Gezurrak atertu arren orbainak bistan jarraitzen du 15 urtera

Jon Miranda Labaien 2018ko ots. 20a, 09:44

'Euskaldunon Egunkaria' itxi eta biharamunean 'Egunero' mantxetarekin atera zen kalera egunkari nazionala, garai hartan eskualdean aritu zirenek hitz egin dute pasatakoaz.

2003ko otsailaren 20ko goizaldetik otsailaren 21ekora gauza asko gertatu ziren 15 kilometroko distantzian. Andoainen egoitza zuen Euskaldunon Egunkariaindarrez itxi zuen Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Audientzia Nazionaleko epailearen aginduz. Ordu gutxi behar izan zituzten itxitako kazetako langileek berrantolatu eta hurrengo eguneko egunkaria prestatzeko. Gure eskualdean argitaratzen zen Tolosaldean Egunero-k Tolosako Araba etorbidean zuen erredakzioa «okupatu» eta hurrengo goizean kioskoetan egongo zen euskarazko egunkari nazionala prestatzeari ekin zioten. Eskualdekoek, Nafarroa etorbideko Galtzaundi euskara elkartearen egoitza hartu eta han prestatu zuten Tolosaldeko euskarazko egunkariaren otsailaren 21eko alea, fotokopia bidez zabaldu zena eta Galtzaundi izena eraman zuena.

Euskal Herri osora zabaldu zen lehen Egunero haren zuzendari gisa ageri da Joxemi Saizar tolosarra: «Ni nintzen Tolosaldean Egunero-ko zuzendaria eta Euskaldunon Egunkaria itxi ondorengo lehen ale hura izenpetzea eskatu zidaten. Gehiegi pentsatu gabe eman nuen baiezkoa, nahiz eta Andoaingo lantaldeak egin zuen osorik eta nik ez nuen zuzendu. Lagun batek esaten du, txantxetan, historiako euskarazko egunkari salduenaren zuzendari izan nintzela». Amorruaren ondorioz izugarri saldu zen Egunero-ren ale hura.

ITXIERAGATIK HASERREA 

Amorruarekin batera, kezka eta harridura nagusitu ziren otsailaren 20ko lehen ordu haietan. Maider Jauregi alegiarra, momentu hartan, Tolosaldean Egunero-ko kazetaria zen eta bere esanetan, denborak erakutsi du, emandako erantzunaren balioa zenbatekoa izan zen: «Horrelako shock egoera batean paralizatuta geratzea da aukeretako bat, eta tamaina horretako eraso baten aurrean erreakzio nahiko humanoa da hori. Beste aukera, egoerari aurre egin eta aterabide bat bilatzea da. Zorionez gai izan ginen erantzun azkar eta eraginkor bat emateko».

Egun haiek intentsitate handikoak izan ziren eta une batzuk lausotuta eta beste batzuk oso presente gogoratzen ditu Jauregik. Gogoan du, nola Tolosako erredakzioan eta taldean bizi izan zituzten Andoainen gertatzen ari zirenak eta nola egin zioten talde-galdera euren buruari: «Zer egin ote genezakeen gertatzen ari zenaren aurrean erantzun bat eman ahal izateko». Berehala jakin zuten nola jokatu: Egunkaria-ko langileei harrera egin zieten erredakzioan eta haien esku utzi zituzten azpiegiturak, hurrengo egunean euskarazko egunkari nazionala kalera atera ahal izan zedin.

Saizarrek gogoan ditu lehen egun haietan egin ziren bilerak, euskalgintzako kideek deituta Tolosako udaletxean eta nola mobilizazio ugari egin ziren kalean. Gertatutakoak are «inpresio handiagoa» eragin zion Garbiñe Mendizabal tolosarrari. Hilabete batzuk lehenago Tolosaldean Egunero-n aritu zen kazetari eta Ekuadorren zegoen 2003ko otsailaren 20an: «Egunkaria arrazoi politikoengatik nola ibili zuten ikusteak balio izan zidan konturatzeko zenbaterainoko garrantzitsua den euskarazko kazetaritza».

Amesgaizto bezala gogoratzen du Saizarrek duela 15 urte gertatutakoa. «Agerian uzten du zeinen erraza den akusazioak egitea eta horrek zer nolako mina eragiten duen, bai dirutan eta baita pertsonengan ere». Jauregik ere ez du uste egindako kalteak erreparaziorik izango duenik. Hala ere, injustizia hartatik irakaspen bat hautatuko luke kazetari alegiarrak: «Egunkariko langileek, arduradunek, euskalgintzak, eta oro har, euskal gizarteak emandako erantzuna irmoa, ausarta eta duina. Ezinezkoa zirudiena egin zuten eta egoerari buelta emateko determinazioa agertu zuten». Euskarazko egunkari nazionalaren proiektuak bizirik jarraitzen du, ez zailtasunik gabe, eta urteurrena egokiera aproposa izan liteke, Jauregiren ustetan, «irakurleon, euskaltzaleon eta herritarron sostengua adierazteko».

 

GAUR EKITALDIA MARTIN UGALDEN

Andoaingo kultur parkean, 12:00etan egingo da ekitaldia. Lander Garrok duela 15 urte gertatutakoaz eta etorkizunari begira egindako bideoa ikusi ahal izango da, eta Anari kantaria ere izango da bertan. Besteak beste, hitza hartuko dute Martxelo Otamendi 'Euskaldunon Egunkaria'-ko zuzendari izandakoak, Iñaki Uriak eta Joan Mari Torrealdaik, indarrez itxitako egunkariko kontseilari ordezkari eta administrazio kontseiluko lehendakari izandakoek, hurrenez hurren, eta Beatriz Zabalondo 'Berria' Taldeko lehendakariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!