EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako mozioak, eta bilkurara bertaratutako langileek, plenoaren erdigunean jarri zuten, beste behin, Asuncion klinikaren inguruko afera. Ikuspuntu sindikal nahiz kudeatzailetik, ohiko iritzi talka sortu zen udal gobernuaren, oposizioaren, langileen eta TOPA koordinakundeko ordezkarien artean, baina Christian Fernandez PSE-EEko zinegotziak eman zuen albistea, joan den martxoaren 16an Ataria Irratian baieztatutakoa atzera botaz: PSE-EEk ez du Tolosaldeko osasun mahaia sortzearen alde egingo.
Bere argudioak mahai gainean jarri zituen Fernandezek, EH Bilduk plenoan aurkeztutako mozioaren harira: "Zehaztu nahi dut, nik ez dudala mahaiaren beharra azpimarratu, loteslea izan dadin; iritziak trukatzeko gune bat izan daiteke, baina, erabakiak hartzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, ez beste inori". Horrela, beraz, aurkako botoa eman zion oposizioko taldearen mozioari.
EH Bilduk, finean, Tolosaldeko osasun zerbitzua aztertzeko lan mahaia eratzea eskatu zion udalbatzari, azalduz, hilaren 12ko bilera monografikoak "argi geratu" zela Asuncionek eskualdeko gizartean sortzen duen "kezka". Igor Ezenarro zinegotziak hartu zuen hitza, eta aurrerapausoak ematera deitu zituen gainerako alderdiak: "Badakigu udalak ez duela eskumenik erabakiak hartzeko, baina urteak daramatzagu, ez aurrera, ez atzera. Geurea defendatzeko elkarrekin aritzeko garaia da".
Olatz Peon alkateak, bere aldetik, martxoaren 12ko batzarra errepasatu zuen, azalduz, bi jarrera nagusi islatu zirela hitzorduan: "Klinika publiko egitearen aldeko taldea zegoen, batetik, eta langileen aldarrikapenekin bat egiten zuen taldea, bestetik. Denok bat gatoz puntu batean: zerbitzuak doakoa, publikoa eta kalitatezkoa izan behar du. Nik, alkate gisa dagozkidan ardurak hartuz, bilerak egin ditut Jon Darpon sailburuarekin eta klinikako zuzendaritzarekin, baina, osasun mahaia, inork antolatzekotan, osasun sailak antolatu behar du; hezkuntzaren kasuan ere, jaurlaritzak antolatzen ditu halako organoak".
Ohiko moduan, eredu eta ikuspegien arteko eztabaidak luze jo zuen eta, EAJk eta PSE-EEk mozioaren aurkako botoa emanda testua baztertu baldin bazen ere, galde-erreguen txandan hizpide izan zen, berriro, Asuncion klinika. Langileen ordezkariak hartu zuen, lehenengo, hitza: “Beste behin, siglek benetako beharrek baino indar handiagoa dute eta, udalak eskumenik ez duen arren, presioa egiteko ahalmena du”.
Bere aldetik, TOPAko ordezkariak “errealitatearen bi irakurketa erabat desberdin” daudela azpimarratu zuen: “Guk, esaten duguna, ez dugu ideologiagatik edo gustuz esaten; azpiegitura beharretan eta ratioetan oinarrituta esaten dugu. (...) baina, zergatik ezin da, hemen, lan mahai bat osatu? Goazen egia ezagutzera, gertatzen dena aztertzera”.
Azkenik, Olatz Peon alkateak itxi zuen eztabaida, bilkura eta eztabaida ez luzatzearren: “Ni ez naiz medikua, eta ez daukat xehetasun teknikoak zertan ezagutu. Nik kalitatea exijitu dezaket, hori bai, eta egiten dut. Eta hori Osasun Sailak ezarritako parametroen arabera egiten da. Tolosaldeko ESIa ona dela diotenean, haserretu egiten gara. Besterik da, parametro horiek egokienak ez izatea”.
Salbuespen neurrien aurka, edo pintaketen aurka
Kataluniako ordezkari politikoen atxiloketa eta espetxeratzeak irmoki salatu zituen, atzo, Tolosako Udalbatzak. EAJk eta EH Bilduk bat egin zuten elkartasun mozioarekin, neurri judizialak gaitzetsiz. Besteak beste, “oinarrizko printzipioak urratzen” ari direla azpimarratu zuten, eta Amnesty Internationalek eginiko balorazioari jarri zioten fokua, berretsiz, neurriz kanpoko zigorrak ezartzen ari direla.
EH Bilduko Inaki Irazabalbeitiak gogor salatu zuen, Espainiako Gobernuak “ekintza demokratiko bat estatu kolpe batekin alderatzea” eta, gaineratu zuen, Katalunia “sintoma bat besterik” ez dela, “Espainiaren inboluzio demokratikoan”.
Bide beretik, EAJko Begoña Tolosak azaldu zuen, “atxiloketa horiek ordezkari politiko horien aldeko boto eman duten herritarren askatasuna ere gatibu” hartzen dutela, eta “estatuak nahieran” darabilela legea: “Baina kartzelak ez ditu arima eta ideiak aldatzen”.
Kontrara, ordea, PSE-EEko Christian Fernandezek aurkako botoa eman zion elkartasun eta babes mozioari, defendatuz, beren alderdiak “justiziaren erabakia errespetatu” egiten duela: “Independentzia judiziala errespetatzen dugu eta, bide batez, nire elkartasuna azaldu nahi diet PSCko kideek, beren egoitzetan hainbat pintaketa azaldu baitira egunotan”.
Plegu berriak, itxaropenera leiho?
Tolosaldea Bus enpresako langileak ere bertaratu ziren, atzo, osoko bilkurara. Azken plenoetan egin bezala, enpresaren “pasibotasuna” eta langile baten kaleratzea salatu zituzten, gero Tolosako alkateari kontuak eskatzeko: “990 sinadura, manifestazioak eta bi hilabeteko greba ez al dira nahikoa neurriak hartzen hasteko?”:
Langileek azken agerraldietan salatutako puntu bati erantzunez, Olatz Peonek azaldu zuen “ez dela egia pleguak betetzen ez direnik”. Une horretan, idazkariak hartu zuen hitza, gaiak azalpen tekniko bat eskatzen zuelako. Horrela, azaldu zuen 2005eko pleguek ez zutela xedatzen Hiribusak izan beharko lituzkeen langile kopurua eta, gabeziak ikusiz, Tolosako Udala plegu berriak osatzen ari dela. Kontuak horrela, kontratazio prozesuari ekin diote, eta bertan xedatu dute Hiribusak 2,59 langile behar dituela.
Azkenik, EH Bilduk enpresaren jarrera salatu zuen, ulertezintasuna azpimarratuz: “Ez da gizalegezkoa langileekin ez biltzea. Zein da helburua, gatazka luzarazi eta udalarekin duten kontzesioa galtzea?”.
Zinegotzi berri bat, txistulari baten erretiroa eta Palestinara diru laguntza
Martxoko osoko bilkurak ez zuen gatazka bakarrik izan, eta plenoak bide eman zion, esaterako, Cristina Pelaezen zinegotzi kargu berriari. EH Bilduren udal taldean ariko da, aurrerantzean, Maria Lasak utzitako postuan.
Era berean, lanpostu zerrendaren aldaketaren bitartez, udalbatzak iragarri zuen datorren abuztuan erretiroa hartuko duela Iñaki Letamendia txistulariak. Hark bi kontratu ditu –txistulari bandako zuzendariarena eta musika eskolako irakaslearena–, eta lanpostu bakarrean elkartzea erabaki du udalak. Horrela, esker hitzak eskaini zizkioten Letamendiari, gaineratuz, izango dela tartea bere lana eskertzeko.
Azkenik, Jesus Artetxeri izendun diru-laguntza bat ematea erabaki du udalak, Palestinako Jenin errefuxiatuen eremuan eraikitzen ari diren etxerako. Hango emakumeen etxea sortzeko proiektua da Artetxek esku artean darabilena eta, besteak beste, sorkuntzara eta laguntza psikologikora bideratutako gunea izatea dute jomugan.