Eskualdeko 7 pilotari arituko dira Emakume Master Cup Txapelketan

Asier Imaz 2018ko urtarrilaren 25a

Maider Mendizabal eta Nagore Arozena joan den urteko finalean. Argazkia: emakumemastercup.eus

2018ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketan 100 pilotarik eman dute izena. 42 bikote promozio mailan ariko dira, eta zortzi lehen mailan.

Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, Araba, Errioxa, Katalunia, Aragoi, Valentzia, Asturias eta beste hainbat txokotako ordezkariek eman dute izena txapelketan. Tolosaldetik, berriz, zazpi pilotarik eman dute izena. 

Bi, lehen mailan ariko dira, Maider Mendizabal anoetarra eta Miren Larrarte bidaniarra. Beste bostak Promozio txapelketan jokatuko dute: Ainitze Labaien amezketarrak, Anne Maiza zizurkildarrak, Irati Otegi asteasuarrak, Maite Tolosa amezketarrak eta Maialen Ganzarain lizartzarrak.

Binakako txapelketa otsailaren 4an hasiko da, Gasteizen. Ogeta pilotalekuan eta Mendizorrotza Kirol Esparruko hiru pilotalekuetan jokatuko dira lehen kanporaketa horiek, bi mailetan.

Promozio mailan, kontzentrazio eran izango dira kanporaketak; hau da, hiruko sistemako multzoen bidez jokatuko dira. Horrela, bikote bakoitzak bi partida jokatu beharko ditu, gutxienez, eta multzo bakoitzeko bi onenak sailkatuko dira hurrengo kanporaketarako.

Lehen mailan, aldiz, lau bikotek osatutako bi taldetan lehiatuko dira pilotariak; eta lehenengo hiru onenak sailkatuko dira talde bakoitzetik.

Joan den urtean, Maider Mendizabalek Nagore Arozena lizartzarrarekin osatu zuen bikotea eta finala jokatzera iritsi ziren. Ezin, ordea, txapela eskuratu. Arrizabalaga-Etxaniz bikotearen aurka 22-14 galdu zuten.

EMAKUME MASTER CUP from Emakume Master Cup on Vimeo.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!