M8 Emakumeen Nazioarteko Eguna 2018

M8: Urik gabeko errota

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko mar. 3a, 09:54

Egitasmoak Argentinan du sorburua, Vivas nos queremos mugimenduak izandako oihartzunean; haren ondotik, iaz 170 herrialdetara zabaldu ziren deialdiak, batez ere, Latinoamerikan. Euskal Herrian ere izan ziren hitzordu sinbolikoak, baina, aurten, pauso bat harago joan nahi izan du nazioarteko mugimendu feministak, eta oinarri sendoz antolatu dute, greba deialdi arautua.

Arautua edo formala. Datorren hilaren 8ko grebak lege babesa izango baitu: lantegietako emakumeek eskubidea izango dute libreki grebara batzeko, beste edozein greba orokorretan bezala. Deitzaileen gogoak, ordea, ez du mugarik jarri soldatapean aritzen diren emakumeetan, eta mundu guztiko emakumeak kategorikoki deitu dituzte, beren jarduna erabat uztera.

Orokorra bezain bakarra momentuz izango baita martxoaren 8ko greba, eta ez dute sindikatuek eragindako errotarik azpian izango. Ez: nazioarteko mugimendu feministak zabaldu du emakumeek planto egiteko deiadarra eta, txikitik handira, greba eredu estandarra irauli nahi dute. Bide horretan, noski, sindikatuen babesa jaso dute eta, Euskal Herrian, ELA, LAB, Steilas, ESK eta CNT batu dira emakumeen plantora.

Munduaren erdiari

Zer gertatuko litzateke munduaren erdiak bere egitekoak bertan behera utziko balitu? Zer, emakume guzti-guztiek planto egingo balute? Egunerokoa gelditu edo geldotu, bietako bat. Bizitzako esparru guztietan emakumeek egiten duten ekarpena ikusaraziz, greba ereduak zabaldu nahi ditu martxoaren 8ak, eta deialdia emakumeei bakarrik egin diete, noski.

Horrela, bi lanuzte proposamen egin ditu Euskal Herriko mugimendu feministak: 11:00etatik 15:00etara bitartekoa bat, eta 18:00etatik 22:00etara bitartekoa bestea. Komertzioetako langileei, berriz, saltokia egun osoan ixtea nahiz eguneko uneren batean ixtea iradoki diete, grebarekin bat egiten dutela adierazi nahi dutenei.

Halaber, zaintza edo etxeko lanetan aritzen diren emakumeek ere izango dute beren aldarriak plazaratzeko aukera, eta jarraibide zehatzak proposatu ditu mugimendu feministak: beren egitekoak utzi, eta leiho eta balkoietan amantalak zintzilikatzera deitu dituzte emakumeak. Azkenik, ikasleak ere grebara eta mobilizazioetara deitu dituzte.

Martxoaren 8ak emakume langileen aldarriak biltzen baditu ere, 2018koa sistema osoa salatzeko eguna izango da. Horrela, greba feministak emakume eta gizonen arteko desberdintasunaren hainbat aurpegiri heldu nahi die: eredu ekonomikoari; indarkeria matxistari; arrazakeriari eta kultur patriarkalari nahiz estereotipoei.

Kontraesan koherenteak

Emakumeen Nazioarteko Eguneko greba deialdiak genero sistema bitarra baliatu du greba feminista antolatu eta artikulatzeko, emakumeak eta gizonak bereiziz. Genero aniztasuna errekonozituz, ordea, Euskal Herriko mugimendu feministak argitu nahi izan du, emakume izendapena erabiliko dutela antolakuntza politikorako: «Nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi, askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak ere bagaren».

Euskal Herrian hala gertatu ez bada ere, Espainian, adibidez, jarrera-talka txiki bat sortu du, martxoaren 8koa emakumeentzako deialdi hutsa izateak. CCOO sindikatuak beren papera «zaila» dela argudiatu du, azalduz, sindikatuek langile guztiei eman behar diela grebarako eskubide eta babesa; sindikatuaren arabera, langileek erabaki beharko dute zer egin, eta greba mistotzat jo dute hilaren 8koa, emakumeei protagonismoa emanez.

Horren harira, hilaren 8an gizonezkoek har lezaketen jarreraren inguruko iradokizunak ere zabaldu dituzte grebaren sustatzaileek. Beren arabera, parekidetasun ezaren eztabaidan gizarte osoak parte hartu behar du, bai, baina emakumeek aritu behar dute lidertzan. Horrenbestez, martxoaren 8an «hausnartzera» deitu dituzte gizonak, eta bigarren planoan geratzera.

Duela 43 urte, Islandia aitzindari

1975eko otsailaren 24an, Islandiako emakumeen %90 kalera atera ziren, parekidetasunaren alde aldarrikatzera; Reykjavik-en 25.000 emakume baino gehiago elkartu ziren manifestazioan. Herrialdea erabat geldiaraztea lortu zuten, bulegoak, etxeko lanak nahiz haurren zaintza utziz, eta banku, fabrika eta dendak itxi behar izan zituzten.

Egun hura mugarri bat bilakatu zen nazioarteko borroka feministan, eta Emakumeen egun librea deitu zioten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!