Hezkuntza sistema gainditu asmoz

Tolosaldeko Ataria 2018ko mar. 21a, 13:01

Ikasle Abertzaleak taldeak grebara deitu ditu bigarren hezkuntzako, batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleak, Hau ez da gure hezkuntza. Indarrak batuz, hezkuntza sistema gainditzera goaz! lelopean.

Tolosa eta Ibarrako ikasleek bat egin dute Ikasle Abertzaleak taldeak deitutako hezkuntza sistemaren aurkako ikasle greba nazionalarekin. 

Grebarekin bat egin eta mobilizazioetan ere parte hartu dute Tolosaldeko ikasleek. Esaterako, Laskorain ikastolak jakinarazi bezala DBH3. mailatik gorako ikasle gehienek bat egin dute grebarekin. Eta Orixe institutuko Batxilergoko %90 ere atera da deialdiari erantzunez. Ibarrako Uzturpe ikastolan ere izan dira grebarekin bat egin duten ikasleak eta kalera atera aurretik han bertan asanblada bat egin dute.

Grebaren nondik norakoak azaltzeko ondorengo mezua zabaldu nahi izan dute: "Ondo dakigu hau ez dela Euskal Herriko langile klasearen beharretara eraikitako hezkuntza, eta aspaldi konturatuta gaude horretaz gainera, ikusi besterik ez dago bestela, ikasturte honen hasieratik, Euskal Herriko ikastetxe ezberdinetan sufritzen ditugun problematika ezberdinei erantzuna emateko burutzen ari garen dinamika eta borrokak". Adibide horien artean Tolosaldea aipatu nahi izan dute: "Tolosaldean ikasle gelaren aldeko borrokarekin hasi gara eta ikasle espultsatuen aurrean erantzun kolektiboa ematen".

Egungo hezkuntza sistemaren egitura kritikatzeko baliatu nahi izan dute gaurko eguna: "Hezkuntza, besteak beste, egitura osoa eraikita duen klase dominatzaileak, hau da, klase burgesak, bere interes eta beharrei erantzuten dien gizarte eredu bat sortu, indartu eta etengabe erreproduzitzeko bideratuta dagoela ikusi dugu".

Honetaz guztiaz gain, gaurko eguna ikasturte amaierari begira jartzeko baliatu nahi izan dute: "LOMCEri ezetz esateko eguna ere bada gaurkoa, emango ditugun planto dinamika masiboak indartu eta hezkuntza komunitatea osoari hauek babestu eta indartzeko deia egitearekin batera".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!