Behar Zana, Trinketeko Gipuzkoako txapeldun

Ataria 2018ko mar. 14a, 09:47

Argazkiak: Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa

Eskuz binaka, nagusien 2. mailako finala irabazi zuten Behar Zanako Irisarri eta Maizek. Irurako Trinketean jokatu ziren finalak.

Mundarro, Urnieta eta Behar Zana irabazi dute Trinketeko Gipuzkoako txapela, gizonezkoen eskuz binakako mailan. Larunbatean jokatu zituzten finalak, Irurako Ametsa trinketan.

Mundarroko Lizeaga eta Mujika pilotariek jantzi zituzten kadete mailako txapela, Oiarpeko Aranburu eta Zalakaini 40-26 irabazi ostean.

Urnietak jubenil mailako nahiz nagusien lehen mailako txapelketa irabazi zuen, bietan eskualdeko talde bat garaituz. Jubenilen kasuan, Arizmendi eta Aldunberrik Tolosa-Aurrerako Zalakain eta Auzmendi hartu zituzten mendean, 40-29. Nagusien mailan, berriz, Behar Zanako Irisarrik eta Gurutzealdek ezin izan zuten Loitegi eta Esnaolaren aurka, 40-10.

Nagusien bigarren mailakoan ekarri dute txapela eskualdera. Behar Zanako Irisarri eta Maizek 40-25 irabazi zieten Hernaniko Pagola eta Arizmendiri.

Emakumezkoen paleta argentinarreko lehia besterik ez da geratzen Trinketeko Gipuzkoako Txapelketa amaitzeko. Apirilaren 15ean hasiko dira jokatzen, eta maiatza erdialdean izango dira finalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!