M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

«M8-koa errealitatea kudeatzeko aurrerapauso bat izango da»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 4a, 08:56

Datorren osteguna mugarri bat izango da, ziur daude. Greba feministak eskualdea geldiarazteko lanean aritu dira azken asteotan, baina, hilaren 8a abiapuntu bat baino ez da izango, Eider Olazar, Ana Sanz eta Eli de Arribaren ustez: «Emakumeok, gazte nahiz heldu, mundua aldatzeko gosez gara, eta greba feminista gure arteko loturak indartzeko aukera izango da».

Nola hasi zineten martxoaren 8ko greba prestatzeko asanbladak egiten?

E. A.: Niri Whatsapp mezu bat iritsi zitzaidan, deialdiarekin. Joan den uda inguruan idatzi bat helarazi genion udalari, Emakumeen Etxea sortzeko, eta hari esker sare txiki bat sortu genuen; hortik iritsi zitzaidan niri deialdia. Bileretan denon artean hartzen ditugu erabakiak, eta funtzioak nolabait banatu egiten ditugu: batek akta hartzen du, bestea kartelez arduratzen da,...

A.S.: Euskal Herrian hiriburuetan hasi ziren greba antolatzen, eta abiapuntu horretatik eskualdeetara zabaldu zuten deia, asanbladak osatzeko. Eskualdeko emakumeak elkartzea lortu genuen, eta bilkura horietatik zerbait ateratzea. Esango nuke gogotsu gaudela.

E.O.: Nik mezua jaso nuenean sekulako poza hartu nuen. Orain arte Bilgune Feministan ibili izan naiz eta, egia esan, askotan zaila izan da indar handiko zerbait antolatzea, hainbat esparrutako emakumeekin. Beharbada, norbera gure txokoan aritu izan gara beti. Horregatik, deialdia jaso, eta norbanako moduan hainbeste emakume elkartu ginela ikusi nuenean, pentsatu nuen: «Noski, horrela bai». Hemen, bakoitza bere taldean, bere taldeko gauzak bakarrik egiten aritzeak ez dauka zentzurik. Eta, areago, eskualde honetan, ikusten ari baikara sekulako indarra eta gogoa dagoela. Egoera aldatzen ari da, akaso, lehen, mugimendu feministak taldeka funtzionatzen baitzuen; talde batean edo bestean militatzen zenuen. Gaur egun asko aldatu da hori, eta funtzionatzeko beste modu batzuk zabaltzen ari dira. Ea eskualdean sortu den asanblada horrek, martxoaren 8a pasatzen denean ere, aurrera begira lanean jarraitzeko aukera uzten duen.

A. S.: Bai, martxoaren 8a aitzakia bat da, finean, aurrera begira beste zerbait sortzeko; eskualdeko asanblada feminista bat, edo fororen bat.

E.A.: Dena den, oraingoz, martxoaren 8arekin nahikoa lan badaukagu!

Jendea gogotsu ikusten duzuela diozue. Nola antolatzen ari da eskualdea, hilaren 8ko grebari begira?

E. A.: Tolosan egin ditugu batzar guztiak, eta eskualdeko hainbat herritako emakumeak ere bertaratzen dira, batez ere, Tolosan zer egingo dugun jakiteko, eta ideiak hartzeko. Leaburu, Asteasu nahiz Bidania-Goiazko emakumeek parte hartu dute, adibidez. Martxoaren 8an beren herrian geratu nahi dute, eta horretarako zerbait antolatu behar dute. Beraz, Tolosako bilkurak eskualdeko emakumeentzako topagune bilakatu dira.

E. O.: Martxoaren 8aren bueltan, herriz herri gauzak antolatzeko ohitura errotuta dago jada, eta hori ona da, noski. Baina aurtengo hitzordua bereziagoa da, greba feministarekin, eta gure eskualdean herri txiki pila bat daude. Aurten, behintzat, oso zaila izango da herri guzti-guztietara iristea; hurrengo urtera begira ikusi egin behar. Horregatik, zerbaitetan hasteko modua Tolosatik hastea da, eta hortik iristen garen lekuraino iritsiko gara. Dena da berria, denontzat, eta hor gabiltza lanuzteak nola egin erabakitzen.

Hainbat aukera edo bide daude, martxoaren 8ko grebara batzeko: bi lanuzte orokor eta hiriburuetan mobilizazioak. Horrez gain, Tolosan hitzordurik izango al da?

E. A.: Bai, horretan ari gara. Otsailaren 24an egin bezala, martxoaren 3an informazio mahaia jarriko dugu Tolosako Trianguloa plazan, grebara batzeko moduak jendeari azaltzeko. Eta, martxoaren 8ari begira, momentuz hiru hitzordu aurreikusi ditugu. Lehena goizean izango da, eta kotxe-karabana egingo dugu eskualdeko zenbait herritan barrena: Ibarra, Apatta, Anoeta, Villabona eta Tolosa.

E. O.: Saiatuko gara karabanarekin sektore feminizatuetara bertaratzen, adibidez, zaintza lanekin zerikusia duten guneetara. Asuncion klinika izan daiteke bat, eta baita hirugarren adineko egoitzak ere: Iurreamendi, Fraisoro eta Santiago.

E. A.: Eguerdian, berriz, 12:00etan, elkarretaratzera deituko ditugu emakumeak, Tolosako Trianguloa plazan. Emakumeok planto, M8 greba feminista izango da leloa, eta emakume bakoitza objektu bana ekartzera animatu nahi dugu: fregona, umearen kotxea, amantala, gurpildun aulkia, biblia... Gure loturak ikusaraztea da helburua. Eta, arratsaldean, 19:00etan, ekitaldia izango da emakumeontzat, Zerkausian. Martxoaren 8koa kontsumo greba ere badenez, erabaki dugu bakoitzak, etxetik, jakiren bat eramatea, eta pintxo-potea Zerkausian egitea; gure artean eta kontsumitu gabe.

E. O.: Gizonezkoren bat edo beste prest omen dago patata tortillak egiteko eta, egia esan, horretan datza martxoaren 8ak: guk gure eguneroko lanak alde batera utzi, eta egun horretan egin ditzatela gizonezkoek.

Gizonek zein posizio hartu beharko lukete, zuen ustez, martxoaren 8ko greban?

E. O.: Gizonezkoek greban parte hartzeko aukera dute, egunerokoan emakumeok hartzen ditugun ardurak beren gain hartuz. Beren ardura ez da mobilizazioetan parte hartzea edo pankarten lehen lerroan egotea, baizik eta zaintza lanak egitea edo lantokietako gutxieneko zerbitzuak betetzea. Hori nabarmentzen ari gara, eztabaida edo zalantzak sortzen ari baitira: «Gizonezkoek ere egin behar dituzte lanuzteak? Borroka feministarekin bat egiten badute, zergatik ez?». Hori hala da, bai, baina, egun horretan, ikusarazi egin nahi dugu emakumeok zenbat lan eta zenbat lan desberdin egiten ditugun eta, erakutsi, gu gelditzen baldin bagara, sistema honek ez duela funtzionatzen.

CCOO sindikatuak, adibidez, martxoaren 8koa greba mixtotzat jo du, argudiatuz, sindikatu batek langile guztiei eskaini behar diela greba egiteko eskubidea. Zein iritzi duzue jarrera horren aurrean?

A.S.: Sektore jakin bateko langileek greba antolatzen dutenean, ez dute inolako arazorik izaten, onartzeko, lanuzteak sektore horretako langileek bakarrik egingo dituztela. Emakumeok egiten baldin badugu, ordea, arazoak sortzen dira. Benetan, ez dut ulertzen.

E.A.: Gainera, emakumeok ordaindu gabeko lana ere utziko dugu martxoaren 8an, ordaindutako lanaz gain. Sindikatu batek greba deitzeko modu hori babesten ez duen momentutik, ez du ordaindu gabeko lan hori guztia ikusi eta aitortu nahi. Patriarkatu hutsa da.

A.S.: Hori babesteko, aurrez ikusi egin behar da emakumeok egoera desorekatu batean bizi garela. Behin hori ikusita, martxoaren 8ko greba babes dezakezu. Eta, noski, argi dago, greba deialdiarekin arazoak dituztenek ez dutela ikusten, emakumeok egoera berezi batean bizi garenik.

Munduaren erdiak lan egiten ez badu sistema geratu egiten dela ikusaraztea da martxoaren 8ko grebaren helburuetako bat. Ordea, bada pentsatzen duenik, ez dela ezer konponduko gizonek egun bakarrez emakumeen ardurak hartzearekin.

E.A.: Ez, egun bat ez da nahikoa, baina nonbaitetik hasi beharra dago. Eta ikusarazi egin behar zaio jendeari, ordaindu gabeko lan hori guztia hor dagoela, eta baloratu eta errekonozitu egin behar dela. Hori ez da feministon lana bakarrik; gizarte osoarena da.

A.S.: Emakumeon lana baloratzearena izugarri garrantzitsua iruditzen zait. Egun horretan, emakume askok, beren etxea eta beren sarea antolatu beharko dute, greba egin ahal izateko. Eta hori askotan egiten baldin badugu, mundua konturatuko da zein beharrezkoak garen.

E.O.: Horri lotuta, oso interesgarria da lehengoan Amelia Barquinek artikulu batean idatzi zuena: zein emakumek egin ahal izango dugu greba martxoaren 8an? Nire kasuan, bikoteak zaindu ditzake haurrak, adibidez. Baina emakume asko ari dira zaintza lanetan, soldatapean, besteren etxean, eta gehienak migratzaileak dira. Horiek greba egiteko aukerarik izango al dute? Beharbada ez daukate beste askok eduki dezakegun babes sarea. Barquinek zioenari helduz, hor badago greba hau pribilegio bilakatzeko arriskua ere: bertako eta klase-ertaineko emakume zurion pribilegioa. Asko daukagu denok egiteko, eta emakumeren batek beste emakume bat soldatapean baldin badauka, zaintza lanak egiteko, greba deialdiak ematen du zer hausnartu.

Kontraesanak dituela deialdiak berak, alegia.

E.O.: Bai.

A.S.: Gizonak greba babestera deitu dituzten bezala, nik beste deialdi bat ere egingo nuke, bakoitzak bere burua aztertzeko. Horrela ikusi ahal izango dugu, inguruan zein lotura ditugun besteekiko, eta zein diren beste batzuei greba egitea eragozten dieten lotura horiek.

E.O.: Zapaldua eta zapaltzailea, biak izan gaitezke aldi berean; hori ere gertatzen da.

Grebak oihartzuna izango duela uste duzue?

E.A.: Sekulakoa! Jarraipena izatea eta ahalik eta emakume gehien kalera ateratzea nahi dugu; edo balkoian amantalak zintzilikatzea, edo besoko morea janztea. Bakoitzak ahal duen moduan egin dezala bat greba honekin. Emakumeak gara, elkarrekin egon behar dugu, eta egoera honen kontra joan behar dugu, bai ala bai.

A.S.: Bai. Alde batetik, langileen greba izango da, lau orduko bi lanuzterekin. Eta, langileenarekin batera, ikasle greba, zaintza greba eta kontsumo greba ere deituta daude; horiek dira martxoaren 8ko grebaren lau ardatzak.

E.O.: Gizonei ere proposa geniezaieke haurtzaindegi kolektibo bat antolatzea, edo adineko pertsonak paseoan ateratzea. Zergatik ez? Greba deialdiarekin hainbesteko atxikimendua baldin badute, hori izan liteke modu onenetako bat; buelta eman behar zaio egoerari. Uste dut emakumeok pauso asko eta asko ematen ari garela azken urteotan, eta lortutako gauzak gure borrokagatik lortu ditugula. Gizonezkoak, ordea, ez ditut txip berarekin ikusten, eta bada garaia beraiek ere urratsak ematen hasteko. Beharbada beste modu batera: pauso bat atzera eman, isildu eta entzun. Askotan, hori da ekarpen onena. Izan ere, oraindik orain, bilera eta elkarrizketa askotan, gizonezkoak izaten dira beti ahotsa hartzen dutenak.

Egunotan grebari buruz argitaratzen ari diren albiste eta informazio ia guztiek, badute gizonei begirako testu zati bat, haiek zer egin behar duten argituz. Deialdia emakumeentzako bakarrik izateak nolabaiteko egonezina piztu du, zuen ustez, gizonezkoengan?

E.A.: Bai, noski. Lekuz kanpo geratzen dira, ez direlako sekula egoera horretan egon. Bat-batean, emakumeok planto egingo dugu eta mundua geldituko dugu. Eta gizon askok pentsatuko dute: «Eta orain, zer?». Ez dakit beldurra den edo zer den, baina egonezin hori izango dute, egoera berri bat suertatuko delako.

A.S.: Nik uste dut martxoaren 8koa errealitatea kudeatzeko aurrerapauso bat izango dela. Izan ere, denok dakigu arazo hau hor dagoela, eta gizonek ez dutela normaltasun osoz hartuko gu gelditzea. Hori landu egin beharra dago nolabait, eta asanblada feministetan kontuan izan dugu. Horregatik egin zaie deialdi berezi bat gizonei, nahi izanez gero, greba beste modu batera babes dezaten. Eta beren burua feministatzat duten gizonek oso paper garrantzitsua dutela iruditzen zait, egun horretan eta beti: lan egin dezatela beren inguruko gizonekin. Hor sekulako lana dute.

Zein adinetako emakumeak elkartzen ari zarete antolakuntzan?

E.A.: Denetik dago, 16 urtetik 70 urte ingurura bitarte.

A.S.: Hori askotan gertatzen da emakume taldeetan, eta izugarri gustatzen zait. Askotariko emakumeak elkartzen gara, adinari, klaseari, jatorriari nahiz erlijioari dagokionez, eta horrek ere erakusten du borrokarako eta egoera aldatzeko gogoa.

E.O.: Geure buruari loreak botatzea izango da akaso, baina, nire ustez, mugimendu feminista Euskal Herrian bizirik eta indartsu dagoen mugimendu sozial bakanetakoa da. Badirudi gainerako gizarte mugimendu guztiak gain behera doazela edo gorabehera asko dituztela; gaur egun ez da erraza asmatzea. Eta, uste dut, horretan, mugimendu feminista aitzindari izaten ari dela Euskal Herrian. Ni asko ikasten ari naiz, eta mugimendu feministatik asko dago ikasteko. Ikusi besterik ez dago, Tolosaldean greba antolatzeko nola mugitu diren emakumeak: gazteek zein helduek beharra sentitzen dute borrokatzeko. Martxoaren 8 hau abiapuntu garrantzitsua izango da.

Mugarri bat izango da?

E.O.: Bai, bai.

E.A.: Itxaropen hori daukagu.

A.S.: Nik erabat konbentzituta diot, hala izango dela. Jendeak espero duena baino indartsuagoa izango da, eta grebara begira ibiltzen ari garen bidearekin lotura berriak sortuko dira gure artean.

Zer esango zeniokete greban parte hartzeko zalantzan den emakume horri?

E.A.: Zapi morea hartzeko eta kalera ateratzeko. Greba hau egin egin behar da, emakume guztion borroka delako.

A.S.: Zalantzan dauden emakume askok zalantza izango dute, badirudielako arlo askotan parekidetasuna lortu dugula. Baina hori hain dago urrun... Izugarria da, eta desoreka arlo guzti-guztietan dago: soldatan, zaintzan, segurtasunean, sinbolikoki, kontsumoan, publizitatean,... Genero arteko arrakala zeharkakoa da erabat, esparru guztietara iristen da. Eta, oraindik ere, lan izugarria egin beharra dago denok parean egoteko. Horregatik, emakume horiei guztiei bost minutuko hausnarketa txiki bat egitea eskatuko nieke; egoerari begiratzen badiote, uste dut kalera ateratzeko argudioa aurkituko dutela.

E.O.: Bakoitzak begira dezala, zertan pasatzen dituen eguneko 24 orduak, eta zenbat denbora eskaintzen dion bere buruari, eta zenbat ingurukoei. Eta, zein balore duen horrek. Denon denborak ez baitu berdin balio. Azken finean, bizitza erdigunean jartzea da kontua, eta emakumeok hori egiten dugu zaintza lanetan aritzen garenean. Baina gizarte honi oso merke ateratzen zaio lan hori guztia. Nire ustez, horri duen balioa eman behar zaio, eta lan horiek guztiak lan gisa onartu behar dira. Ezinbesteko oinarria da hori, egoera aldatzeko. Bizitzako uneren batean, denok behar dugu zainduak izan: jaioberriak garenean, gaixo gaudenean, adinekoak garenean edo hanka puskatzen dugunean.

A.S.: Zalantzan dauden emakume horiek guztiak bertaratu daitezela deialdietara. Gertuko giroa aurkituko dute, eta oso gustura egongo dira. Berdin dio adinak, jatorriak edo klaseak.

E.O.: Arnas-hartze bat da emakume gehiagorekin elkartzea, ikusten duzulako ez dela kontu pertsonala, eta norberari gertatzen zaiona emakume guztiei gertatzen zaiela.

A.S.: Gainera, zaindu egiten gara gure artean, eta hori oso garrantzitsua da.

Erlazionatuak

M8: Urik gabeko errota

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 mar 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!