Maria Lasa, Espainiako txapeldun

Mikel Iraola 2018ko mar. 5a, 13:41

20 urtez azpiko 800 metroko Espainiako Txapelketa irabazi du irurarrak, azken txanpa ikusgarria eginda. Tolosa CF Atletismo taldeko sei atleta izan dira lehian.

Ederra egin du, beste behin ere, Maria Lasa irurarrak. Ourensen jokatutako pista estaliko 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan 800 metroko lasterketa irabazi du.

Larunbateko finalaurrekoan bere asmoen berri eman zuen eskualdeko atletak. Bere txanda erraz irabazi zuen, eta bigarren denborarik onena eginez –2:15.51– finalerako txartela lortu zuen. Ez zuen zorte bera izan Izaro Perurena tolosarrak. Laugarren izan zen bere txandan, 2:23.93ko denbora eginda. Denborarik onena Raquel Meaños galiziarrak egin zuen: 2:14.82.

Igandeko finala, berriz, estua izan zen, ikusleen gozamenerako. Azken metroetan erabaki zen lehia. Hain zuzen, hamaika ehuneneko baino ez ziren izan lehen eta bigarren sailkatuaren artean. Maria Lasak segituan hartu zuen aurrea, baina azken itzulia hasi aurretik Meaños jarri zen buruan. Azken esprintean irurarrak erritmoa igo eta ia helmugako marran bertan lortu zuen aurretik jartzea. 2:09.27ko denbora eta merezitako urrezko domina.

Eskualdeko atletak, bikain

Tolosa Atletismo taldeko beste lau atleta ere izan ziren Ourensen. Eunate Martinez de Rituerto altuera jauziko finalean izan zen. Hamaikagarren sailkatu zen, ezin izan baitzuen 1,63 metrokotik pasa.

Paula De Juan, berriz, 400 metroko finalaren atarian geratu zen, gutxigatik. Finalaurrekoan, hirugarren izan zen bere txandan, 58.41eko denbora eginda. Guztira sei atleta sailkatzen ziren finalerako, eta beste bi txandetako denborak kontutan hartuta, zortzigarren izan zen De Juan, seigarrenarengandik segundo bakarrera. Dena den, bere helburua bete du, 59 segundotik jaistea.

Bere lehen Espainiako Txapelketa jokatu zuen Ainhoa Gibelaldek. 60 metroko hesien lasterketan hartu zuen parte, baina ez zuen finalerdietatik pasatzea lortu. Hala eta guztiz ere, marka pertsonala hobetu zuen: 9.70.

Gizonezkoen artean, Alejandro Herrero izan zen eskualdeko ordezkari bakarra, 60 metroko hesien lasterketan. Minez bidaiatu bazuen ere, lehen fasea pasatzea lortu zuen, ozta-ozta. "Ez nuen lehen fasea pasatzea espero, beraz, pozik nago". Bere txandan hirugarren izan zen 8.51ko denborarekin, eta azken sailkapen postua berarentzat izan zen. Finalaurrekoan, aldiz, ez zuen bere denbora hobetu (8.55) eta 13. izan zen sailkapen nagusian, finaletik kanpo.

Bideo gehiago

Larunbateko jardunaldia, osorik.
Igandeko jardunaldia, osorik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!