Ane Iturriak Espainiako Kopako lehen mendi lasterketa irabazi du

Ataria 2018ko martxoaren 26a

Argazkia: Chito / Carrerasdemontana.com

16 urteko tolosarra azkarrena izan da Espainiako Kopako lineako lehen mendi lasterketa puntuagarrian, kadete mailan.

Alhaurin el Granden (Malaga) jokatu den Trail Cara los Tajos mendi lasterketa irabazi du Ane Iturria tolosar gazteak. Alpino Uzturre elkarteko lasterkariak 1:08:16ko denboran amaitu zuen lasterketa; Sara Aparicio eta Laia Mateu bigarren eta hirugarren izan ziren.

Hasieratik hartu zuen lasterketa burua Iturriak, eta ia bakarrik egin zuen lasterketa osoa. "Lehen kilometroetan hiru neska joan gara, baina gero aurrera egin dut", aitortu zuen helmugako marra pasa bezain pronto. "Asko disfrutatu dut, ibilbidea gustatu zait".

Espainiako Koparako lehen proba puntuagarria izan da Malagakoa. Beste lau lasterketaz osaturik dago Kopako aurtengo egutegia, horietako bat, Gipuzkoan jokatuko da. Hurrengo jardunaldia apirilaren 15ean jokatuko da Caceresen, Garganta de los Infiernos lasterketarekin. Maiatzaren 6an Tarragonan jokatuko da hirugarren jardunaldia: Panxampla mendi lasterketa. Laugarren proba Zumaian izango da, Zumaia Flysch Trail ezaguna, San Joan egunean, ekainaren 24an. Azken lasterketa abuztuaren 5ean jokatuko da Castellon.

Bideoan, Iturria helmugan sartzen

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!