Europako topaketa teknologiko azkarrenetakoa, Tolosan

Ataria 2018ko mar. 7a, 18:30

Informatika eta teknologia zaleen topaketa egingo dute, asteburuan, Tolosan. Ostiraletik igandera 400 ordenagailu-postu eta 600 parte-hartzaile izango dira, eta 3.000 bisitari inguru espero dituzte Usabalen.

Europako topaketa teknologiko azkarrenetakoa, Gipuzkoa Encounter topaketa, ospatuko dute asteburuan, Tolosan, hamabigarren urtez. Errekorra puskatu zuten, 400 ordenagailu-postuak 15 segundotan agortu baitziren. Segundoko 10 gigako konexio-abiaduraz gozatu ahal izango dute parte hartzaileek. 

Jarduera-egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango da topaketan. Besteak beste, hardware, software libre eta bideo-joko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute partaideek, baita doako eremuan egongo den errealitate mistoko aplikazioak erabili ere. Errealitate birtuala eta mundu erreala uztartzen ditu teknologia horrek, eta azken berrikuntzak probatu ahal izango dira Tolosan. Berritasunen artean daude crawler-ak edo irrati-kontrolez maneiatzen diren 4x4 kotxeak, baita errealitate mistoko demoak ere.

Opengunean, berriz, doako tailer eta hitzaldiak izango dira. Prestakuntza-eskaintzari dagokionez, alderdi teknikoenetan sakontzeko edota eguneroko gailu teknologikoez ikasteko aukera izango da.

Gipuzkoa Encounter “jakintzak partekatu eta zabaltzeko leihoa” dela adierazi du Imanol Lasak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatuak, baita “gizarteko lehen mailako erronka den digitalizazioari erantzuten dion ekimena" dela ere.

Tolosako alkate Olatz Peon ere pozik agertu da, partyak herrian eragiten duelako. "2.000 eta 3.000 bisitari inguru espero dira Usabalen, eta herriko sektoreentzat etekin ekonomikoa dakar honek, parte-hartzaile bakoitzak 250 euro inguru gastatzen baititu herrian".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!