Eustetik, garatzera

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Goikoetxea 2018ko apirilaren 5a

Euskarak eskualdean daukan osasunari buruzko datu gehiago eman ditu Eustat erakundeak. Ia lautik hiruk diote euskaraz egiteko gai direla, eta ia erdiek, etxean euskaraz egiten dutela. Ez da joera bera herri guztietan: herri handienetan izan du bilakaerarik onena euskarak, eta herri txiki euskaldunenetan atzera egin du; galera oso-oso handia izan da. Baina pausoak emateko aukera eta beharra mahai gainean dago.

Bat: Zergatik gertatu da herri (txiki) euskaldunetako galera? Erabaki asko hartu dira euskara kontuan izan gabe. Oraindik ere badira? Gertatu denari buruzko analisi partekatua egitea dagokie erakundeei eta euskalgintzari, eta neurriak hartzea.

Bi: Euskaldunen soslaia aldatu egin da, eta euskaldun askok etxetik kanpo ikasi dute euskara. Aiseago moldatzen dira erdaraz, edo bietan berdin egiten dute. Zergatik erabili euskara? Aukerak eta motiboak behar dituzte.

Hiru: Transmisioa. Guraso euskaldunek euskara irakasten diete umeei, oro har. Baina euskararen erabilera transmititzen al dute? Helduak dira haurren eredu.

Lau: Erabilera. Datozen urteetako erronka nagusia hor dago Tolosaldean, hortik etorriko da aurrerabidea. Erabilera erosorako baldintzak badaude: euskaldun dentsitate zabala eta hiztunen gaitasuna. Ahal den guztietan euskaraz egingo bagenu? Horra Euskaraldia.

Bost: Agenda politikoa. Herritarren urratsek behar dute erakundeen babesa. Hizkuntza eskubideak marra gorria dira, baina harago jotzeko aukera betea dago: erabat euskaraz funtziona daiteke eremu askotan eta askotan. Neurriak behar dira. Adibidez, urtebete barruko udal hauteskundeetan, eskualdeko egoera soziolinguistikoa ikusita, hautagai erdaldun elebakarrak joango dira zerrendetan? 'Ahobizi' izango dira hautetsiak?

Badago lana urteotan galdutakoa berreskuratzen eta lortutakoa ziurtatzen. Baina harago jotzeko garaia da: eustetik, garatzera. Zabaltzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!