Zazpi Iturriren ordua iritsi da

Ataria 2018ko otsailaren 1a

Tolosako Beotibarren Euskal Herriko Pilota Elkarteen arteko txapelketaren finalerdia jokatuko du Amezketako elkarteak, 17:30ean, Buruzgainen aurka.

Nazio mailako txapelketaren IV. edizioa finalaren atarian da. Irurtzunek lortu zuen joan den igandean lehen txartela. Bigarrena, igande honetan erabakiko da.

Zer gertatuko den asmatzea oso zaila dago, bi elkarteetako pilotariek maila handia erakutsi baitute txapelketan zehar. Kantxara aterako diren pilotariak nortzuk izango diren jakitea ere ez da erraza, aukera desberdinak baitituzte elkarteetako arduradunek. 

Lehen partidan, lau t ́erdikoan, Zazpi Iturritik Zubiriak jokatzea espero da. Buruzgainetik, berriz, Astiz izan daiteke aukeratua. Partida gogorra eta lehiatua espero da. Zubiriak tantoa azkar eta erraz bukatzeko gaitasuna dauka, eta Astizek fisikoa eta kolpea.

Bigarren partida frontoi osoan izango da, banaka. Eskualdeko ordezkaria Ioritz Egiguren izan daiteke. Aurrean Otxandorena izango luke tolosarrak. Modalitate honetan bi espezialista dira. Otxandorenaren pilotakadak ezagunak dira pilotazaleen artean. Egiguren edozertarako gai den pilotaria da, eta ondorioz, partida izugarri gogorra izango da.

Binakako partidan erabaki daiteke kanporaketa. Peru Labaka-Aizpuru izan daiteke Zazpi Iturriko bikotea; Iriarte-Sarasa Buruzgainena. Afizionatu mailan aski ezagunak dira lau pilotariak, eta klase handiko partida izango litzateke; zer esan finalerako txartela jokoan baldin bada.

Txapelketaren antolatzaileek pilotazaleak gonbidatu dituzte igandean Tolosako Beotibar pilotalekura.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!