Martxelo Otamendi: «Gorroto pertsonalik ez dut, baina bai egia onartzeko beharra»

Iñigo Terradillos 2018ko ots. 20a, 07:59

Asko sufrituarazi zutela azaldu du, eta ez dela inolako erreparaziorik egon: « Herritarren justizia jaso genuen, milaka norbanakorena».

Entzun hemen elkarrizketa:

Duela hamabost urte gertatutakoarekin «euskalgintza erasotu eta euskaldunok etorkizuna erabakitzea ekiditeko edozertarako prest daudela ohartaraztea» nahi zutela argi du tolosarrak.

Hamabost urte eta gero.

Zauria ez da itxi, asko sufrituarazi zigutelako guri, langileei eta ingurukoei. Jakin genuen behintzat buelta eman eta Berria taldea sortzen, Egunkaria baino indartsuagoa den komunikazio taldea sortzen.

Justiziaz eta erreparazioaz hitz egiten badugu?

Injustizia handi bat egon da. Egunkaria-ren itxiera injustizia handi bat izan zen, eta erreparaziorik batere ez zen egon. Kalte ekonomiko handia egin zioten Egunkaria enpresari eta erreparazio pertsonalik ez da egon. Kartzelaldiak, torturak, Egunkariaren itxiera, 150 langile kalera... sekulako sarraskia egin zuten, eta inork ez digu esan gaizki egin zutenik, gehiegizkoa izan zenik, ez dute esan eta ez dugu espero esango dutenik. Espainian estatu errepresioaren biktimekin ez dute hori egiten. Guk herritarren justizia jaso genuen, euskaltzaleena, erakunde publikoena, sindikatuena, alderdi politikoena eta milaka eta milaka norbanakorena.

Nola kokatu gertakari haiek?

Bi euskalgintza daude, instituzionala, erakunde publikoek osatzen dutena, eta bestea, zibila edo soziala. Azken hori kriminalizatu nahi izan zuten, eta helburu horrekin itxi zuten Euskaldunon Egunkaria. Inork espero ez zuena egin zuten. Gu erabili gintuzten jendeari beldurra sartzeko, eta bide batez, euskalgintza soziala kriminalizatzeko. Haiek bazekiten guk ez genuela ETArekin loturarik. Operazio haren barruan Arantzazura joan eta ixteko aukera ere bazegoen. Arantzazura abiatu ziren, baina, Aranda de Dueron zirela buelta eman zuten. Ibarretxe Plana agenda politikoan zegoen, baita autodeterminazio eskubidea eta gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea ere. Madrilgo Gobernuak euskal jendartea ohartarazi nahi zuen, hori guztia eragozteko edozer gauza egiteko prest zegoela erakutsiz.

Duela hamabost urteko egun haietara bueltatzea zail egingo zaizu.

Gordeta ditut, baina, urrun daude irudi haiek. Gaia ateratzen ez badidate ez naiz gogoratzen gertatu denik ere. Beste lankide batzuk, ordea, tratamendu psikologikoa ere jaso beharra izan zuten.

Zer irudi etortzen zaizkizu burura?

Gogoratzen dut nola bezperan Azpeititik hitzaldi bat ematetik Tolosara nentorrela zelatatzen ari zitzaizkidan, etxean sartu zirenean, lanean sartu zirenean, lantokitik atera eta ehunka lagun protestan ikusi nitueneko irudiak, Madrilen horma baten kontra eduki nindutenekoak, galdeketetan mendiko buruko batekin, beste atxilotuak ikustean, epailearen aurretik pasatzean... Irudi asko daude.

Bost egun inkomunikatuta, eta hiru torturapean.

Bai. Lehen hiru egunetan torturak eragin zizkidaten, eta hurrengo bietan bakean utzi ninduten. Kazetaria naizela, kazetariok eskubide batzuk onartuak ditugula legedian esan nien, eta ez nuela zertan deklaratu. Segituan esan zidaten hura Guardia Zibila zela, eta ahazteko bestelako eskubideez. Bost egun iraungo zuen bidaia zela esan zidaten eta egunetik egunera gogorragoa izango zela. Eta, hala izan zen, egunetik egunera tratua ankerragoa eta bortitzagoa izan zen. Hiru egunez eduki ninduten zutik eta tarteka eserita, lorik egin gabe horma zuri bati begira. Bortxakeria handituz doa eta azkenean bukatzen dute zure buruan plastikoa jartzen itotzeko, pistola buruan jarri eta klik eginez, bejazio homofobikoak eginez... presioa egiteko. Lehen egunean nahi dutena esanez gero niretzat hobe izango zela jakinarazi zidaten, gainerantzean hantxe jarraituko nuela. Eta, han guztiek kantatzen dutela esan zidaten. 

Atxilotu gehiagoren berri bazenuen orduan?

Une batean jakin nuen Joan Mari Torrealdai atxilotu zutela. Gainera, Fermin Lazkano nire ziega berean zegoen. Baina bera iskin batean zegoen eta ni bestean eta ezin genuen elkarri begiratu ere egin. Azken batean galdeketa horietan nahi dutena da zu haien esku trapu zahar bat zarela sentitzea. Sumisio jarrera bat duzu eta bete egiten dituzu haien aginduak.

Zer sentitzen da krudelkeria hori guztia egin dizutenengatik?

Guardia Zibilari buruz eta Espainiako poliziari buruz nuen irudia ez zuen aldatu. Berretsi egin zuen iritzia. Ez daukat gorroto pertsonala, baina, bai justizia egiteko gogoa eta egia publikoki onartzeko nahia eta beharra. Ni torturatu ninduten guardia zibilak estatu egituraren tresna dira, eta estatu egiturek bedeinkazioa eman diote torturari, tortura ezarri dute lanerako metodo moduan.

Prozesua bera ere gogorra izan zen.

Prozesuak absoluzioaren sententzia iritsi arte zazpi urte iraun zuen. 14-16 urte bitarteko kartzela zigor eskaera ETAko kide izan eta zuzendaritzako kide izatea leporatuta. Gure etorkizun pertsonala arriskuna zegoen. Fiskalak ez zuen akusatu, eta epaiketa bide horretatik joanda ondo aterako zenaren itxaropena genuen. Absolbitu egin gintuzten, eta ondorioz, baita Egunkaria-ren jarduna bera ere. Gure torturen salaketaren sinesgarritasuna jokoan zegoen, eta Europako epaitegiak zilegitasuna eman zion.

AVT Espainiako biktimen aldeko elkartea akusazio popularra izan zen. Bertako kideren batekin izan al duzu hitz egiteko aukera?

Epaiketaren azken egunean, auzitegiaren kanpoaldean elkarteko abokatuari galdetu nion ea benetan sinesten ote zuen gu erakunde armatu bateko kide ginenik. Ezetz erantzun zidan, baina, bakoitzak bere papera egin behar duela. 

   
Biktima guztiak ezin direla maila berean kokatu diote batzuk.

Biktima guztiok merezi dugu egia, justizia eta errekonozimendua. Tortura jasan duenak bere tortura salaketak ikertzea merezi du. Biktimak biktimak dira, eta eskubideak unibertsalak dira, zatiezinak eta baldintzaezinak.


2012ko urriaren 16an Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen zure tortura salaketak ez zituelako behar bezala ikertu.

Gure salaketa behar diren berme judizialekin ez ikertzeagatik Espainia kondenatzea lortu genuen. Espainiari, dena den, oso merke ateratzen zaio torturatzea, ez zaio inporta zigortu izana, ordaintzen du eta kito.

Zer lortu zuten?

Min handia egitea. Baina, kontrara bueltatu zitzaien kolpea jende asko joan zelako manifestaziora eta ondorengo mobilizazioetara. Jendearen indarrarekin trantsizio egunkari bat egitea, eta Berria sortzea lortu zen, indar handiagoa duen egunkaria, jende gehiagorekin, modernoagoa, erreferenteagoa...

Gaur egun horrelako gertakari bat imajinatu al dezakegu?

Itxi zuten bezperan galdetuko bazenit ezetz erantzungo nizuke. Ez genuen espero eta imajinatzen inondik inora. Gaur egun ekinbide judizial batetik Berria ixtea posible den galdetuta erantzungo nuke ez direla horretarako elementuak ematen, 2003an ere ez zirelako ematen. Baina, ikusi dugu Katalunian ere zer egin duten, eta edozer gauza egiteko gai dira. Garai batean ETAren aitzakia zuten. 2003a eta 2004 bitarteko urtebeteko epea izan zuen alderdi popularrak eta ez zuen itxi Berria. Eta jakin genuen sozialistak ez zeudela gustura gertatu zenarekin, beraz, ez zitzaien burutik pasako Berria ixtea.

Euskarazko egunkariak ez zuen etenik izan.

Egunkaria itxi zutenean langileek batzar bat egin zuten eta bi helburu jarri zituzten: mundu guztiari jakinaraztea zer gertatu zen, eta euskarazko egunkari bat argitaratzea egun hartan bertan, nolabait erantzuteko Auzitegi Nazionalari beraiek ez direla nor euskara egunkaririk gabeko uzteko. Tolosaldean Egunero-ren egitura erabiltzea erabaki zen egunkaria argitaratzen jarraitzeko. Errekonozitu behar da Egunkaria-ko langileen eta Egunero-ko langileen konpromisoa eta ausardia, arrisku handia hartu baitzuten euren gain.

Zer oihartzun eta babes izan zuen Euskal Herritik at 'Egunkaria'-ren itxierak?

Katalunian ikaragarria, katalanen eta euskaldunen harreman historikoaren ondorioz. Madrilgo ezkerreko sektoreetan oso ondo, eta baita, Valentzian, Balearretan, Galizian, Andaluzian... leku askotan. Ezkerreko jende asko mugitu zen, eskandalutzat baitzuten gertatutakoa. Nazioarteko prentsa garrantzitsuenetan eman zuten, eta elkarrizketak-eta egin zituzten. Nik ezin nuen irten, beraz, komunikabide garrantzitsuetako kazetari ugari etorri zen hona elkarrizketak egitera. Nazioartean ezin zuten sinetsi Europan egunkari bat itxi zitekeenik, eta are gutxiago zuzendaritzako kideak torturatu zitezkenik.

Horrelako une gogorrak bizi eta gero nondik ateratzen da indarra euskarazko egunkariaren zuzendaritzarekin jarraitzeko?

Pasta bereziko jendea duzunean inguruan, eta ikusi duzunean itxi eta hurrengo egunean egunkari bat argitaratzeko gai izan direla, derrigortuta zaude jarraitzera. Gertatutakoa eta gero, horrelako jendearekin oso urrutira hel zaitezkeenaren konfidantza duzu. Ekainean 15 urte beteko dira Berria sortu zenetik, eta gure erronka da aldaketa teknologikoak ematen diren aldiro lehendabiziko lerroan egon behar duela euskarak gure bidetik Ataria eta beste komunikabideekin batera.

Zure tortura salaketak eta torturen salaketetan Espainiari jarritako zigorrak zer ondorio ekarri zituen?

Zoritxarrez herri honetan torturatu asko daude. Pako Etxeberriaren lantaldeak lau mila inguru zenbatu ditu, baina, hamar mila inguru izan daitezkeela esaten ari dira. Tortura mugarri batzuk ere badira Anparo Arangoa edo Joxe Arregi, kasu. Gurea izan daiteke mugarri pertsona publikoak garelako. Jendea konturatu zen ez dituztela torturatzen ETAko kide edo ustezko kideak edo kale borrokan atxilotutakoak soilik. Balio izan zuen jende askok begiak irekitzeko torturen inguruan. Gu torturatzeko gai izan badira beste edonor torturatu dezaketenaren ustearekin geratu zen jende asko.

Zergatik da beharrezkoa gaurkoa bezalako urteurrenean gertatutakoa kontatzea? 

Komeni da gogoratzea, asko jasanarazi zigutelako, jende askoren babesa eta maitasuna jaso genuelako eta komeni da adinagatik bizitu ez zutenek zer gertatu zen jakiteko. Jendearen babesagatik atera ginen. Donostiako manifestaziora hainbeste jende joan izan ez balitz auskalo zer egingo zuen gobernuak Egunero-rekin, gurekin, Auzitegi Nazionalak zigor eskaerekin... Jasanarazi zigutena gogoratzea bezain garrantzitsua da jendeak eman zigun babesa eskertzea. Oso eskertuta eta zorpetuta gaude.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!