Tolosaldeko lanbide heziketa eskaintza zabala, kalera, hirugarrenez

Mikel Iraola 2018ko api. 11a, 18:49

Apirilaren 20 eta 21ean, Trianguloan Lanbide Heziketa Azoka ospatuko dute eskualdeko bost ikastetxek, beren eskaintza zabala ezagutzera emateko, Eginez ikasi, Tolosaldeko Lanbide Heziketan hasi lelopean.

Industria arloa, osasungintza, nekazaritza, administrazioa, ostalaritza... alor asko ukitzen ditu Tolosaldeko Lanbide Heziketa eskaintzak. Bost ikastetxe daude eskualdean, Tolosaldea Lanbide Heziketa institutua, Inmakulada ikastola, Peñascal taldea, Don Bosco ikastetxea eta Fraisoro eskola, eta hirugarren urtez, guztiak batu dira eskaintzen dituzten formazio zikloen berri emateko.

Bi egunetan banatuko da ekitaldia. Apirilaren 20an, ostiralean, ikastetxeekin bisita gidatuak egingo dituzte, eta hurrengo egunean, larunbatez, Trianguloan izango dira 10:00etatik 14:00etara bitartean, bertaratzen den orori informazioa zuzenean eman asmoz.

Eskualdeko eskaintza "zabala eta anitza" dela azaldu du Joxe Mari Elola, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko Zuzendariak azokaren aurkezpen ekitaldian: "EAEko eskaintzarik onenetakoa dugu Tolosaldean. Ez da bigarren mailako irakaskuntza bat. Kalitatezkoa eta berritzailea da, enpresen beharrei eta proiektu berriei begira baikaude. Proiektuekin eta lan erronkekin egiten dugu lan, enpresek behar dituzten konpetentzia transbertsalak lortzeko".

Hain zuzen, ikasleez gain, enpresak eta langabezian dauden herritarrak ere gonbidatu dituzte azokara, haientzat ere lan egiten baitute ikastetxeek. Besteak beste, enpresekin berrikuntza proiektuak garatzen dituzte, "lehiakorragoak izan daitezen", eta langabetuei ikastaroak eta formakuntza espezializatuak eskaintzen zaizkie.

Eskualdean duten "balio erantsia" nabarmendu du Olatz Peon Tolosako alkate eta Tolosaldea Garatzen agentziako lehendakariak: "Enpleguaren, eta ondorioz, bere garapen ekonomikoaren pieza garrantzitsu dira heziketa munduan. Eta, gainera, enpresekin eta lan merkatuarekin harreman zuzena dute".

Lan-munduratze tasa altua

Lanbide Heziketa bukatu dutenen lan-munduratzea da, hain zuzen, lanbide heziketaren indargune nagusietako bat. Beste ikasketa mota batzuen aldean, oso altua da, eta urtez urte gorantz doa. Gaur egun ikasleen %70a ikasketak amaitzearekin bat lanean hasten da, eta zenbaitetan %100-era ere iristen da.

Tolosaldean gehien eskatutako lana zerbitzuetan, industrian, makinaria munduan edota administrari lanetakoa da. Iaz, esaterako, 5.000 kontratazio baino gehiago egin ziren eskualdean, horietako asko lanbide heziketari lotutakoak. "Ez dago nahikoa ikasle dagoen lan eskaintzari aurre egiteko" azaldu dute.

Horrek langabezia datuetan ere eragina izan du, azken urteotako daturik onena markatu baitu langabezia tasak pasa den martxoan: %9,56koa da. Lanik gabe dauden gehienak emakumezkoak dira, eta generoekin lotutako estereotipoekin puskatzeko helburua ere badu azoka honek: "Lanbide Heziketan ere genero estereotipoekin hautsi behar da, eta gertatzen ari da, geroz eta emakume gehiago prestatzen da orain gutxira arte gizonezkoak soilik zeuden lanpostuetarako. Horretan aurrera egin da, baina asko dugu egiteke”, nabarmendu du Olatz Peonek.

Lan mundua euskaratzen

Euskarak ere pisu handia du lanbide heziketako eskaintzan. "Ia ziklo guztiak euskaraz eskaintzen ditugu. Hori ez da beste lekuetan gertatzen, euskarazko eskaintza zabalena duen eskualdea gara", nabarmendu du Elolak.

Xabier Saizar Galtzaundi Euskara Elkarteko kideak, berriz, euskarazko eskaintza zabalak lan mundua euskaratzen laguntzen duela nabarmendu du: "Gure eskualdeko gazteak euskaraz hezten dira, eta beharrezko hezkuntza amaitu ondorengo hezkuntza ere euskaraz egiteko aukera bermatua izatea oso garrantzitsua da. Baina hirugarren pauso bat ere falta da, lan mundua euskaratua ikustea. Pausoak eman dira, eta garbi dugu gehiago landu behar dugula, gero kalean euskararen erabilpen datuetan islatu dadin".

Tolosaldeko Lanbide Heziketa Datutan

Guztira, alor ezberdinetako 20 ziklo eskaintzen dituzte eskualdeko ikastetxeek. 1.300 ikasle inguru daude eskualdean, eta urtero 600 ikasle inguruk hasten du formazioa zentro horietakoren batean. Horrez gain, enpresei eta langabeei zuzendutako formakuntza saio berezi eta ikastaroetan, beste 1.200 pertsonak hartzen dute parte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!