Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailak eraikuntzari eta etxebizitzari buruzko estatistiketan emandako datuen arabera, 2017an 4.401 etxebizitza berri egitea aurreikusten zen EAEn. 2007an, aldiz, 16.322 ziren. 2013. urtearen bueltan hondoa jo zuen etxebizitzen salerosketak eta orduz gero salmentek gora egin duten arren, oso urruti daude 2007ko kopuruetatik.
Tolosaldeko zenbait herritan promotore pribatuek bultzatutako etxebizitza berriak egingo dituzte 2018an eta erakunde publikoek bultzatuta proiektuak ere gauzatuko dituzte. Orendainen, esaterako, Kale baserria eraberritu eta bertan etxebizitzak egiteko proiektuaren azken fasean murgilduta daude. Udalarena den eraikinean bost etxebizitza egingo dira, eta lau bizilagun berri aukeratuko dituzte prozesurako. Eskualdeko beste herri txiki batean ere, Hernialden, udalak salduko ditu eraikitzekoak diren terrenoak, zerbitzu guztiekin. Gero partzela erosten duen herritarraren esku geratuko da eraikitze proiektua, beti ere udaletxean onartutako pleguetan agertzen diren baldintzak beteta. Elduaingo Udalak, berriz, hitzartutako prezioko sei etxebizitzen sustapena egingo du Erretoretxen. Herri txikienetan, herritarrak bertan geratzeko aukera izan dezaten ahalegintzen ari dira udalak.
Baldintza ekonomikoak
Krisi aurreko etxebizitzen batez besteko salneurria oztopo handia zen etxebizitza berria eskuratzeko, orain salneurria apalagoa denean, erosteko ahalmenean zailtasunak dituzte herritarrek, batez ere, gazteek. Gazteen Euskal Behatokiaren arabera, jabetzan etxebizitza bat eskuratzeko 18-34 urte bitarteko EAEko gazte batek soldataren %54,9 horretara bideratu behar zuen 2016an. Horrek atzeratu egiten du Hego Euskal Herrian emantzipaziorako bataz besteko adina: 30 urteren bueltan kokatuz. Danimarka edo Suedia bezalako herrialdeetan, berriz, 19-20 bitartean dago.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailaren Estatistika Organo espezifikoak higiezinen eskaintzari buruzko inkesta egin du eta bertan Gipuzkoako etxebizitzek 2017an izan zuten bataz besteko prezioren berri eman du. 264.700 eurokoa da etxebizitza librearen batez besteko prezioa, duela 10 urte baino ia 100.000 euro merkeagoa. Babestutako etxebizitzen bataz besteko prezioa, berriz, duela 18 urte halako bi da orain: 134.500 euro. Metro koadroko etxebizitzek duten prezioari begiratuta, azken urteotan gorabeheratsua izan da joera ikusi taula, baina beherantz doaz babes ofizialeko eta erabilitako etxebizitza libreen prezioa, eta gora berriz, etxebizitza libre eta berriena.
Hutsik dauden etxebizitzak
Zer birgaitu badago, Tolosaldean dauden etxebizitzen %17a hutsik baitago. Etxe hutsak, gehienetan egoera txarrean egoten dira, bertan mantentze lanik egiten ez delako. Eustatek egin ohi duen Biztanleriaren eta Etxebizitzen Zentsuak emandako datuak argigarriak dira. Tolosaldeko 28 herrietan, 3.672 etxebizitza daude hutsik.
Jabeek adierazitako beharrizanak baino askoz gehiago izango dira nahitaez egin beharreko birgaitze lanak, epe ertain eta luzera. Besteak beste, 50 urtetik gorako eraikinek ikuskaritza teknikoa pasa beharko dute derrigor ekaina baino lehen eta adin horretako etxebizitzak zenbat diren ikusita ez dirudi denen berrikuspena egiteko betarik izango denik. Etxebizitzari Buruzko Udal Estatistikan, Eustatek 2016an emandako datuei erreparatuta 1961 eta 1980 urteen artean egindakoak dira eskualdeko etxebizitza eraikin gehienak. Bataz beste 43,3 urteko adina dute eta.
Tolosaldeko biztanle gehien-gehienak blokeetan eraikitako 3 eta 10 bizitza arteko etxeetan bizi dira, 8.705 guztira. 11 eta 20 etxebizitza arteko eraikinetan ere jende asko bizi da 6.410 eraikin dira horrelakoak, baina eskualdean landa eremuak duen presentzia ikusita, asko dira etxebizitza bakarreko eraikinak, gehienak baserriak. Etxebizitzen azalera erabilgarriari begiratuta nabari da hori: 116 metro koadroko azalera erabilgarria dute eskualdeko etxebizitzek, EAEko bataz besteko baino dezente altuagoa, 85,8 metro koadrokoa baita. Gainera, landa eremuko etxebizitza hauek lur eremuak ere izaten dituzte atxikita eta horrek mantenua zaildu egiten du.
Alokailua, alternatiba?
Gutxiengo bat dira, gaur-gaurkoz, errentan hartzen ziren etxebizitzak salgai jartzen direnekin alderatuta. Jaurlaritzak higiezinen eskaintzari buruzko inkestan aipatzen duenez, EAEn 2017an eskainitako 27.798 etxebizitzetatik %5,4 bakarrik jarri dira alokairuan. Gainerako %94,6a salgai egon dira: gehien-gehienak, dagoeneko erabilita dauden etxebizitzak.
Krisiaren lehenengo urteetan etxebizitza salerosketak murrizteak, alokairuzko etxebizitzak ugaritzea ekarri zuen. 2009an, 3.380 izan ziren errentan jarritako etxebizitzak, iaz jasotako datuen bikoitza; 2017an EAEn 1.503 izan baitziren alokairuan eskainitakoak. Kopuru hori 2015ean hasi zen jaisten nabarmen, nahiz eta azkeneko urtebetean igoera txiki bat nabari den: 2016tik 2017ra %4,1etik %5,4ra. Honek erakusten du jabetzaren kultura nagusitzen dela gurean. Euskal Herria urrun geratzen da Alemania (%48,3) edo Frantzia (%35,1) bezalako herrialdeetan dagoen alokairuzko parkearekin alderatuta. Europako bataz bestekoa ere, %30,8an kokatzen da.
Azken urteetan etxebizitzen merkatuak izandako aldaketen ondorioz, etxebizitzen alokairua garestitu egin da. Bataz beste, EAEko alokairuan jarritako etxebizitza bategatik 944 euroko errenta ordaindu zen. 2014an baino ehun euro gehiago. Alokairu librean dauden etxebizitzak bakarrik kontuan hartuz gero, kopuru horiek oraindik ere altuagoak dira.
Erakunde publikoetatik ari dira gazteentzako alokairua sustatzen. Zuzkidura bizitokiak egin dituzte, esate baterako, Ibarran eta Tolosan. Berriki, Tolosako Euskal Herria plazako alokairuko 21 etxebizitza zozkatu dituzte. Hiru kideko bizikidetza unitate bat eta bi kideko bost bizikidetza unitate daude, horien artean, gainerakoak, kide bakarraz osatutako bizikidetza unitateak dira. Kasu honetan, 18 eta 35 urte arteko gazteei zuzendutako eskaintza izan da eta urteko 3.000 eta 25.000 euro arteko diru sarrera haztatuen baremoa jarri dute.
Adierazle guzti hauek erakusten dute, nahiz eta Euskal Herriko ekonomiak hazkunde abiadura bizkortu, etxebizitza merkatua motelago doala. Hazten ari da sektorea baina 2017ko datuek erakusten dute aurreko urteetan baino polikiago doaal. Salmentek gora egin dute, baina oso urruti daude 2007ko datuetatik. Interes tasak txikiak dira, baina bankuek orduan baino zuhurrago jokatzen dute maileguekin. Faktore demografikoa ere hor dago, zahartzen ari den gizartean, etxebizitza erosteko beharra ere jaitsi egin da.