Kaldereroak, bost herritan

Rebeka Calvo Gonzalez 2018ko ots. 1a, 16:54

Hungariako kaldereroek ez dute hutsik egingo. Tolosako inauteriak hastear diren honetan, jaiak badatozela iragartzeko kalejirak egingo dituzte Tolosaldeko herri bat baino gehiagotan.

Ostiralean eta larunbatean entzungo dira zartagin hotsak eskualdean. Tolosako Kaldereroak ohi bezala, larunbatean izango dira protagonistak, baina lehenago Ibarra, Irura, Anoeta eta Zizurkilera ere iritsiko dira. Kaldereroekin hasten da atzera kontaketa, Ostegun Gizena hortxe dagoela ohartzeko moduko zalaparta ateratzen baitute Hungariatik etorritako kaldereroek.

Urteroko hitzordua eta urteroko errituala du atzean Kaldereroen egunak. Trapu zaharrak atera, urre koloredun bitxiekin apaindu, beltzez pixka bat zikindu eta kalera, zartagin edo lapikoak astintzera. Eskualdean zizurkildarrak izango dira goiztiarrenak; ostiralean 15:15ean aterako dira Pedro Mari Otaño ikastetxekoak kalejira egitera. Eskolako aparkaleku barruan ibiliko dira lehenik, eta handik Azken Portu, Pagamuño plaza eta Bulandegi kalea pasata, Joxe Arregi plazan bukatuko dute kalejira, 16:30ak arte.

Ostiralez aterako dira Ibarra, Anoeta eta Irurako kaldereroak ere. Loatzo musika eskolakoen laguntza izango dute eta hauek ere herrian zehar egingo dute kalejira, inauteriak badatozela iragartzeko.

Iruran 18:30ean aterako dira kulturunetik, eta Anoetan ordu berean plazatik. Ibarran ordu erdi lehenago hasiko dira, plazan elkartuta.

Tolosan berriz, larunbatez ospatuko dituzte Kaldereroak. Goizean erraldoi eta buruhandiak aterako dira eta Aiz-Orratz txaranga ere aterako da. Haur jaialdia eta gero 19:00etan aterako da Kaldereroen konpartsa. 23:30ean izango da Incansables txarangaren kalejira.

KALDEREROAK

Otsailak 2, ostirala

ANOETA

18:30. Plazatik abiatuko dira kaldereroak.

IBARRA

18:00. Kaldereroen irteera San Bartolome plazatik, txarangaren laguntzaz.

IRURA

18:30. Kaldereroen kalejira.

TOLOSA

19:30. Udal Musika Eskolako ikasleen Kaldereroetako kontzertua Topic zentroan.

ZIZURKIL

15:15. Pedro Mari Otaño ikastetxekoen kalejira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!