Osasun publikoaren afera

Eskumenaren argudioa "aitzakiatzat" joz, EH Bilduk ez du lan mahaia beste aukerarik aurreikusten

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko api. 5a, 15:06

Gutxieneko adostasunak badirela argudiatuz, osasun sailera jotzea Tolosako Udalaren ardura dela nabarmendu dute Ibai Iriartek eta Cristina Pelaezek.

"Momentu honetan, lan mahairik ez osatzea ez da gure aurreikuspenetan sartzen". Hala azpimarratu du Ibai Iriarte EH Bilduko zinegotziak, alderdiak eskainitako agerraldian. Cristina Pelaezekin batera eseri da, eta biek hizpide izan dute, azken osoko bilkuran osasunaren lan mahaia osatzeko mozioak izandako erantzuna: "Denok batera, Tolosaldearentzat egokia izan daitekeen proposamen bat eraman behar dugu eskumena duen organora, presioa egin eta behin betiko irtenbide bat eman diezaioten". 

Osoko bilkurak emandakoa gogora ekarri dute, azalduz, EAJk lan mahaia osatzearen aurkako botoa eman zuela, udalak horretarako eskumenik ez duela azalduz, eta PSE-EEk atzera egin zuela bere adierazpenetan, lan mahaiari uko eginez. Horrela, oposizioko kideek hiru norabidetan egin diete kritika, udal gobernuko EAJri eta PSE-EEri.

Batetik, EH Bilduren udal taldeak "aitzakiatzat" jo du eskumenen inguruko argudiaketa, eta "arazoari aurre ez egiteko modu bat" dela azpimarratu dute agerraldian. Bide horretan, Tolosaldea Garatzen garapen agentziaren sorrera baliatu dute, aldeko adibidetzat: "Garapen agentzia sortu zenean, udalek bat egin zuten langabeziari aurre egiteko eta, eskumenik izan gabe, lanean hasi ziren. Udalak, herritarren defentsa eta babeserako tokiko administrazio izanda, ezin dio bizkarra eman Tolosaldeko osasun arretaren egoerari".

Halaber, duela 30 urte Tolosaldeko alkate guztiek egindako manifestazio entzutetsua ere gogora ekarri nahi izan du EH Bilduk, eskumenik ez izanagatik, guztiek bat egin zutela azalduz: "Garai hartan kontzertazioa eskatu zuten, bestela eskualdea klinikarik gabe geratuko zelako. 30 urtean, ordea, hitzarmenaren baldintzak eta arreta asko aldatu dira, eta Tolosaldeko udalek orduan bezainbesteko zilegitasuna dute, osasun sailari konponbide bat eskatzeko". 

Hain justu, EH Bilduk "irtenbide saiakerarik ez egitea" ere egotzi die EAJri eta PSE-EEri: "Arazoa, ondorioak eta ondorioen eraginak jasaten dituztenak entzun dituzte, baina, lan mahaiari ezezkoa ematearekin, konponbiderako saiakerarik ez egitea erabaki dute", gaitzetsi du Pelaezek. Horren harira, Iriartek gaineratu du "alkateak berak gutxieneko hiru adostasun" zerrendatu zituela, bai batzar monografikoan, bai osoko bilkuran: zerbitzu publikoa izatea, doakoa izatea eta kalitatezkoa izatea.

Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko ESIen balorazioa izan dute hizpide, Tolosaldeko ESIa gainerako ESIen parametroetan neurtu izana salatuz: "Behin eta berriz aipatzen ari dira Tolosaldekoa 6. ESI hoberena dela, baina Tolosaldeko ESIa ezin da gainerakoen parametroetan neurtu". Besteak beste, ESIko zerbitzuaren barruan kudeaketa pribatuko klinika bat izatea parametro horietatik kanpo kokatu du EH Bilduk: "Izan ere, kudeaketa publikoa duen ospitale publiko batean, zenbait baldintza eztabaidaezin bermatu egiten dituzte. Hala nola, profesional kopurua, profesional horien prestakuntza, lan baldintzak nahiz Osakidetzako programa informatikoan klinika pribatuek sarbiderik ez izatea", azaldu du Pelaezek.

Horrenbestez, Tolosako EH Bilduk orain arteko bidean jarraituko duela iragarri du, lan mahaia beren agendako lehentasuntzat joz: "Hau ez da oraingo kontua, gutxienez 2011z geroztik datorren zerbait da, eta denok dakigu eskualdean arazo bat dagoela. Lan mahaia da auzi hau konponbidera begira jartzeko gunea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!