Naia Amondarainek Pistako Espainiako Kopa irabazi du

Asier Imaz 2018ko otsailaren 21a

Tolosako Limousin Oriako Txirrindulari Eskolako Iñaki Murua eta Julen Dorronsorok hirugarren postua lortu dute.

Abenduan hasi ziren Espainiako Kopa jokatzen, eta hiru jardunaldi jokatu dira geroztik. Azkena, otsailaren 10-11ko asteburuan izan zen, Mallorkan. Limousin Oriako taldeko txirrindulari ibartarrak hiru probetan parte hartu du, eta horietan lortutako puntuei esker, Espainiako Kopako txapeldun geratu da.

Tolosako taldeko beste bi txirrindulari gazte ere maila oso onean ibili dira. Hauek azken jardunaldian bakarrik parte hartu zuten, hau da, Mallorkakoan. Pistako jardunaldi bakoitzean lau proba jokatzen dira: scratch, kanporaketa, puntuaketa eta tempo deiturikoa. Iñaki Murua eta Julen Dorronso, euren mailan, hirugarren postuarekin itzuli ziren eskualdera. Ez da kasualitatea izan hirugarren jardunaldian lortutako emaitza, biak ala biak denboraldi borobila egiten ari baitira.

Iñaki Murua altzotarrak Biorecar pista saria irabazi du eta Naia Amondarainek egin bezala, Gipuzkoako Txapelketan bigarren geratu zen.

Ibartarra, altzotarra eta Julen Dorronsoro albizturtarrak Gipuzkoako selekzioa beste hainbat probetan ordezkatu dute. Adibidez, Amondarain eta Dorronsoro Bordelen izan dira, eta Murua, Portugalen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!