IV. Ataria Pilota Txapelketa, abian

Asier Imaz 2018ko martxoaren 21a

Martxoaren 28ra bitarte eman daiteke izena; horretarako eskualdeko pilota eskola edo elkarteekin jarri behar da harremanetan.

ATARIA-ren esku pilota eta pala txapelketaren laugarren edizioa apirilean hasiko da. Izen emate epea, ordea, zabalik dago. Horretarako, eskualdeko pilota eskola eta elkarteekin jarri behar da harremanetan. Hau da, eskualdeko haur eta gaztetxoek, herriko pilota elkartera edo albokora joan beharko dute. 

IV. Ataria Pilota Txapelketan 2000-2011. urte bitartean jaiotako neska-mutilek hartuko dute parte. Esku pilotan benjamin aurrekoak, benjaminak, alebinak eta infantil neska mutilak ariko dira, eta palaz, alebinak, infantilak, kadeteak eta jubenil neskak.

Binakako txapelketa da apirilarekin batera martxan jarriko dena, eta pilota elkarteek egingo dituzte bikoteak. Izena emateko, pilotari bakoitzaren gurasoen baimena beharko da.

IV. Ataria Txapelketa, orain arteko edizioak bezala, eskualdeko hainbat pilotalekutan jokatuko da. Sailkapen faseari dagozkion partidak izango dira. Ligaxka moduan ariko dira bikoteak, galdu arren, ahalik eta partida gehien jokatze aldera.

Finalak ekainaren 30ean jokatuko dira.

Iazko sailkapenak, argazki galeriak, etab. hemen ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!