[GUTUNA] Ez da zikloa amaitu

Nekane Txapartegi 2018ko urt. 19a, 14:54

18/98ko azken auzipetua kalera atera ondoren Zurichetik iritzia eman du Nekane Txapartegi asteasuarrak.

18/98 makro prozesua espainiar estatuak euskal disidentziaren aurka Garzon epailearen eskutik abiatutako estrategiaren gailurra izan zen. Bertan eman zuten beste jauzi errepresibo eta ideologiko bat Euskal Herriaren eraikuntzaren aurka, zetozen urteetako ibilbidea markatuko zuena eta gaur egun ere badirauena, Kataluniaraino ere hedatuz.

Gurekin eman zion hasiera espainiar salbuespen tribunalak neurrigabeko kondenen tonbolari. Hilabete luzez, goizeko ordu txikietan, oheak hutsak utziz, familiak eta lagunak atezuan, motxila bete kezka, hor joaten ginen furgonetetan Madrilera zezenak zezen plazara lez Audientzia Nazionalera, torturatzaileekin lidiatzera eta abian zen muntaia juridiko, polizial, politiko eta mediatikoa toreatu eta desmuntatzera. Iritsi eta atarian zain izaten genituen toreatzaile faxistak beraien ongi etorri «demokratikoekin», presxs vascxs camara de gas!! Elkartasuna kapote hartu eta hondarretara ea banderillak eta lantzak nondik zetozen...

Jakinaren gainean, erabakia jada hartua zegoela eta ezpata sartzen bukatuko zigutela, gure egitekoa argi genuen, zezen plaza hiltzaile hura gure borrokaren erakusleiho eta plaza bihurtzea. Hara eraman gintuzten ideiak defendatuz eta Tribunal de Orden Publiko frankistaren oinordeko den Audientzia Nazional espainiar hori deslejitimitizatuz. Batak bestearen atzetik, Euskal Herriko mugimendu sozial eta politiko desberdinen borrokaren defentsa egin genuen eta azkenik, bukaera emateko, espainiar estatuak sistematikoki euskaldunon aurka erabilitako torturaren salaketa ozena egin. Estatu terrorismoa babesten eta tortura legitimatzen dituen tribunalera torturatuon ahotsa eramatea lortu genuen.

Nik, torturatu eta ia 6 urtera, lehenengo aldiz, egin nuen epaile baten aurrean Tres Cantosen jasandako basakerien kontakizuna. Sendatu gabeko zauriak ireki eta kolonizatzaileen hizkuntzan, Guardia Zibilek nire gorputza beraien guda zelai bihurtu zutela kontatu nuen. Emakumeok komisariatan jasandako tortura sexista eta zapalkuntza bikoitza azaleratuz eta milaka euskaldunok pairatutako torturak agerian utziz. Ez zen erraza izan, baina lortu nuen, genuen. Inkomunikazio epean jasandako tortura latzen errelatoa egiteaz gain, torturatzaileei aurrez aurre zuek torturatu gaituzue esan nien, genien. Egin beharra neukan, horretarako aukera izan ez duten guztiengatik!

Halere, torturapean egindako deklarazioak oinarri eta berme juridikorik gabe ia 1.000 urteko espetxe zigorra jaso genuen. Horietako asko beteta eta urte luzeegietako espetxealdiaren ondoren azken epaikideak atera berri direnean inoiz baino beharrezkoago sentitzen dut Audientzia Nazionalaren desagerpenaren aldarria eta borroka. Gure askatasunarekin ez da 18/98ren zikloa ixten, epaiketa politikoak zuzentzen dituen salbuespen tribunalaren desagerpenarekin baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!