Tolosaldea Bus Greba

[GUTUNA] Lan baldintza duinak lortzeko, denon borroka beharrezkoa delako

Lore Agirre Zipitria 2018ko ots. 7a, 18:54

Lore Agirre Zipitria, Tolosako EH Bilduko zinegotziaren gutuna Tolosaldea Bus-eko lan gatazkaz.

Azken denboratan, puri-purian ditugu Tolosaldean lan-gatazkak. Osasungintzan, garraioan... Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten hurbileko sektore hauetan, hilabeteak daramatzate langileak lan-baldintza duinak aldarrikatuz eta enpresaburuei negoziatzeko mahaian eseri daitezen eskatuz. Gutxieneko eskakizun hori ere lortu ezinda, greba egiteari ekin diote.

Zentzu horretan eta tartean diru publikoa, gu guztion dirua egonik, EH Bilduko kideok, ezinbestekoa ikusten dugu ordezkari publikoon bitartekaritza.

Hori horrela, oraingoan, Tolosako Udalean ordezkaritza dugun alderdi politikoetako kideoi Tolosaldea Bus enpresako langileekin biltzea egokitu zaigu.

Badirudi gai honetan, alderdi guztiok norabide berera zuzenduta gaudela, langileek eskatzen dituzten baldintzak sektore bereko beste langileengana hurbiltzen hasteko pausuak besterik ez baitira.

Alkateak ere, onartu zuen, guk proposatuta, Marisol Garmendia, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuarekin zubi lanak egitea.

Hala ere, gure harridurarako Tolosako udal gobernuak, langileak greban daudela jakinik ere, inauterietarako zerbitzu «minimoak» eskatu ditu. Hori onartezina da. Inauterietan Tolosaldea Busek eskaintzen dituen zerbitzuak, aparteko zerbitzu bereziak baitira. Gure ustez zerbitzu «minimoak» eskatzea, langileen eskubideen aurkako eskaera da, eta beraz, eskaera hori bertan behera uztea eskatzen diogu Tolosako alkate, Olatz Peoni.

Badakigu, langileez gain, egun hauetan gertatzen ari den bezala, azken erabiltzaileak sufrituko dituela ondorioak. Baina horrek konponbide erraza du: Tolosaldea Buseko zuzendaritza negoziazio mahaian esertzea. Tolosaldeko herritar guztiok, langileak zein erabiltzaileak, merezi dugun zerbitzua izan dezagun, langileek eskatzen duten moduan, hitz egitea eskatzen dugu guk ere. Eta bitartean, langileak babesten jarraituko dugu, guztiok lan-baldintza duinak izatea denon borroka baita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!