Elurrak harrapatuta, bigarren atala

Ataria 2018ko otsailaren 28a

Kaosa da nagusi Gipuzkoan. Elurtuta esnatu da eskualdea, eta arazoak eragin ditu errepideetan. Ondorioz, zenbait ikastetxek eskolak bertan behera utzi behar izan dituzte.

[Argazkiak biltzen ari gara. Zure herrikoa baduzu, bidali internet@ataria.eus helbidera edo etiketatu gaitzazu sare sozialetan, herria zehaztuz]

Tolosako Orixe Institutuak, Tolosako Herrikide ikastetxeak (Batxillergoan soilik), Zizurkil Goko San Millanek, Villabonako Erniobeak, eta Bidania-Goiazko Txinkorta eskolak, esaterako, ateak itxi dituzte elurtearen ondorioz.

Zabalik daude, besteak beste, Aduna, Altzo, Albiztur, Alegia, Abaltzisketa, Amezketa, Berastegi, Berrobi, Ibarra, Ikaztegieta, Irura, Elduain, Lizartza, Villabonako Fleming, Tolosako Samaniego, Herrikide (Haur Eskola, HH, LH eta DBH) eta Laskorain Ikastola.

Zubimusu Ikastolak, adibidez, zabalik ditu hiru eraikinak baina gurasoei abisua pasa diete, ahal dela, haurrak ez eramateko eskolara, irakasle falta baitago. Asteasuko Pello Errotan ere antzeko egoera dago: ikastetxea zabalik da bertaratu diren haurrentzat, baina ez da eskolarik emango, arratsaldera arte.

Trafikoan ere izan du eragina elurrak. Arazoak eragin ditu errepide sare nagusian. A15 autobidea guztiz itxi dute Andoain eta Nafarroa artean; N1ean ere auto pilaketa ugari izan dira, eta autobus zerbitzuak bertan behera utzi dituzte. Zizurkil Goiko errepidea, esaterako itxi egin dute, udaltzainek errepidea ireki bitartean.

Trenbide sarean ere arazoak izan dira. Goizean goizeko zerbitzuak izan badira ere, orduek aurrera egin ahala atzerapenak izan dira tren batzuetan, Donostiara bidean gehienbat.

Herri lanetako langileak goizaldetik ari dira kaleak garbitzeko lanetan. Bien bitartean, Segurtasun Sailak arretaz jokatzeko eta errepidea ekiditeko dei egin du.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!