Zer pentsatzen dute eskualdeko pentsiodunek?

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 25a, 20:03

Nekane Berriotxoa, Juan Jose Ezeiza, Cayetano Otaegi eta Blanca Amigo pentsiodunekin hitz egin du Tolosaldeko Ataria-k.

NEKANE BERRIOTXOA. PENTSIODUNA

«EMAKUMEEK ETA BAKARRIK BIZI DIREN PENTSIODUNEK BIZI DUTE EGOERA AHULENA»

Pentsioduna da eta 68 urte ditu. Ez da bere egoeragatik kexu baina elkartasunagatik erabaki du mobilizazioetan parte hartzea.


Zergatik da garrantzitsua zuretzat horrelako ekimenetan parte hartzea?

2012an hasi nintzen ni antolatzen Duintasuna plataformaren inguruan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskatzeko Eusko Legebiltzarrean aurkezteko sinadurak biltzen hasi ginen. Hemen eskualdean bi larunbatetan 2.000 sinadura jaso genituen. Oro har, 71.000tik gora jaso genituen eta erantzunik ez ziguten eman.

Elkar hartuta egotea garrantzitsua da?

Bai. Injustizia bat egiten ari dira. Mugimendua bere fruituak ematen ari da pixkanaka, beste taldeekin harremanetan jarri eta Tolosaldean ari gara antolatzen. Bilerak egiten jarraituko dugu.

Zer nolako egoerak bizi dituzte zure inguruko pentsiodunek?

Egoera larriak ikusten dira. Bereziki emakumeen kasuan. Duintasuna plataforma barruan ere badago emakume talde bat, gure egoera berezituak aztertzeko. Martxoaren 8aren inguruan mobilizazio jendetsuak izan dira eta borroka biak batu egin behar direla uste dut. Emakumeak eta bakarrik bizi direnak dute egoerarik ahulena. Eskertuko genuke eskualdearen benetako egoera zein den jakiteko azterketa bat egingo balitz, aurrez, Hernani eta Azpeitian egin diren bezala.

 

JUAN JOSE EZEIZA. PENTSIODUNA

«AURREKONTUAN LEHENETSI DITZATELA BEHAR HANDIENAK DITUZTENAK»

Erretiro aurreratua hartuta hiru urte eman ondoren, bi urte dira erretiratu zela. 66 urte ditu eta eskualdeko mobilizazioetan parte hartu du.

Zein da zure egoera?

Nik esango nuke pentsio duina geratu zaidala; alde horretatik ez dut kexarik. 45 urtetan kotizatu nuen arte grafikoen sektorean.

Hala ere mobilizazioetan parte hartzea erabaki duzu.

Pentsatzen dut pentsioa dela gauza bat denei ziurtatu behar zaiena bizitza duin bat izan dezaten. Gutxiena kobratzen dutenei elkartasuna adierazi behar zaie.

Gutxieneko kopurua non dago?

Hemen aldarrikatu dugun bezala 1.080 euro. Ez dugu kasualitatez esaten, bataz besteko soldataren arabera ateratako kalkulua da.

Zure ustez pentsio publikoen sistema sostengarria da?

Gaur egungo gazteek badakigu zein lanpostu dituzten eta nolako jornalak jasotzen dituzten, oso baxuak dira oro har. Sistema dena dago aldatu beharra. Soldata duin batzuk eduki behar genituzke.

Zer eskatuko zenieke politikariei?

Lehentasunak jartzeko eskatuko nieke. Aurrekontuan lehenetsi ditzatela behar handienak dituztenak, bizitza duin bat izan dezaten. Denak gara pertsonak eta denok aukera berdintasuna behar dugu bizitzeko. Herriaren behar horiek entzun beharko lituzkete politikariek herritarren ordezkari direlako.

 

BLANCA AMIGO. PENTSIODUNA

«SENATURAKO HURRENGO HAUTESKUNDEETAN ZURIAN BOZKATZEA PROPOSATZEN DUT»

Ehungintza industrian lan egin ondoren 700 eurotik beherako pentsioa geratu zaio 69 urteko tolosar honi.


Zergatik parte hartu duzu kontzentrazioan?

Iruditzen zait kalera atera behar dugula. Herrian gaudenok parte hartu behar dugu horrelako ekimenetan, nahiz eta eguraldi txarra izan.

Lehen aldia da parte hartzen duzula?

Aurreko larunbatean Donostian izan nintzen eta lehenengo aldiz Tolosan egin zen deialdian ere parte hartu nuen. Orduko hartan jende gutxiagok hartu zuen parte eta gehienak emakumeak ginen.

Zuri pentsio egokia geratu al zaizu?

Ez. Ez naiz 700 euroetara iristen. Bakarrik biziko banintz ez dakit ile apaindegira joateko adina ere izango nukeen. Nik jantzigintza tailer batean egin nuen lan 30 urtez, eta sektore horretan, garai hartan, oso gutxi kotizatzen genuen.

Zer iruditzen zaizu %0,25eko igoera?

Lotsagarria da. Aurpegira barre egiten ari zaizkigula iruditzen zait.

Zein neurri hartuko zenuke zuk egoera iraultzeko?

Nik politikoak jarriko nituzke gure tokian. Gure mobilizazioekin mugiaraziko ditugu eta baita gure botoekin ere. Nik senaturako hauteskundeetan zurian bozkatzea proposatuko nuke. Hemendik eta hauteskundeak iritsi bitartean oraindik ere mezu hori zabaltzeko aukera izango dugu.

 

CAYETANO OTAEGI. PENTSIODUNA

«NIREA BEZALAKO PENTSIOEKIN EZIN DA BIZI ETA NI BAINO OKERRAGO JENDE ASKO DAGO»

Aste honetan 70 urte beteko ditu eta gutxieneko pentsioa geratu zaiola aipatu du, horregatik 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarria paparrean duela egin du protesta.

Zergatik erabaki duzu mobilizazioetan parte hartzea?

Pentsioak gutxitzen ari dira eta honen kontra egiteko elkartu egin behar dugu, bestela martxa honetan ezer gabe geratuko gara. Miseria gorrian utziko gaituzte. Guretzako ez dago dirurik, baina oraintxe autobide bat erreskatatu dute. Beti lapurretan ari dira politikari horiek.

Zuk zenbateko pentsioa jasotzen duzu?

53 urte baino gehiago kotizatu ditut, baina azkeneko urteetan langabezian geratu nintzen eta pentsio txikienarekin utzi naute. Nazkatuta nago ja.

Iristen al zaizu egunerokoari eusteko?

Justu-justu iristen naiz. Balkoian azelgak eta letxugak landatu ditut eta horrekin moldatzen naiz, baina pentsio horrekin ezin da bizi. Kontua da ni baino okerrago jende asko dagoela. Noraino estutu nahi gaituzte?

Nola aurreikusten duzu etorkizuna?

Oraingoz saiatzen naiz nire kabuz moldatzen, baina minbiziarekin banabil eta beste arazo batzuk ere badauzkat. Aurrera begira laguntza beharko dudala ikusten dut eta ez dakit izango ote dudan. Beste horiek murriztu eta murriztu ari dira, eta ez dakit non bukatuko dugun.

 

1.080

GUTXIENEKO PENTSIOA

Hego Euskal Herrian bataz besteko soldataren %60a hartzen da kontuan kalkulua egiteko (1.200 euro inguru). Kopuru horren %90a da 1.080.

 

Pobrezian ez erortzeko gutxieneko ordain saria aldarrikatu dute

Pobrezian ez erortzeko muga jarrita dauka Europako Batasunak: batez besteko soldataren %60 izan behar da gutxieneko soldata, Hego Euskal Herrian, 1.200 euro. Eta horren %90ean, 1.080 euroan finkatu dute gutxieneko pentsioa. Pentsiodunen plataformak kopuru horretan finkatu du duintasuna, «hortik behera pobrezia dago».

Ez da eskaera berria. Pentsiodunek 2016ko irailean 71.724 sinadura aurkeztu zituzten Eusko Legebiltzarrean. Ez onerako, ez txarrerako, erantzunik ez zutela jaso adierazi du Mikel Olabarria Duintasuna elkarteko kideak. «Eskaerarekin jarraituko dugu eta Eusko Jaurlaritzari eskakizuna egingo diogu berriro. 1.080 euroko pentsio minimoa bermatzea posible dela uste dugu, are gehiago, foru ogasunek 2017an superabita izan zutela ikusita».

Estatu osoan mobilizatu dira pentsiodunak, baina Euskal Herrian bakarrik gehitu diete ohiko eskakizunei pentsio minimoarena. 14 pagatan gutxienez 1.080 euro jasotzea eskatzen dute. «Egingarria» dela dio Olabarriak eta horretarako euskarri legala Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta DSBE dela uste du. «Unibertsitateko ekonomista talde batek aztertu du gaia eta egun batetik bestera ez, baina 1.080 eurotik beherako pentsioak tramuka hartu eta lauzpabost urtetan igo daitezkeela frogatu dute». Horretarako borondate politikoa behar dela nabarmendu dute Duintasuna elkarteko kideek.

Azken asteetan egin diren mobilizazioetan pentsio minimoen zenbatekoa ikustarazteko ahalegina egin dute pentsiodunek, baina hasiera batean, 1.080 euroko aldarria isilarazten saiatu direla salatu du Olabarriak. «EITBn pentsiodunak elkarretaratzeak egiten genituela bai, baina kopuru hori ezkutatzen saiatu dira». Izan ere, pentsio minimoaren eskakizuna zuzenean egin diete pentsiodunek bertako erakundeei eta erakunde horietan ordezkaritza duten alderdiei.

Erlazionatuak

Ogi gogorrari ordezko hagin zorrotza

Jon Miranda Labaien 2018 mar 25 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!