Eskualdeko euskaldunen kopurua %2,9 igo da azken bost urteetan

Jon Miranda Labaien 2018ko api. 5a, 11:42

Eustatek 2016ko biztanleriaren eta etxebizitzen zentsuan eman ditu euskara datuak; herri handienetan hazi da gehien portzentajea.

Tolosaldeko 45.850 biztanleetatik %73,9k daki euskaraz. Hamarretik batek ia euskalduntzat du bere burua eta 7.400ek (%16,1) erdalduntzat. Eustatek 2016ko zentsuan jaso ditu euskararen ezagutzaren inguruko datuok, baina baita herritarren lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren ingurukoak ere. Kontuan izatekoa da inkesta bat dagoela oinarrian, herritarren datu aitortuak baitira zentsuan jaso direnak.

Balio dute, halere, euskarak eskualdean izan duen aurrerabidea aztertzeko. 1981etik jasotzen dira zentsuan euskararen ezagutzaren inguruko datuak, eta ordutik %11 egin du gora euskaldunen ehunekoak; gaur egun, inoizko euskaldun portzentaje handiena dago Tolosaldean. Bilakaera hori, neurri handi batean, jende gehien bizi den herrietan euskararen ezagutzak gora egin duelako izan da. Tolosan, esate baterako, duela 37 urte herritarren erdia baino ez zen euskalduna; gaur egun, %70,9a. Bide berdina egin dute eskualdeko beste herri batzuek ere: Zizurkilen %14,96 eta Ibarran %8,04 igo da euskararen ezagutza azken 20 urteetan. Herri handienetan joerek bere horretan jarraitzen dutela ikusten da, azken bost urteotako datuei begiratuta.

Herri batzuetan irabazi dena, ordea, beste batzuetan galdu da; herririk txikienetan. 1986an, adibidez, erabat euskaldunak ziren eskualdeko herrietan behera egin du euskararen ezagutzak. Baliarrain har liteke adibidetzat: denak ziren euskaldunak 1986an eta gaur egun,%90,8k aitortzen du euskaraz dakiela. 2011tik hona, gainera, joera nabarmendu egin da, bikoiztu egin baita erdaldunen kopurua herrian.

Orexa eta Orendain bezalako herrietan neurri apalagoan baina errepikatu egiten dira datuak, eta 1981etik honakoak aztertuz gero behintzat, kozkorragoak direnetan are nabarmenagoa da galera. Bidania-Goiatzen, adibidez, 507 ziren euskaldunak duela 37 urte eta orain 425 dira (20 urtean %11,39 egin du behera euskararen ezagutzak). Ehuneko bertsua errepikatzen da Ikaztegietan (1986tik %13,56 behera) eta Amezketan (1986tik %7,19 behera). Gainera, 2011tik hona herri hauetan, euskaldunak galtzeko joera mantendu egin da.

Eustatek emandako 2016ko datuek erakusten dute, halere, euskaldunak galtzeko joera horri esku frenoa jarria diotela zenbait herritan. Azkeneko 20 urteetako datuei buelta eman eta 2011tik hona euskaldunak irabazi dituzte, adibidez, Larraul, Leaburu, Lizartza edota Altzon. Herri horietan ez dira 1986an adina euskaldun, baina eten egin dute, behintzat, galera. Aduna da, bost urteotan gehien euskaldundu den herria: 363 ziren 2011n euskara zekitela aitortzen zutenak eta 2016an 412 (ia %5eko igoera).

ESKUALDE EUSKALDUNA

Euskararen ezagutzak gora egin du Tolosaldean azken bost urteetan (%2,9), eta beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gainerako herri euskaldunetako joera errepikatzen da gurean. Euskaldunen indizea %70etik gorako duten herriak hartzen dira euskalduntzat, eta eskualdeko 28ek betetzen dute baldintza hori Ueman sartzeko eskatzen den indizea da, euskaldunak eta ia euskaldunen erdiak kontuan hartuz osatzen dena. Iaz egindako hizkuntzen erabileraren neurketaren arabera, gainera, Tolosaldeko kaleetan behatu ziren elkarrizketen %56,5 eman ziren euskaraz.

Kopuru hori %48ra jaisten da etxe barruko hizkuntza erabilerari begiratuz gero. Eustatek 1991. urtetik galdetzen du kontu honen inguruan eta jaitsi egin da euskararen etxeko erabilera eskualdeko herri guztietan Tolosan izan ezik; 25 urteotan %8,8 hazi da. Gainerako herrietan eman den jaitsieraren adibide har daiteke Bidania-Goiatz: 1991ean hamar lagunetik bederatzik aitortzen zuten euskara erabiltzen zutela etxean eta 2016an, berriz, hamarretik seik. 2006an jaso zituen Eustatek etxeko erabilera datu kaxkarrenak (Tolosaldean %43) eta ordutik errekuperatzen ari da datua, 2011tik 2016ra, nabarmen, Aduna, Altzo, Belauntza eta Asteasu bezalako herrietan.

Zaila da Tolosaldeko euskaldunen soslaia egitea baina kaleratu diren datuek erakusten dute eskualdeko herritarren lehen hizkuntza euskara dela. Geroz eta gehiago dira, ordea, euskalduna izanik lehen hizkuntza gaztelania dutenak edo bi hizkuntzetan maila berean moldatzen direnak. 2016an, Amasa-Villabonan, adibidez, 2.776 lagunek zuten lehen hizkuntza euskara eta 2.239k gaztelania. Aurrerantzean, hizkuntza baten edo bestearen aldeko hautua egiteko baldintza aproposak beharko dituzte hiztun horiek.

Erlazionatuak

Eustetik, garatzera

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2018 api 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!