Gipuzkoako Foru Aldundiari bitartekari lanak egin eta negoziazioa errazteko ezinbesteko papera joka dezan eskatu dio Tolosaldeko EH Bilduk. «Ematen ez diren zerbitzuak ez ordaintzeko» ere galdegin dio Marisol Garmendia, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuari. Bide batez, zerbitzuak dituen gabeziak konpondu asmoz, «indarrean dauden Tolosaldeko autobus zerbitzuaren pleguak zorrotz aztertu eta betearazi ditzala», esan dio koalizio abertzaleak Aldundiari. Tolosaldea Buseko zuzendaritzari negoziazio mahaian esertzea ere eskatu dio, «denen artean Tolosaldeko herritarrentzat ahal den zerbitzu hoberena bermatzeko».
Greban dauden Tolosaldea Buseko langileei «babesik sakonena» adierazi die koalizio abertzaleak. Zerbitzuen bikaintasuna eta bertako langileen lan baldintza duinak, «denon borroka» direla uste du EH Bilduk eta Tolosaldeko alkate eta hautetsiei dagokiela «zubi lanak» egitea.
Urtarrilaren 27tik greban dira Tolosaldea Buseko langileak eta haiekin bildu berritan egin du irakurketa eskualdeko EH Bilduk. «Badirudi gai honetan, alderdi guztiok norabide berera zuzenduta gaudela, langileek eskatzen dituzten baldintzak sektore bereko beste langileengana hurbiltzen hasteko pausuak besterik ez baitira». Enpresako arduradunei negoziatzeko mahaian eseri daitezen eskatu diete langileek, baina gutxieneko hori lortu ezinda, greba egunei ekin diete. Printzipioz, otsailaren 18ra arte mantenduko dute protesta eta tartean mobilizazioak burutuko dituzte langileek.