuei, baina ez da benetako irtenbidea. Urte horiek pasata kuota bueltatzen da eta askotan handiagoa ere izaten da. Ez bazara zulotik atera, berdin zaude. Horregatik da garrantzitsua etxea zorraren ordainetan ematea lortzea, eta horrekin batera, noski, alokairu sozialak lortzea», esan du Mikelek.

Etxea zorraren ordainetan ematearekin batera, zorra barkatzea ere eskatzen dute. «Pisua emanda ere, pisu hori berriz tasatzen dute, eta tasazioa ez bada erositakoan egindako tasazioaren berdina, beharbada, bankuari dirua zor diozu oraindik, beraz, zorra barkatzea ere eskatzen dugu», gaineratu du.

Hausnartzeko aukera

Euren buruei galdera asko egitera eraman ditu plataforman egoteak, «horrenbeste kasu eta egoeraren berri izatean zu zeu ere gauza asko planteatzera eramaten zaitu». «Bankuek nahi dutena egiten dutela ikusi dugu, gu zenbakiak besterik ez garela, gure etorkizuna AEBetan dagoen putre fondo edo funts baten eskuetan egon daitekeela...», dio Rubenek. Eta hain justu, kasu horietako bat Tolosan dago; «Euskal Herrian bertan kutxen pribatizazioa dela eta, putre funtsak zabaldu dira. Tolosan bada kasu bat non hipoteka putre funts batek erosi duen, hain justu, Bush familiarena dena, eta zergak Salomon irletan ordaintzen dituena. Nola da posible AEBetako pertsona batek, hemen kideak izango dituena noski, hemengo hipoteka baten eta kaleratze baten gaineko kontrola izatea? Pertsona hori hasi zen etortzen, baina beldurrak jota edo, atzera egin zuen».

Aran plataforman dagoenetik ere kaleratua izateko arriskua gertukoa duela konturatu da. «Langilea naiz, nire diru iturri nagusi eta bakarra nire lana da, nomina. Nire gurasoak ere langile soilak dira eta lanik gabe geratzen banaiz saiatuko dira laguntzen, baina ezingo dute luzaroan egin, beraz nire burua egoera horretan ikusten dut. Lanak huts egiten badit, egoera horretan egon ninteke, lasai asko. Ez zait hain urruneko egiten».

Beldurra eta lotsa

Urte hauetan guztietan kasu asko ezagutu dituzte, baina uste dute gehiago ere badaudela, eta lotsak eta beldurrak jota, kaltetu asko ez direla eurengana gerturatzera ausartzen. «Ez da erraza, hona etortzen dena oso gaizki etortzen da, muturreko egoera batean. Hain muturrekoa ere, kaleratzearen epeak gainean dituztela etortzen direla asko, irtenbideak aurkitzea zailduz. Arazo larri bat dute euren bizitzan eta legalki kontra dute guztia. Eta horri gehitu behar zaio gizarte honetan lanik gabe geratzea eta zorrak pilatzea gaizki ikusita dagoela, eta jendea lotsatu ere egiten dela. Egia da batzuk informazio edo aholkularitza bulego bat garela ere pentsatzen dutela, jarrera horrekin etortzen dira, baina ez da horrela. Guk informazioa ematen diegu, eta noski, kaltetuaren nahia eta mugak errespetatzen ditugu, baina ez da erraza. Gu Stop Kaleratzeak gara eta legeak markatzen duen norabidearen aurka egiten dugu, aktiboki», esan du Cayetanok.

Herri plataformei esker hainbat neurri edo arau arindu dira, Guindos dekretua aipatu dute, bankuen jarduera egokien kodea delakoa, baina bada beste norabiderik ere, eta horrela Stop Kaleratzeaken lana zailtzen ari dira: « Lehen oso erraza zen jakitea hemen zenbat pisu edo lokal enbargatu behar zituzten; interneten sartu eta bazegoen orrialde bat non Tolosaldean egongo ziren enkanteen berri ematen zen. Lau eta bost orrialdeetako zerrendak zeuden. Hor sartuta gaia nola zegoen genekien, baina hori zaildu dute eta orain Estatuko Aldizkari Ofizialean edo GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean sartu behar da, eta zailagoa da».

Negoziazioak bakarrik

Orokorrean, gizartearen irudimenean, Stop Kaleratzeak plataformek egindako kateatzeak daude, kaleratu nahi dituzten pertsonekin bildu eta erresistentzia horiek uzten dituzten irudiak. Baina hori ez da Tolosaldeko kasua. «Jende asko etorri da, baina guztiek ez dute aurrera egin. Ez dugu etxeetan kateatu behar izan. Egon gara zorian, baina ez da beharrezkoa izan», esan du Cayetanok.

Plataforman bakarrik egiten dute lan, beste plataformen laguntza izan dute bakarrik, baina elkartasuna badutela diote. Arazoak izan dituzten udaletan beti lagundu diete eta gainontzeko gizarte eragileen babesa jaso dutela ere nabarmendu nahi izan dute. Udalen kasuan, dena den, zalantzak dituzte. «Orain arte lagundu digute, guri baino, kaltetuei, Ibarran eta Belauntzan, adibidez, baina egia da ere ez dela muturreko egoerarik egon, eta kasu horietan ez dakigu zer egingo luketen, udaltzaingoa bidali, ez... Ez dakigu. Udalekin harremana dugu eta laguntzen digute, hori da errealitatea. Hori bai ez dugu lortu Tolosa Kaleratzerik Gabeko Herri izendatzea. Mozio bat aurkeztu genuen, baina ez zen aurrera atera», esan du Aranek.

Taldea indartu nahi dute, kaleratze arriskuan dauden kaltetuak badaudelako eta lagundu ahal izateko laguntza behar dutelako. Lortzen ez badute ere, ez dute etsiko, hori argi dute. «Stop Kaleratzeak plataformarekin konpromisoa hartu genuen eta hemen jarraituko dugu, informazioa ematen, babesten, laguntzen, aholkuak ematen... eta beharrezkoa bada, kalera ateratzen, banketxeetara joaten... beharrezkoa dena. Badaude eta defendatu behar diren hainbat gai: osasuna, hezkuntza, etxebizitza eskubidea... guztia ari zaizkigu kentzen eta aurre egin behar dugu. Etxebizitza giza eskubidea bat da, oinarrizkoa, eta horrekin jolastu eta espekulatzea ez da bidezkoa. Ez baduzu atseden hartzeko leku bat, familiarekin biltzeko txoko bat, lasai egon ahal izateko etxebizitza bat... ezin duzu aurrera egin, oinarrizko eskubide bat da», esan du Rubenek.

Berez, legez, kaleratze guztiak ilegalak baitira, «euren legearen arabera gainera», esan du Mikelek, eta Rubenek Europan aztertzen ari diren beste klausula bat ekarri du gogora: hipoteken amaitze aurreratua, «hau da, hipoteka bat ematen badidate 30 urtetan ordaintzeko, 30 urte ditut hipoteka ordaintzeko ezta?».


STOP KALERATZEAK

Telefono zenbakia. 634 431 052.

Emaila. stopdesahuciostolosan@gmail.com.

Bilerak. Laguntza eskatzeko zein taldean parte hartzeko hamabost egunez behin biltzen dira, astelehenetan, 19:30ean, Tolosako Abastos eraikineko lokalean, Plaza Berrian.



AUZIAK

Tolosa.

Santander banketxean emakume adindun baten kasua eman zuten eta etxearen ordainetan zorra barkatzea lortu zuten.

Laboral Kutxarekin ari dira negoziatzen ama baten kasua.
Kutxabank eta putre funts baten eskuetan dagoen gizonezko adindun baten kasua ere eman zuten, baina arazoa konpondu ez bada ere, ez dute informazio gehiagorik jaso.

Aita batek Alokabiderekin zuen arazoa konpontzea lortu zuten. .

Ibarra.

Hipoteka Laboral Kutxarekin duen aita baten kasua negoziatzen ari dira.

Ama batek Caixa Novarekin zuen hipotekan etxearen ordainetan zorra barkatzea lortu zuten.

Belauntza.

Gizonezko adindun batek Santander banketxearekin zuen hipotekan etxearen ordainetan zorra barkatzea lortu zuten eta era berean, Belauntzako Udalak etxebizitza atondu eta alokairu sozial baten truke utzi zion.

Villabona.

Ama batek Santanderren zuen hipotekan etxearen ordainetan zorra barkatzea lortu zuten.

Irura.

Emakume batek Laboral Kutxarekin zuen hipotekan etxearen ordainetan zorra barkatzea lortu zuten.

Erlazionatuak

Babesa jaso dute berme-emaileek

Rebeka Calvo Gonzalez 2018 api 29 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!