Ogi gogorrari ordezko hagin zorrotza

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 25a, 09:53

Europako Batasunak aitortu eta errespetatu egiten ditu adineko pertsonek bizitza duina eta independentea izateko eta gizarte bizitzan eta kultura bizitzan parte hartzeko duten eskubidea». Europako Oinarrizko Eskubideen gutunak aldarrikatzen du 25. artikuluan.

Bizitza duina eta independentea bermatzeko Espainiako estatuak Gizarte Segurantzarako sistema publikoa du, elkartasun, berdintasun eta unibertsaltasun printzipioetan oinarritutakoa. Arrazoi ezberdinak medio, azken urteetan sistema ez da bere horretan sostengatzen eta pentsiodunei ordainarazi nahi diete galera. Urte hasieran iragarritako %0,25eko igoera eskasak sutan jarri ditu pentsiodunak eta kalera atera dira. Neurri hori bertan behera uztea eskatzen dute eta urtero pentsioak KPIaren arabera igotzea. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta babes eta segurtasun sozialeko erakunde propio bat ere eskatzen ari dira azken asteetan egindako mobilizazioetan. «Zerbait injustua egiten ari dira pentsiodunekin. Oso isilik egon gara azkenaldian eta nahikoa dela esan dugu», nabarmendu du Joxe Agustin Arrieta Agijupens Gipuzkoako erretiratu eta pentsiodunen elkarteko lehendakariak.

Espainiako Gizarte Segurantza defizitarioa da 2011. urteaz geroztik. Langileen kotizazioetatik sostengatzen da sistema, baina bildutakoa ez da nahikoa; iaz, 18.800 euroko zuloarekin amaitu zuen urtea. Autofinantzatzen den sistema da eta hilero-hilero pentsiodunen ordain sariak pagatzeaz gain, poltsa beretik ordaintzen dira Gizarte Segurantzak dituen eraikinak, bertan lanean aritzen direnen soldatak eta eguneroko gastuak. Marian Esnaola Gipuzkoako Duintasuna elkarteko kidearen ustetan, ministerio bakarra da bere kabuz sostengatzen dena: «Hezkuntzan edo osasun sisteman, gisa horretako gastuak aurrekontu orokorraren barruan sartzen dira». Ez da harritzekoa, hortaz, pentsiodunen iazko Eguberrietako sari berezia ordaintzeko adina diru ez edukitzea Gizarte Segurantzak. Espainiako gobernuak kreditu bat luzatu zion gastuari aurre egin ahal izan zezan.

Horrelako kasuetarako tresna bat sortua du Espainiako gobernuak: erreserba funtsa, edo pentsioen kaxa bezala ezaguna dena. 2011n 65.000 milioi euro zeuden itsulapiko horretan eta orain 8.000 milioi euro baino ez daude. Estatuak kaxa hori «sakeatu» egin duela uste du Duintasuna elkarteak. «AHTa bezalako obra publikoak finantzatzeko eta bankuak erreskatatzeko erabili dute gure kotizazioetako dirua», esan du Esnaolak.

Murrizketak nonahi

Gizarte Segurantzaren duda-mudako kudeaketaz gainera, egiturazko krisia ere bizi du sistemak. Matematika kontua da: geroz eta gehiago kobratzen duten pentsiodun gehiago eta haien pentsioak sostengatzeko geroz eta gutxiago kobratzen duten langile gutxiago. Oreka zaila da eta ez dirudi etorkizunean aldatuko denik. Euskal Herrian jaiotza tasa Europar Batasuneko baxuenetakoa da eta gainera, gizartea zahartzen doa. Munduko bizi itxaropenik handienetakoa dugu gurean.

PSOEren eta PPren gobernuek pentsio publikoen sistemari erreformak egin dizkiete defizita gutxitu nahian gastua murriztuz; alegia, pentsio errealak txikituz. Azkeneko neurria, pentsioak 2018an %0,25 igotzea izan da, baina lehenagotik ere hartuak dituzte beste hainbat erabaki. Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak erretiro adina 65 urtetik 67 urtera igo zuen. Kotizazio urteen kopurua 15 urtetik 25 urtera handitzeko aurreikuspena ere badago. Azkeneko urteetan izaten ditu langileak soldatarik onenak eta kalkulu epe hori luzatzeak pentsio saria murriztea dakar.

Mariano Rajoyk 2013an egindako erreforma batek are gehiago murriztu dezake saria datorren urtetik aurrera, izan ere, bizi itxaropenaren aldagaia ere sartuko dute pentsioen kalkuluan. Duintasuna elkarteko Mikel Olaberriak azaldu du: «Bizi itxaropena handitu egingo denez, erretiratu berriek kotizatutako euren eskubideak urte gehiagoren artean banatu beharko dituzte». Gipuzkoako pentsiodunen aldeko elkartearen ustez, urtarriletik aurrera erretiroa hartzen dutenen pentsioa %0,4 jaitsiko da. Bost urtez behin berrituko da indizea eta urtetik urtera pilatuz joango denez, zenbat eta beranduago hartu erretiroa, orduan eta gutxiago kobratuko da.

Emakume pentsiodunen egoera are okerragoa da. Eskualdeko erretiratu elkarte eta pentsiodunen izenean Maria Luisa Lizartzak aipatu du oso gogoan dutela emakume pentsiodunek jasaten duten «zapalkuntza bikoitza». Erretiro pentsioa jasotzeko hamabost urtean kotizatu beharra dago eta gainera, urte horietako bik, gutxienez, erretiratu aurreko hamabost urte horietakoak izan behar dute. Horrek, praktikan zaildu egiten du emakumeek pentsioa jaso ahal izatea Duintasunako Esnaolaren esanetan: «Pixkanaka hasi ginen lan munduan barneratzen, baina lehenengo espedienteak hasi zirenean, emakumeak kanporatzen gintuzten beste inor baino lehenago. Patronalak orduan esaten zigun, 'haurrak hazi ondoren berriz ere hasiko zarete lanean', baina hori gezurra izan zen gero ez zegoelako lanposturik guretzat edo zeudenak prekarioak eta kotizatu gabekoak zirelako». Arrakala nabarmena da, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bataz besteko pentsioek erakusten dute: 1.462 eurokoa da gizonezkoen kasuan eta 835 eurokoa emakumezkoenean.

Pentsioen kalkuluan ezarritako irizpideek eta hauek eguneratzeko erabiltzen diren indizeek, pobretu egin dute pentsiodunen sektorea. Adibide bezala: gaur egun %70era jaitsi da ordezkatze tasa Espainian; Pentsiodunek jasotzen duten saria, jaso zuten azken soldataren %70a baino ez da. Bestalde, Duintasuna elkarteak emandako datuen arabera, pentsiodunek 2013tik hona %6an galdu dute erosteko ahalmena eta uste dute datozen 10 urteetan %20ra iritsi litekeela galera.

Eredu aldaketa

Datuak ikusita, sistema agortuta dagoela eta pentsioak ezin direla gehiago ordaindu esaten ari dira bazterretan. Baleren Bakaikoa ekonomia aplikatuan katedradun eta EHUko irakasle erretiratuaren esanetan, «gezurra da hori». Aldatu beharrekoa sistemaren finantzaketa da: «Langileen kotizazioak eta zerga berezi bat batuko dituen sistema misto batera hel gaitezke», dio Bakaikoak.

Gisa horretako eredu misto bat gauzatu ahal izateko, kotizazioak igotzeko ahalegina egin beharko litzatekeela uste du Olaberriak: «Lan erreformek ekarri dute egoera hau. Enpresaburuei kotizazio handiagoak ezarri beharko litzaizkieke enplegu prekarioak eragiten dituzten kontratuak baliatzeagatik». Aldi berean, Duintasuna elkarteak zerga erreforma sakona eskatu du: «Zergatik ez da kotizazio oinarrien gehieneko muga ezabatzen? Zergatik salbuesten dituzte enpresariak gizarte kotizazioetatik, enplegu politiken aitzakian? Zergatik jaitsi dute sozietate zerga %28tik 24ra?».

Agijupens elkarteko lehendakariaren ustez, jendea «nazka-nazka» eginda dago. «Alderdi politikoak pentsioen arazoarekin lotan egon dira gaur arte, eta orain esnatu egin dira guk esnarazi ditugulako. Eskabide hauek euren egitura eta instituzioetara bideratu behar dituzte», esan du Arrietak. Olaberriak, bestalde, nabarmendu du pentsiodunena ez dela mugimendu politikoa baina herritarren ordezkariengan eragin dezakeela. «Madrilek hemen eskurik ez sartzeko eskumen osoa Euskal Herrira ekarri behar dugu. Gure babes eta segurtasun sozialeko sistema propioa behar dugu».

Eredu aldaketarekin segurtasun sozialeko sistema publikoa mantendu daitekeela uste dute pentsiodunek, baina pentsio pribatuak sustatzen ari direla aipatzen dute Duintasunetik: «Ikusi besterik ez dago zeinek egiten duen pentsio plan pribatu horien propaganda. Bankuen, enpresari handien eta kapital finantzieroaren interesei erantzuten diete».

Pentsio duinen aldeko borroka da daramatena, gaur egungo eta etorkizuneko sistema publikoaren defentsan eta gizarte zerbitzuen arloan ematen ari diren pribatizazio eta murrizketen kontrakoa. Zuzenbide estatua «desmantelatzen» ari direla uste dute eta horri aurre egiteko ahalduntzen ari dira, mundu justuago baten aldeko borrokara lotuz.

 

Eskualdeko pentsiodunak gutxieneko eskakizunak egiteko elkartu dira

Tolosako Harizpe eta Urritza, Amarozko Beti Gazteak eta Ibarrako Bizi-Nahi erretiratuen elkarteek eta Tolosaldeko Duintasuna plataformak bat egin dute eskakizun jakin batzuen inguruan: Pentsioen %0,25eko igoera bertan behera uztea eta igoera hori KPIaren araberakoa izatea; gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eta babes eta segurtasun sozialeko erakunde propio bat edukitzea.

Urtarrilean Tolosan egin zen lehen elkarretaratze «erdi inprobisatuaren» ondotik, eskualdeko pentsiodunek hiru bilera egin dituzte eta borroka aurrera eramateko gutxieneko puntuak adostu dituzte. Martxoaren 19an, astelehenarekin, Tolosako Plaza Zaharrean egindako asanbladan egin zituzten publiko eskakizunak. 500 lagun inguru bildu ziren bertara eta mobilizatzen jarraitzeko konpromisoa agertu zuten. Hurrengo deialdia, toki eta ordu berean egingo dute, apirilaren 9an.

Aurreko astelehenekoa «hasiera bat» baino ez dela izan aipatu dute deitzaileek eta Duintasuna, herriz herriko erretiratuen elkarteekin koordinatuta borroka zabaltzen saiatuko da. «Ezinbestekoa da elkarrekin hitz egitea, bata bestearekin jardutea, geroz eta jende gehiago bildu behar baitugu borroka honetara», esan du Iñaki Elduaien bozeramaileak.

Pentsiodunen borrokak luze joko duela uste dute eta horregatik Joxe Agustin Arrietak esan du, haserre hori gizarteari adierazi eta inteligentziarekin bideratzeko pausoak «elkarrekin» eman behar direla. Horregatik aurreratu dute hautetsiek pentsiodunen eskakizunak babesten ote dituzten jakiteko Tolosa eta Ibarrako udaletan mozioak aurkeztuko dituztela hurrengo aste hauetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!