20 urte eta injustizia arrasto luzea

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 19a, 18:00

Urtarrilaren 4ean atera zen espetxetik Joxean Etxeberria, 18/98 auzian zigortutakoen artean azkena. 38 lagunek ehunka urteko kartzela zigorra jaso zuten eta ia bere osotasunean bete behar izan dute kondena.

Amaitu da 18/98 auzia, nahiz eta haren ondorioek bizirik jarraitzen duten. Akusazio sare zabalak sektore askotako herritarrak auzipetu zituen eta horietako askok kartzelarekin ordaindu dute hainbat arlotan agertutako konpromisoa. Tolosaldeko lau lagunek ere ezagutu dute espetxearen krudela eta kalera atera ondoren, guztiek nabarmendu dute, nahiz eta auzibidea amaitu, sumarioaren ondorioek bizirik jarraitzen dutela.

Joxe Mari Olarra

Billabonatarrak A Lamako (Pontevedra, Galizia) espetxea utzi zuen 2014ko azaroan. 18/98 auziaren barruan epaitu zuten, Xaki atalean, eta hasiera batean hamahiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzitegi Gorenak ondoren zortzi urte eta erdira jaitsi zion kondena eta beste auzi batengatik 20 hilabete preso prebentibo eman zituenez, aske geratu zen.

Jexux Mari Zalakain

Zortzi urteko espetxe zigorra bete zuen Santutxun bizi den tolosarrak, Egin-eko administrazio kontseiluko kide izateagatik zigortu ondoren. Dueñaseko (Palentzia, Espainia) espetxean egon zen preso eta 2015eko irailaren 27an atera zen. Irakaslea, kazetaritzan doktorea, euskaltzalea, idazlea eta kazetaria da. Espetxean egon zen bitartean, Herria 2000 Eliza aldizkarian idatzi zituen Espetxeko Kronikak. Kartzelatik ateratakoan, TOLOSALDEKO ATARIA-ri adierazpenak egin zizkion Zalakainek: «Egin-en itxiera urtetan eta urtetan luzatu den tragedia izan da, eta denok larrutik ordaindu dugu».

Mikel Egibar

2015eko maiatzaren 19an utzi zuen Zuerako (Aragoi, Espainia) espetxea, zazpi urte eta erdiak preso igaro ostean. Zizurkilen bizi den antiguatarra 18/98 auzian zigortu zuten, Xaki atalean. Auzitegi Nazionalak hasieran hamahiru urteko kondena ezarri zion, eta Gorenak aurrerago bederatzi urte eta erdira jaitsi zion. Egibarren senideek auto istripu larria izan zuten espetxera eginiko bisitatik bueltan zetozela, Zaragoza inguruan (Aragoi, Espainia). Bikotekideak eta semeak izan zituzten zauri larrienak.

Nekane Txapartegi

1999an atxilotu zuen Guardia Zibilak eta hilabete batzuk preso eman ondoren, aske utzi zuten. 2007an 18/98 sumarioan epaitu zuten, Xaki atalean. Epaiketa hartan asteasuarrak salatu zuen inkomunikazio aldian torturatu egin zutela, baina hala ere, torturapean egindako deklarazio horietan oinarrituta zigortu zuen Auzitegi Nazionalak. Espetxeratu aurretik, ordea, ihes egin zuen. 2015eko Espainiako ministro kontseiluak Txapartegi estraditatzeko eskaera egin zion Suitzako gobernuari eta handik 10 hilabetera, 2016ko apirilean atxilotu zuten Zurichen (Suitza). Ia urte eta erdi eman zuen behin-behinean preso, Espainiako gobernuak emandako agindua Suitzak noiz beteko zain. Espainiako Auzitegi Gorenak hiru urte eta sei hilabetera murriztu zion zigorra 2017ko otsailean. Irailean, berriz, Espainiako Auzitegi Nazionalak autoa kaleratu zuen esanaz era horretako delituek preskribatu egiten dutela zigorra ezarri eta bost urtera. Honenbestez, baliorik gabe gelditu ziren Txapartegiri jarritako zigorra, haren kontrako estradizio eskaera eta hura bilatu eta atxilotzeko agindua. 2017ko irailaren 15ean atera zuten Zuricheko espetxetik.

KRONOLOGIA

1997. Erakunde politiko eta sozial ugari ETAren aginduetara ari zirelako eta horrekin, haren parte zirelako kontakizuna sortu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko orduko epaileak. Dena da ETA esan zitzaion tesi horren lehen pausoa emana zuen 1997an Herri Batasunako Mahai Nazionala espetxeratzean.

1998. Uztailean Egin egunkariaren eta Egin irratiaren itxierarekin jarri zuen martxan sumarioa. Egunkari hori argitaratzen zuen Orain. S.A. enpresaren aurka jo zuen eta beste hainbaten aurkako ekinbidea ere hasi zuen, denek ETA diruz laguntzen zutela esanez.

2000. Ekinen kontrako operazioan 20 lagun atxilotu zituzten eta Xaki nazioarteko harremanetarako elkartearekin batera, ETAren «bihotz» jo zuen Auzitegi Nazionalak; Joxemi Zumalabe fundazioa erakunde armatuaren «laguntzaile jo zuen».

2005. Ahozko epaiketa hasi zen, sumarioa martxan jarri eta zazpi urtera. Auzia sekretupean izateak oztopatu egin zuen defentsako abokatuen lana, eta besteak beste, euskaraz deklaratzerakoan, oztopo ugari izan zituzten itzulpenekin. Auzipetuetako batzuk egindako tortura testigantzei, berriz, epaileak ez zien sinesgarritasunik eman.

2007. Abenduaren 19an iritsi zen Auzitegi Nazionalaren epaia: 525 urteko zigorrak ezarri zizkien 47 laguni. Akusatuek Auzitegi Gorenera jo zuten babes eske.

2009. Maiatzean eman zuen ebazpena Auzitegi Gorenak; auzipetu guztiei murriztu zizkien zigorrak eta absoluzioa eman zien Joxemi Zumalabe fundazioko zortzi auzipetuei. Epaiaren berri eman aurretik hasi ziren Espainiako Polizia eta Guardia Zibila aske zeuden zigortuak atxilotzen.

2018. Urtarrilaren 4an geratu zen aske azken auzipetua, Joxean Etxeberria.

 

38 AUZIPETUTAKOAK

Orain. Xabier Alegria (12 urte eta 9 hilabete), Jose Luis Elkoro (8), Carlos Trenor (10,6), Jabier Salutregi (7,6), Teresa Toda (6), Manuel Intxauspe (7,8), Isidro Murga (8), Patxi Murga (8), Jexux Mari Zalakain (8), Pablo Gorostiaga (7,8), Xabi Otero (1,10), Iñaki Zapian (1,10).

Ekin. Txema Matanzas (10,9), Ruben Nieto (10,9), Juan Mari Mendizabal (8,6), Xabier Arregi (7,6), Paul Asensio (7,6), Xabier Balanzategi (7,6), Iker Casanova (7,6), Olatz Egiguren (7,6), Imanol Iparragirre (7,6), Patxi Gundin (6,9), Ana Lizarralde (7,6).

Enpresak. Joxean Etxeberria (12), Bixente Askasibar (8,6), Bigarren Ibarra (8,6), Iker Beristain (7,6), Imma Berriozabal (6,9), Joxe Garcia Mijangos (7,6), Joxean Diaz (6,9), Juan Pablo Dieguez (6,9).

Xaki. Mikel Egibar (9,6), Elena Beloki (8,6), Joxe Mari Olarra (8,6), Miriam Campos (6,9), Nekane Txapartegi (6,9), Mikel Korta (7,6), Joxe Ramon Antxia (2).
Erlazionatuak

[GUTUNA] Ez da zikloa amaitu

Nekane Txapartegi 2018 urt 19 Asteasu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!