Tolosaldea Bus enpresako langileak greban daude urtarrilaren 27az geroztik. Hiru asteko lanuztea iragarri zuten, otsailaren 18ra artekoa, hain zuzen. Inauteriak bete-betean harrapatu ditu grebak, eta hori dela eta, gaueko zerbitzu berezirik ez da egongo aurten.
Tolosako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, zerbitzuak ezartzeko eskaera egin zioten Eusko Jaurlaritzari, baina honek baztertu egin du eskaera. Mugikortasuneko diputatu Marisol Garmendiak adierazi duenez, “zerbitzua eskaintzen duen enpresako langileek greba egiteko duten eskubidea erabat errespetatuta ere, uste dugu Lurraldebusen hiriarteko gaueko garraio publikoa eskaini behar dela, eskatu genuen bezala. Izan ere, Tolosako Inauterietara eskualdeko pertsona asko joaten direla kontuan hartuta, beharrezkoa da, bide-erantzukizuneko eta bide-segurtasuneko arrazoiak direla eta, gaueko zerbitzu bereziak ezartzea".
Mugikortasun Departamentuak, zehazki, otsailaren 8tik 13ra bitarte Lurraldebusen Tolosaldeko hiru lineetan gaueko zerbitzu bereziak ezartzeko eskatu zuen. Eskaera hori, nolanahi ere, eskualdeko herrietatik Tolosara joaten diren pertsonen kopuru handia kontuan hartuta egin da, ibilgailu pribatuaren erabilerak dakartzan arriskuak ahal den neurrian saihesteko eta segurtasuna hobetzeko, batez ere, Garmendiak gogorarazi duenez, “eskualdeko udalerri gehienetan, garraio publikoari dagokionez, Lurraldebusez bestelako alternatibarik ez dagoela kontuan hartuta".
Nolanahi ere, Eusko Jaurlaritzak Aldundiaren eskaera baztertu ondoren, Mugikortasun Departamentuak gaueko zerbitzu bereziak eskainiko ditu Inauterietan, grebak eraginpean hartu gabeko lineetan, hots, Tolosa eta Irura, Villabona, Andoain, Lasarte eta Donostia lotzen dituen T5 linean eta Tolosa eta Donostia lotzen dituen T5D linean.