Hitzaldi bira antolatu dute Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkinen aurkako epaiketa salatzeko

Tolosaldeko Ataria 2018ko ots. 20a, 12:02

Angula ustelak, zer gertatzen da Euskal Erregimenari aurre egiten badiozu? izenburua eramango du hitzaldi birak eta herrian herriko eragileekin elkarlanean antolatu du Gipuzkoa Zutikek. Zizurkilen apirilaren 5ean, Alegian maiatzaren 9an eta Anoetan ekainaren 15ean izango dira hitzaldiak.

2018ko irailean epaituko dituzte Ainhoa Intxaurrandieta, aurreko legealdian Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakaria izandakoa eta Iñaki Errazkin, garai horretan Ingurumen diputatua zena. 2013. urteko azaroan Zubietako erraustegiko lanak gelditzeko GHK-k, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta enpresa eraikitzaileek akordio historikoa sinatu zuten. Erabaki horrengatik zigortu nahi dituzte eta ondasun pertsonaletatik 100 milioi euro eskatzen dizkiete.

Hitzaldi biraren antolatzaileek uste dute epaiketa honek mugarri "oso arriskutsua" jarriko duela: "Erakusten du ezin dela erregimenaren eredua zalantzan jarri. Beste eredu bat nahi duten herritarrek hauteskundeak irabaztea lortzen badute ere, eta milaka milioiko zorra dakarten proiektuak alferrikakoak direla frogatzen badute ere, negozio horiek ezin dira ukitu. Bestela zureak egin du".

"Euskal Erregimena" deitzen diotenak nola funtzionatzen duen erakutsiko dute hitzaldietan. "Lapurtutako ordenagailuaren eta suntsitutako dokumentazioaren kasuak, bankuekin egindako tratu absurdoa, enpresen txostenak idatzi zituzten funtzionarioen kasua, beharrezkoa ez den gastu publikoa justifikatzeko gaindimentsionatutako datuak... Diru publikoa betikoen esku pribatuetara pasatzeko mafiaren jokamoldea da".

Gipuzkoa Zutikek gertatzen denaren inguruan informazioa ematea da hitzaldi sortaren helburua, herri gogoeta eta eztabaida egitea, erakunde publikoetan politika egiteko moduez. Intxaurrandieta eta Errazkini herritarren babesa adieraztea ere bada bira honen helburua. Intxaurrandieta bera eta Igor Meltxor kazetaria izango dira hizlariak herriz herri. Oraingoz 35 herrietan antolatu dituzte saioak eta hitzaldia bere herrian edo auzoan antolatu nahi duenak, honako helbidera idatzi dezake mezua: angulaustelak@gmail.com.

Tolosaldeari dagokionez, Zizurkilen apirilaren 5ean, Alegian maiatzaren 9an eta Anoetan ekainaren 15ean izango dira hitzaldiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!