Irakasleen %75ek egin dute bat grebarekin, sindikatuen arabera

Ataria 2018ko martxoaren 15a

Hezkuntza publikoko bigarren greba egunak jarraipen zabala izan du. Sindikatuen arabera %75ekoa izan da jarraipena; Eusko Jaurlaritzaren esanetan, berriz, irakasleen %45ek egin dute. Eguerdian manifestazio jendetsuak egin dituzte euskal hiriburuetan.

EAEko unibertsitatez besteko hezkuntza publiko irakasleak deitu dituzte grebara, bigarren egunez, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek, Eusko Jaurlaritzari negoziazioa eskatzeko. Horrez gain, ELAk eta Steilasek heziketa berezi, haur eskola eta Hezkuntza Sailaren menpeko sukaldaritza eta garbiketa arloko langileak ere deitu dituzte.

Sindikatuek emandako lehen datuen arabera, jarraipen zabala izan du deialdiak. ELA eta Steilasen arabera, atzoko egunaren paretsua izan da jarraipena: irakaskuntzan %75, heziketa berezian %60, haurreskoletan %30 eta sukalde eta garbiketako langileen artean %65. LABen esanetan, aldiz, %70ekoa izan da jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren datuak, berriz, sindikatuek emandakoak baino askoz ere baxuagoak dira. Bigarren egunean, grebarekin bat egin duen jende kopurua altuagoa izan da gobernuaren arabera: %42,9 irakasleen artean, %24,5 heziketa berezian, 17,1 garbiketa eta jangelan eta %15,6 haurreskoletan.

Eguerdian, langile ugari irten dira kalera, Donostian, Bilbon eta Gastezen. Manifestazio jendetsuak egin dituzte hiru hiriburuetan, soldaten igoera, langile kopurua handitzea, egonkortasuna indartzea, bajak lehen egunetik ordezkatzea, gelako ikasle kopurua jeistea eta Lomce legea ez ezartzeko eskatuz. Halaber, hori guztia aztertuko duen "negoziazio mahaia" dei dezala galdegin diote sindikatuek Jaurlaritzari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!