«AEBra joateko aukera iritsi zait, baina ziurrenik hemen geratuko naiz»

Asier Imaz 2018ko mar. 6a, 12:21

Pista Estaliko denboraldia Espainiako Txapelketa irabaziz amaitu du Maria Lasak (Irura, 2000). Ez zuen horrelakorik espero.

Esperotako emaitza izan al da?

Egia esan ez nuen espero. Bigarren marka onenarekin joan nintzen txapelketara, baina 800 metrotan denak kale berdinetik joaten gara eta oso lasterketa taktikoa izaten da. Espainiako Txapelketara, gainera, jendea dominaren bila joaten da, ez marka egitera.

Asteburua ondo hasi zen zuretzat, finalerdietako lasterketa irabaziz.

Lau finalerdi ziren eta irabazlea finalera pasatzen zen. Gero, beste bi denbora sartzen ziren, guztira sei, beraz.

Finalak hiru zati izan zituen. Hasieran, denak multzoan joan zineten; indarrak neurtuz, edo.

Lasterketa azkarra izatea interesatzen zitzaidan niri. Lehen itzulian tiratzen jarri zena banekien ni baino azkarragoa zela. Berak baina marka hobeagoa nuen; baina berak bukaera azkarragoa zuen. Ez dakit zergatik, baina nahiko kanpotik bezala jarri zen. Barruan hutsune bat sortu zen, eta pasatzea erabaki nuen. Tiratzen jarri nintzen orduan. Bestalde, marka onena zuen neska, Raquel Meaños galiziarra, banekien eusten ona eta bukaera azkarrekoa zela. Argi nuen amaieran pasa egingo ninduela, baina nire buruari eusten saiatuko nintzela esan nion.

Eta horrela gertatu zen.

Beste bi itzuli aurretik joan nintzen, baina 300 metroren faltan Raquel aurretik jarri zen. Eusten saiatu nintzen, eta amaiera aldean geldotzen ari zela ikusi nuen. Indar asko ez du izango esan nion nire buruari. Orduan dena ematera joan nintzen, eta lehenengo sartzea lortu nuen.

Aurrez lasterketa hori al zeneukan pentsatuta?

Ez. Dena aldrebes atera zen. Ez nuen tiratzen jarri behar, baina gauzak nola hasi ziren ikusita, momentuan hartu nuen erabakia.

Bukaerako esprintean korrika baino beste zerbaitetan ari zaretela ematen du: lehertuta.

Robot bat bezala sentitzen zara momentu horretan. Nahi duzu baina ia ez doa ezer. Hortzak estutu eta ahal den guztia ematen duzu.

Amaieran, sinistu ezinik baino gehiago, non zauden ere ez dakizula ematen du.

Ez nekien non nengoen. Eta hor piloa eskertzen da hemendik joandako jendea. Ez dakit zergatik, agian hemengoak garelako eta oihu gehiago egiten dugulako edo, baina helmugara iristean taldekoak eta nirekin entrenatzen aritzen den bat saltoka eta garrasika ikusi nituen. Poza izugarria izan zen.

Garaipen honek zer ekarriko dio zure ibilbideari?

Onuragarria izango da. Ez da izena hartzen duzula edo ez, baina kontua da, federazioak kontuan hartzen zaituela. Antzeko markekin ibiliz gero, nazio arteko txapelketetara joateko aukera gehiago izaten dituzu horrelako lorpenekin.

Laguntza gehiago izateko aukera ere hor egongo da, ezta?

Hori ere bai. Beka ugari daude, adibidez unibertsitatera joateko. Bai Ameriketako Estatu Batuetara edo hemengoetara. Aukera onak egoten dira, eta guretzat plazen %5a gordetzen dute.

Izan al duzu kanpora joateko aukerarik?

Ameriketako Estatu Batuetara joateko aukera iritsi zait, baina ziurrenik hemen geratuko naiz, Donostian. Ea sartzeko aukera dudan.

Zergatik esan diozu ezetz AEB-ra joateko aukerari?

Bertan egon direnek askotan gehiegizkoa dela esaten dute; gomendagarriagoa dela urtebeterako joatea master bat egitera. Nire karrera lau urtekoa izango litzateke, eta han lehen unetik ikasketak eta kirola besterik ez omen da izaten. Urtean pare bat aldiz izango nuke hona etortzeko aukera. Hemen oso gustura ari naiz entrenatzen, eta lagunak, familia eta dena hemen daukat.

Zein da zure hurrengo hitzordua?

Asteburu honetan Meridara joango naiz Euskal selekzioarekin, Espainiako Kros Txapelketara. Egia esan nekatu samar nago, eta nahiko distantzia luzea denez, ahal dudan onena ematera joango naiz. Gero astebeteko atsedenaldia hartuko dut, entrenamendurik gabe, eta itzuleran, pista irekiarekin hasiko gara. Hor lehiaketa gehiago egoten dira, eta saiatuko naiz gutxiengoak lortzen nazio artera joateko.

Erlazionatuak

Maria Lasa, Espainiako txapeldun

Mikel Iraola 2018 mar 05 Irura   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!