Etxebizitza gehigarria

Nolakoak dira Tolosaldeko etxeak?

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 26a, 11:24

Eskualdeko eraikin gehienak 3 eta 10 etxebizitzako blokeak dira eta Ibarran, Tolosan eta Zizurkilen baino ez daude 41tik etxebizitzatik gorako eraikinak. Asko dira baita ere, etxebizitza bakarrekoak, gehienak landa eremuan kokatutako baserriak, eta bataz beste, etxebizitza bakoitzean, 2,7 biztanle bizi dira etxe bakoitzean. Egitura-ezaugarriei begiratu die 'Ataria'-k.

Tolosaldean, 2016. urtean 22.487 etxebizitza zeuden Eustatek Etxebizitzari Buruzko Udal Estatistikan emandako datuen arabera. Bataz beste 43,2 urte dituzte etxebizitzek gure eskualdean, nahiz eta badiren hortik dezente gora daudenak ere: Elduainen, adibidez, bataz beste ia 70 urte dituzte etxebizitzek. Jakina den bezala, azken urteetan etxebizitza berri asko egin dituzte eskualdeko zenbait herritan, eta hala, berrienak Adunan (28,7) eta Iruran (24,5) daude.

Eskualdeko etxebizitza bakoitzean, bataz beste, 2,7 lagun bizi dira. Herririk txikienetan Baliarrain, Orendain, Hernialde edo Orexan, adibidez, etxebizitza bakoitzeko hiru bizilagun izateko tasatik gertu daude eta handiagoetan, aldiz, baxuagoa da bataz bestekoa. Tolosan, adibidez, etxeko 2,5 biztanle bizi dira Eustatek emandako biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuaren arabera. Hain justu, hori da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bataz besteko biztanle kopurua etxebizitza bakoitzeko: 2,5.

Euskal Autonomi Erkidegoko datuei begiratuz gero, bataz beste, etxebizitzek 85,8 metro koadro erabilgarri dituzte. Kopuru hori altuagoa da Tolosaldeko eskualdean: 116 metro koadro dira, hortaz, handiagoak dira etxebizitzak. Herri txikiagoetan, erabilgarri diren metro koadroak dezente gehiago dira herri handiagoetan baino. Adibidez, Bidania-Goiatzen, bataz beste, etxebizitzek 203,5 metro koadro dituzte erabilgarri. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bataz bestekotik behera daude, berriz, Anoetan (82,7 metro koadro) edota Ibarran (84,4 metro koadro).

Etxebizitzek azalera erabilgarri gehiago izanik, etxebizitza bakoitzeko logela kopurua ere handiagoa da. Tolosaldean etxebizitza gehienek bost logela baino gehiago dituzte eta gutxiengoa dira logela bat edo hiru artean dauzkatenak, etxebizitza guztien %6,4 litzateke azken kasu honetan. Beste hainbeste gertatzen da, zazpi logela baino gehiagoko etxebizitzekin, %6,4 dira eskualdean.

Kuriositate gisa, Tolosaldeko 432 etxebizitzek ez dute bainugelarik eta bi baino gehiago dituzte 5.669 etxebizitzetan. Eskualdeko 12.730 eraikinetan igogailua dago eta gabekoak 9.719 dira, %44,4. Ur korronte, berogailu eta linea telefonikoa ia etxebizitza gehienetara iritsi da. Oso portzentaje baxua da, horiek gabeko etxebizitzena.

Eustatek Biztanleriaren eta Etxebizitzen 2011ko zentsuan jasotakoaren arabera, Tolosaldeko etxebizitzen %16,7 hutsik dago. Kopuru hori aldakorra da udalerriaren arabera. Orendaingo etxebizitzen herena, adibidez, hutsik dago datu hauek kontuan hartuta. %25aren bueltan dabiltza Albiztur, Berastegi eta Lizartza bezalako herriak eta okupazio handiena duten herriak, handienak dira: Tolosa (%17), Villabona (%16) edo Zizurkil (%16). Anoetan edo Ibarran dauden etxebizitzen %11 inguru dago hutsik Eustatek emandako datuen arabera. Kontuan hartu behar da, Tolosaldeko zati handi bat landa eremuan kokatuta dagoela eta baserriak direla zentsuan agertzen diren etxebizitzetako asko. Horietako askotan ez da biztanlerik bizi, nahiz eta ustialekua bizirik dagoen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!