Zuzeneko kontakizuna: alerta laranja, euriagatik

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 11a, 13:09

Eguerdiko 12:00etatik biharko 12:00ak arte alerta laranja aktibatu du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Gipuzkoan, prezipitazio iraunkorren ondorioz.

Euri asko egin ari da gaurkoan, eta Euskalmeten iragarpen meteorologikoaren arabera, ez du etsiko. Ez behintzat biharko 12:00ak arte. Ordura arte aktibatu du Uholdeen Larrialdi Plan Bereziaren Alerta fasea Segurtasun Sailak.

Prezipitazioak iraunkorrak izaten ari dira, eta eragina izaten ari da eskualdean. Eskualdeko ibaiak, esaterako, gainezka datoz. Alegian, Oria ibaiak eta Amezketa errekak bat egiten duten lekuan, kirol eta kultur etxearen aurreko bulebarrean, urak gainezka egin du.

(Bideoa: Patxi Renobales)

Tolosan ere Oria ibaiak gainezka egin du Kondeaneko Aldaparen hasiera puntuan. Tolosaldeko Arraun Klubaren instalazioetan ere sartu da ura, baina momentuz ez du kalterik eragin.

Zizurkilgo Elbarrena auzoa zeharkatzen duen Asteasu errekak ia gainezka egin du Aurrera plaza parean, Oria ibaian urak isuri aurretik. Amasa-Villabona parean ere Oria ibaiak gainezka egin du.

Hernialdeko bidegurutzean Oria ibaiak gainezka egin du eta Anoeta eta Tolosa arteko bidegorria urak hartu du.

Tolosako Usabal industriagunean ere urak atera dira eta zenbait pabiloietan uholdeak izan dituzte. Suhiltzaileak aritu dira ura ateratzen.

Eskualdeko estazio meteorologikoen datuei erreparatuta, azken orduetan Berastegin eta Bidania-Goiatzen izan da prezipitazio gehien: 116,2 l/m² eta 115,5 l/m² hurrenez hurren. Alegiako estazioa maila horira iritsi da, gaurko egunean zehar 47,2 l/m² ur bildu eta gero. Belauntzan, berriz, 53,7 l/m² euri egin du, Zizurkilen, 65,3 l/m² eta Urkizu auzoan 56,1 l/m². 

Ibiur urtegiaren betetze maila ere %100,54ean dago, Gipuzkoako Ur Kontsortzioko datuen arabera.

Errepideetan ere eragina izan du euriteak: Bidania-Goiatz eta Tolosa arteko errepidea moztuta egon da, zuhaitz bat errepidera erori eta gero. Oso adi gidatzeko eskatu du Segurtasun Sailak, eta ezinbestekoa ez den kasuetan autoa ez hartzeko gomendatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!